Scientia Schoolek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila salatu du enpresak Donostian (Karmelo) eta Bilbon (San Pedro) dituen ikastetxeak ixteagatik. Horrekin batera, enpresak Hezkuntza Sailari 17 milioi euro inguru erreklamatzeko legezko izapideak hasi ditu, bi ikastetxeekin egindako administrazio eta kontratu kudeaketek eragindako kalteengatik. Izan ere, iaz itxi zituzten bi ikastetxeak, eta langileek Jaurlaritzari egotzi zioten itxieraren erantzule izatea. Hainbat greba egun egin zituzten horregatik iazko maiatzean.
Scientia Schoolek ohar batean azaldu duenez, «Jaurlaritzarekin konponbide instituzional eta legal bat lortzeko urtebete baino gehiagoko alferrikako ahaleginen ondoren» hartu dute salatzeko erabakia, bai eta erakundeari eta bertako langileei «kalte larria» eragin dieten zenbait jarduerari erantzuteko ere.Â
Scientia School enpresak orain dela sei urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea, eta iaz itxi zuten. Langileen arabera, ez zuen «inolako irtenbiderik» proposatu galduko ziren lanpostuen gainean. Enpresak, gainera, prozesuari buruzko «informazioa eta dokumentazioa» ezkutatu dituela ere salatu izan dute. Are, eskola ixteko erabakiaren atzean «negozioa egiteko asmoa» zegoela ere salatu dute behin baino gehiagotan, eta neurriak eskatu dituzte egoera bideratze aldera. Mobilizazio ugari egin dituzte salaketa horien berri emateko.
Enpresak orain zabaldu duen oharrean defendatu du «gardentasunez» jokatu duela une oro, eta «legezko betebeharrak erabat bete» dituztela, «Eusko Jaurlaritzaren borondatean konfiantza edukita». Nolanahi ere, kexu da, «administrazio kudeaketa arduragabe eta arbitrario baten biktima» izan delakoan. Hain zuzen ere, jarrera horrexek bultzatuta jo dute auzitara, langileen eskubideak defendatzeko eta enpresaren hezkuntza proiektua babesteko.