Salatu dute iruzur egin diotela Donostian etxegabetu nahi zuten familia bati

Saretxek azaldu duenez, sendiak 1.500 euro ordaindu ditu sarrera gisa etxebizitza bat lortzeko, baina etxerik gabe geratu dira.

Saretxek urtarrilean egindako agerraldia, salatzeko Azorak hiru familia etxegabetu nahi zituela Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
Saretxek urtarrilean egindako agerraldia, salatzeko Azorak hiru familia etxegabetu nahi zituela Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 27a
18:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saretxe sindikatuak gaur salatu du Azorak Donostian etxegabetu nahi duen familia bati iruzur egin diotela, beste etxebizitza bat bilatzen ari zirenean. Aste honetan gertatu da. Antza denez, sendi horrek 1.500 euro ordaindu zituen sarrera gisa etxe bat eskuratzeko, baina aurkitu zuten eskaintza iruzur bat zen. «Horren ondorioz, etxebizitzarik gabe geratu dira, eta 1.500 euro horiek galdu dituzte», azaldu dute.

Saretxek dioenez, sindikatuko kidea da familia, eta azken urteetan Azoraren aurka borrokan aritu dira elkarrekin. «Zenbait garaipen lortu ditugu; besteak beste, etxegabetzea geldiaraztea, eta Azorak konpondu nahi ez zituen oinarrizko arazoei irtenbidea ematea». Hala ere, azpimarratu dute funts horren presioa «etengabekoa» eta «jasanezina» izan dela.

Salatu dute familia horri bi aldiz ukatu diotela etxe bat izateko eskubidea; alde batetik, Azora funtsaren presioaren ondorioz, eta, bestetik, etxebizitza iruzur baten biktima izan direlako. Hori «onartezina» dela diote, eta uste dute gertakaria ezin dela kasu bakantzat jo: «Etxebizitza salerosgai bat den bitartean, etengabe egingo dugu topo horrelako egoerekin. Putre funtsek eta errentadunek ito egiten gaituzte, eta iruzur egiteko erabiltzen dute jendeak etxea aurkitzeko duen premia». 

Horrelako egoerak berriro ez gertatzeko, Saretxek azpimarratu du espekulazioa eta errentismoa amaitu behar direla, etxebizitza «oinarrizko eskubide bermatua» izan arte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA