Naturkon naturaren kontserbaziorako Gipuzkoako sareak foru aldundiarekin zuen harremana eten du berriki. «Azken bi urte hauetan diputazioarekin izandako bileren balorazioa egin ostean, prozesu hori bukatutzat ematea erabaki dugu», adierazi du taldeak hedabideei igorritako ohar batean.
Bi arrazoi argudiatu ditu taldeak erabaki hori hartzeko: bilkurek naturaren kontserbazioan zuten eraginkortasun faltak eta foru erakundeak lurraldeko natur ondarearen eta biodibertsitatearen zaintzarako eta berreskurapenerako estrategiarik ez edukitzeak. «Estrategiarik, plangintza orokorrik eta aurrekonturik gabe ez diogu zentzurik ikusten bilerak egiteko adostutako dinamikari».
Naturkonek aldundiari egindako eskaera batzuk zerrendatu ditu oharrean, Kontserbazio Bereziko Eremuak kudeatzeko planak eguneratzea, esaterako. «Horretarako, ezinbestekoa da habitaten egoera ekologikoa ezagutzea eta helburu horretara behar adina giza baliabide eta baliabide ekonomiko bideratzea», dio. Uste du, gainera, parke naturaletako kudeaketa eredua aldatu beharra dagoela, biodibertsitatea kontserbatzeko eta lehengoratzeko.
Taldearen irudiko, foru erakundeak «egurgintzara» bideratu du basogintza politika, eta adierazi du horrek «zuhaitz landaketen erdiak baino gehiago gaixotzea» ekarri duela. «Basotik fundazioa sortu du aldundiak, baina kudeaketa intentsiboa aldatu beharrean, indartu egin du. Pribatizazioaren aldeko apustua egiten du hala, interes orokorra baztertuz». Hortaz, zera eskatzen dute, Basotik fundazioaren helburua «errotik» aldatzea eta basoak lehengoratzearen alde egitea.Â
Horretaz gainera, Naturkonek ezinbestekotzat du ehizaren eta arrantzaren kudeaketa «oinarri zientifikoak eredu gisa hartuta» gauzatzea, bai eta bi jardun horien gaineko segurtasun baldintzak bermatzea ere.
Biodibertsitatearen alde
Naturaren kontserbaziorako taldeak esan du biodibertsitatearekin duten konpromisoa betetzeko lanean jarraituko dutela, eta horretarako ez diotela aldundiari aterik itxiko, baldin eta «lankidetzarako benetako borondatea» erakusten badu. «Sortu ginenetik erakutsi dugun bezala, uste dugu Gipuzkoan biodibertsitatearen zaintza eta berreskurapena sustatzeko ekarpenak egin ditzakegula».Â
Hain zuzen ere, maiatzaren 22an, biodibertsitatearen alde Donostian egin asmo duten protestara deitu dituzte herritarrak. 10:30ean izango da, Uliako aparkalekuan.Â