Otsailaren 18an hasiko da Xabier Goñi zenaren omenezko pilota txapelketa, Zumarragan

Egungo pilotari profesionalen %75ek jokatu dute noizbait Goñiren omenezko torneoan, eta gora doa kopuru hori.

Xabier Goñi zenaren omenezko txapelketan aurten lehiatuko diren pilotariak, asteazkenean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. KIROLZALE
Xabier Goñi zenaren omenezko txapelketan aurten lehiatuko diren pilotariak, asteazkenean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. KIROLZALE
Miren Mujika Telleria.
Zumarraga
2026ko otsailaren 13a
10:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabier Goñi zenaren oroimenezko 34. pilota txapelketa jokatuko dute otsailaren 18tik apirilaren 1era bitarte, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Kirolzale enpresak eta Beloki pilota elkarteak antolatzen dute txapelketa, eta, kideek diotenez, «gazteak eta pilota» izan ziren Goñiren bizitzako bi ardatz nagusiak. Hain zuzen ere, hark egindako «lan bikainari aitortza» egiteko asmoz, elkarteak «erreferentziazko txapelketa» bat jarri nahi du gazteen eskura. Izan ere, elkartearen asmoa da Zumarragan eta inguruko herrietan pilotazaletasuna bultzatzea, eta, hortaz, egun «punta-puntan» dauden hainbat afizionatu bertatik bertara ikusteko aukera izango da txapelketan.

Antolatzaileek diote «primerako osagaiak» dituztela aurtengo txapelketa antolatzeko, aukera izango baita «kalitatezko» eta «maila handiko» partidak ikusteko. Izan ere, iaz zioten egungo pilotari profesionalen %75ek jokatu duela noizbait Goñiren omenezko torneoan, eta aurten azaldu dute kopuru hori gora doala. «Azken urtean debuta egin duten edo Aspera edo Baikora jauzi egin duten sei pilotari igaro ziren iaz torneotik: Xabier Rekalde, Unai Amiano, Unax Landa, Beñat Apezetxea, Beñat Zubizarreta eta Carmelo Loza».

Otsailaren 18an hasiko da txapelketa, asteazkenarekin, eta zazpi asteazkenetan jokatuko dira pilota partidak. Bi modalitatetan arituko dira: lau eta erdian, eta binaka. 19 eta 20 urte arteko promesek lau eta erdian jokatuko dute, eta 20 urtetik gorako pilotariek, berriz, binaka. Lehenengo lau asteazkenetan bi modalitateetako final-laurdenak jokatuko dira —otsailaren 18an, 25ean, martxoaren 4an eta 11n—; hurrengo bi asteazkenetan, finalerdiak —martxoaren 18an eta 25ean—, eta azken asteazkenean, apirilaren 1ean, finalak.

Eserlekuak erreserbatzeko aukera

Ohi den moduan, sarrerak merkexeago erosteko aukera emango duten abonuak salduko dituzte, 30 euroan —697-50 20 25 telefonora deituta edo kirolzale.eus webgunean sartuta erosi ahal izango dira—. Bestela, final-laurdenetako partidetako sarrerak 5 euroan salduko dituzte, finalaurrekoetakoak 7 euroan eta finalekoak 12 euroan. Zera da aurtengo txapelketarako prestatu duten berrikuntza: 30 euroko abonua erosten dutenek gogokoen duten eserlekua erreserbatu ahal izango dute. 

Izan ere, antolatzaileek esan dute Goñiren omenezko txapelketa «pilotazaleen komunitatearekin sozializatzeko ekintza bat» dela, pilotaz «konpainiarik onenean gozatzeko ekitaldia». Orain arte, baina, partidarik jendetsuenetan kasik ez zen aukerarik izaten konpainia horretaz gozatzeko, baina abonuek horretarako aukera emango dute. Gainera, lehenengoz, Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako kideek zuzenean joko dute azken jardunaldietan. Finaleko partidak etxetik ikusteko aukera ere izango da, Kirolzaleren Youtubeko kanalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.