Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengoa osatzen duten hiru alderdi politikoek —EH Bildu, EAJ eta PSE-EE— N-I errepidearen auzia eraman dute gaur goizean osoko bilkurara. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote baliabide teknikoak jasoko dituen txosten bat osa dezala bederatzi hilabeteko epean, errepide horretan sortzen diren arazoak eta auto ilarak «modu eraginkorragoan» kudeatzeko.
N-I errepidean oso ohikoak bihurtu dira auto ilarak; izan ere, egunean istripu bat gertatzen da gutxienez errepide horretan. Ibilgailu ugari pasatzen dira handik, eta horrek hainbat arazo sortu izan ditu. Andoain da Gipuzkoako auto pilaketa handienak izaten diren gunea, 73.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen baitira handik egunero. «Foru aldundiari eskatzen diogu beharrezko mekanismo tekniko, administratibo eta protokoloak egokitu eta indartu ditzala trafikoaren segurtasuna eta arintasuna ahalik eta lasterren berreskuratzeko ibilgailuen ohiko mugikortasuna blokeatu edo oztopatzen denean istripuen, matxuren eta antzeko gertakarien ondorioz», esan dute hiru alderdiek. «Errepideko gertaeren kudeaketa eraginkorragoa bermatu dezala nahi dugu, sortzen diren oztopoak eta mugikortasun arazoak ahalik eta gehien arintzeko».
Foru aldundiko Bide Azpiegitura Sailak urte amaieran jakinarazi zuen ahaleginetan ari direla errepide horretako auto ilaren arazoa konpontzeko. Orain, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bederatzi hilabeteko epea eman diote konponbidea bilatzeko baliabide teknikoak sor ditzan. «Epe horretan aukera teknikoak aztertzeko txosten bat egin dezala nahi dugu, ondoren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako batzordean aurkezteko».