Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko langileek «benetako negoziazioa» eskatu diote Jaurlaritzari

Lakuan izan dira, sektoreko mahaiaren hasiera «oztopatu» nahian, eta «askatasun sindikalaren aurkako jarrera» salatu dute han.

Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko langile batzuk, 'Ibaiondo borrokan' lelodun txalekoak soinean, gaur goizean, Lakuan. ELA SINDIKATUA
Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko langile batzuk, 'Ibaiondo borrokan' lelodun txalekoak soinean, gaur goizean, Lakuan. ELA SINDIKATUA
Miren Mujika Telleria.
Zumarraga
2026ko martxoaren 10a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete da Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko enpresa batzordeak —ELA, LAB eta CCOO— salatu zuenetik Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak zentroko langileen lan baldintzak «okertu» nahi dituela. Gaur Lakuan izan dira zentroko zenbait langile, Ibaiondo borrokan lelodun txaleko horiak soinean, Eusko Jaurlaritzako sektoreko mahaiaren hasiera «oztopatu» nahian.

ELA sindikatuak esan duenez, langileek hainbat gairen gaineko «benetako negoziazioa» eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. «Alde batetik, ordutegi bereziari buruzko akordioari dagokionez, langileen helburua da lanaldiak eta lan baldintzak modu berezian arautzea. Bestetik, lan poltsen araudia eta langileak funtzionarizatzeko proposamena dira hizpidera eraman dituztenak».

Horrez gainera, langileek salatu dute duela gutxi arte koordinazio bilerak modu telematikoan egiteko zuten aukera kendu dietela, eta hargatik zenbait mobilizazio egin dituztela, bai eta Ibaiondo borrokan lelodun txalekoak erabiltzen hasi ere. «Txalekoak erabiltzeagatik mehatxuak jaso dituzte», adierazi du ELAk. «Zentroko zuzendaritzak debekatu egin die lan eremuetara txaleko horiek jantzita sartzea. Enpresa batzordearen arabera, neurri horrek askatasun sindikalaren aurkako jarrera adierazten du, mobilizazioak eta lan gatazka ikusezin bihurtzeko asmoz».

Enpresa batzordeak dio langileek orain arte egin dituzten mobilizazioek ez dutela inolako «interferentziarik» eragin zentroaren segurtasunean, eta adingabeekin dituzten zereginen garapena «errespetatuz» egin dituztela. Hortaz, Ibaiondoko langileek «negoziazio kolektibo erreala eta eraginkorra» eskatu dute Lakuan, bai eta lan baldintzak duindu artean mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA