Irungo Emakumeen Etxeak salatu du posta elektroniko bidezko mehatxuak jaso dituela egunotan, eta Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du. Hargatik, atzo itxita egon zen egun osoan, eta arduradunek bertan behera utzi zituzten egin asmo zituzten jarduerak.
Emakumeen Etxeko arduradunek esan dute «inork» ezingo duela isildu euren jarduna, eta jakinarazi dute gaur irekita egongo dela gunea, betiere «segurtasun neurri egokiak» hartuta. Nolanahi ere, barkamena eskatu diete erabiltzaileei, gunea itxi izanagatik. «Barkamena eskatu nahi dugu aldi baterako itxiera honek Irungo Emakumeen Etxean programatutako jardueren ohiko funtzionamenduan sortu dituen eragozpenengatik», esan dute. «Eta berriz ere berretsi nahi dugu bizikidetzan, berdintasunean eta balio demokratikoen defentsan dugun konpromisoa».
Irungo Udalak ere publikoki gaitzetsi du gertatutakoa, eta esan du ez duela halakorik onartuko. «Gogor salatu nahi ditugu Emakumeen Etxearen aurkako mehatxuak eta gorroto delituak».