Orain arte egindako lana gogoratuz eta etorkizunari begiratuz. Horrela ospatu dute gaur goizean Tolosako Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratuak aurten ehun urte bete dituela. Ekitaldi bat egin dute, eta bertan izan dira, besteak beste, erakundeetako ordezkariak eta zentroko ikasleak zein ikasle ohiak. Etorkizuneko erronkei dagokienez, ongizatea eta inklusioa nabarmendu dituzte.Â
«Hein handi batean, aurretik lan egin zuten pertsonei esker gaude hemen. Horregatik, gaurko ospakizuna aukera ona da haiek guztiak gogoratzeko eta eskertzeko». Hori adierazi du Osokiko zuzendari Ana Mongek. Osasun eta gizarte arloko zikloetan espezializatutako Lanbide Heziketa zentroa da Osoki. Ikasturte honen hasieran hartu du izen hori; izan ere, Inmakulada Lanbide Ikastola deitzen zen lehen. Zentroak azaldu dutenez, izen aldaketak islatzen ditu ikastetxeak azken ehun urteetan garatu duen proiektuaren bilakaera eta etorkizuneko ikuspegia.
Ikasturte honetan hasi duten aro berriarekin, ikastetxeak «aitzindari» izaten jarraitu nahi du osasun eta gizarte arloko Lanbide Heziketan, eta erreferentziazko ikastetxe euskalduna ere izan nahi dute Euskal Herrian. Osokiren etorkizuneko proiektuan pertsonen ongizateak duen garrantzia azpimarratu du Mongek: «Guretzat ongizatea ez da helburu osagarri bat, proiektuaren oinarrietako bat baizik. Gure benetako altxorra pertsonak dira: ikasleak, langileak eta gure komunitatea osatzen duten guztiak».
Ongizateaz gain, etorkizuneko erronka nagusietako bat inklusioa izango da. Zentroak datozen urteetan abaguneak sortzen jarraitu nahi du, kultura, hizkuntza, adin eta bizi esperientzia desberdinak dituzten pertsonak elkartzeko, eta guztiek hezkuntza komunitatean parte hartzeko.