Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea egingo dute Hernanin

Migratzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute, eta hitzaldiak, dokumentalak eta erakusketa bat antolatu dituzte horretarako, besteak beste.

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista
Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2025eko abenduaren 4a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea egingo dute Hernanin, abenduaren 9tik 18ra bitartean. Hernaniko Udalak, Amher elkarte antirrazista eta feministak eta ZAS Zurrumurruen Aurkako Sareak egitarau zabala antolatu dute egun horietarako. Hitzaldiak, dokumentalak eta erakusketa bat izango dira, besteak beste. «Gizartean eta gure herrian azkenaldian ikusi ditugun jarrera arrazistei aurre egiteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu aldarrikapen horrek kalea hartzea», adierazi du Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak. «Hernanin daukagun aniztasuna aintzat hartzea dagokigu, baita Hernanira handik eta hemendik heldutako herritarrei ahalik eta harrera egokiena egitea ere».

Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteak iraun bitartean, memoriaren maindirea izendatu duten oihala josiko dute Kulturarteko Plaza Feministan. Antolatzaileek azaldu dute «ekintza kolektibo bat» izango dela, «migrazio politikek eraildako pertsonak oroitzea» izango duena xede —haien izenak josiko dituzte oihalean—. «Bizitza guztien aldeko memoria ariketa bat da», azaldu du Lekuonak. Hain zuzen ere, migratzeko eskubidearen aldeko martxa bat izango da azken egunean, 18:00etan, Zinkoenea plazatik hasita, eta orduan astinduko dute memoriaren maindire delakoa.

Filmak eta hitzaldiak

Abenduaren 10ean, Epe ertain eta luzeko migrazio joerak hitzaldia emango du Xabier Aierdi soziologoak, arratsaldeko seietan hasita, Kulturarteko Plaza Feministan. Abenduaren 12an, arratsalde osoko egitaraua antolatu dute leku berean: te hartzea, Sueños de viernes film laburraren proiekzioa, eta Youssef M. Ouled Rifeko kazetari eta ikerlariaren Arrazakeria eta antirrazismoa: Munstroa ezagutu, aurre egiteko hitzaldia izango dira. 

Abenduaren 15ean, berriz, harrera egingo diete aurten Hernanira bizitzera joandakoei. 17:30ean izango da ekitaldi hori, udaletxean. Hurrengo egunean, hilaren 16an, Exopia dokumentala proiektatuko dute, 18:30ean, Kulturarteko Plaza Feministan, eta filmaren gaineko solasaldia ere egingo dute ondotik.

Erakusketa bat ere izango da ikusgai —1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta, pertsona migratu eta arrazializatuengan urratzen diren eskubideak—, abenduaren 10etik 18ra, Urbieta kalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.