Donostiako Udalak gaur jakinarazi du Xabier Anduaga Martinez tenorrari (Donostia, 1995) emango diotela Urrezko Danborra. Hala, hiriaren izena mundura zabaldu izana saritu nahi diote. 56 hautagairen artean aukeratu dute, eta, adierazi dutenez, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak «aho batez» hartu du erabakia. Urtarrilaren 20an jasoko du saria, San Sebastian egunez, udaletxeko batzar aretoan.
«Munduan zehar oihartzuna duen ahots donostiarra». Jon Insausti Donostiako alkateak hala deskribatu du Anduaga bere sare sozialetan. Tenorrak Donostiako Orfeoian hasi zuen abeslari ibilbidea, 8 urte zituela. 15 urterekin hasi zen bakarlari, eta, ondotik, Musikenen egin zituen ikasketak. Han eta hemen ibili da geroztik, nazioarteko hainbat auditorium prestigiodunetan. Sariak ere jaso ditu, hala nola Operalia lehiaketako lehen saria —opera eta zarzuela kategorietan—, International Opera Awardsen abeslari berri onenarena, Opera XXI saria eta Opera Actual aldizkariarena. «Benetan pozgarria da etxeko talentuaren arrakasta gertutik ikustea».