Tolosaldeko Ospitalea 2031n egongo da erabilgarri

2028an abiatuko dituzte hura eraikitzeko lanak. Jaurlaritzak «lehentasunezko jardueren artean» du proiektua, eta dio eskualdeko ospitale funtzioa betetzeaz gain lurraldeko beste eremu batzuetako herritarren beharrei ere erantzungo diela.

Inaki Irabazabalbeitia, Xabier Ibarzabal, Maite Martinez de Albeniz, Igor Zapirain, Ander Figuerido, Alberto Martinez eta Pili Legarra, iazko udan, ospitale berria egingo duten lekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Inaki Irabazabalbeitia, Xabier Ibarzabal, Maite Martinez de Albeniz, Igor Zapirain, Ander Figuerido, Alberto Martinez eta Pili Legarra, iazko udan, ospitale berria egingo duten lekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Tolosa
2026ko martxoaren 3a
15:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak Tolosaldeko Ospitalea izango denaren plan funtzionala onartu du, bai eta eraikitzeko proiektuaren lizitazioa bideratu ere, 107,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Eraikin berria 8.445 metro koadroko eremu batean eraikiko dute, Tolosako suhiltzaileen parkearen alboan, Iurramendi inguruan. Osasun Sailak dio 2028an abiatu asmo dituztela hura eraikitzeko lanak, eta 2031rako egongo dela erabiltzeko moduan. Ospitalea Tolosalderako izango da, baina baita Gipuzkoarako ere, prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko. Izatez, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren mende egongo da.

Jaurlaritzak jakinarazi du ospitaleak zazpi solairu izango dituela, horietatik hiru lur azpian, eta askotariko zerbitzuak izango ditu, hala nola hiru ebakuntza gela, erresonantzia zerbitzu bat, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat, larrialdietako arreta jarraituko puntu bat, erradiologiako ekipoak eta errehabilitazioa. 3.600 kirurgia prozedura inguru egingo dituzte urtean, eta 3.000 endoskopia azterketa. 90 ohe izango ditu denera. Aurreikusten dute 380 profesional izango direla asistentzia jarduerarako —fakultatiboak, erizainak, laguntzaileak, zeladoreak, fisioterapeutak...— eta 98 langile zerbitzu orokorragoetarako.

Jaurlaritzak uste du Tolosako ospitale publikoa Gipuzkoa osorako «erreferentziazkoa» izango dela, hala prozedura diagnostikoetan nola proba osagarrietan. «Bereizmen handiko kanpo kontsultek osatuko dute jardueraren muina, eta Donostialdeko ESIko profesionalak arituko dira han lanean».

Helburua da «Tolosaldean artaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral bateranzko bidea» egitea, baliabideen erabilera optimizatuta, arretaren zatiketa txikituta eta paziente kalteberentzako kalitate handiko arreta bermatuta. Jaurlaritzak dioenez, «lehentasunezko jardueren artean» du osasun zentro berria eraikitzea, eta, eskualdeko ospitale funtzioa betetzeaz gain, lurraldeko beste eremu batzuetako herritarren beharrei ere erantzungo die. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.