Matematika kontu bat. Russell matematikariaren oinarritik abiatuz. Hona zer zioen: «Onartzen badugu 2+2=5, orduan, erraten ahal dugu aita santua naizela».
Ez, ez naiz Vatikanoko komunikazio kanpainen arduraduna bihurtu. Uzten dizuet demostrazioaren azalpena zuen kabuz aurkitzen.
Hainbat idazlek baliatu du Russellen demostrazio hori —besteak beste, Georges Orwellek 1984 liburuan—.
Zer da demostrazio horren muina? Oinarri oker bat zuzentzat hartuz geroz nahi den guzia froga daitekeela.
Zer interesatzen zaigu demostrazio honetan?
Agian oinarri okerrarena… Ez ote da hori gure herriari gertatzen zaiona? Alabaina, frantses (edo espainol) egin nahi gaituzte. Aspaldian frantsesak (edo espainolak) garela segurtatzen digute. Frantses lurraldeari lotu gaituzte. Gaur egun, kasik Tourseko jendeen lurralde bera partekatzen omen dugu: Akitania Berria. Gure arbaso andana hil da Frantziaren banderapeko gerla askotan (XX. mendeko bi mundu gerletan, besteak beste). Hots, Frantziaren Historia eta Lurraldea partekatzen ditugunez, frantsesak gara eta frantses ez izateko egiten ditugun ahalegin guziak separatismo, terrorismo edo nik dakita zer ismo bihurtzen dira.
Ez ote da hor gure aterabidea? Gure matematika propioa berriz agertzea. Aspaldian garatu zen 4+3=1.
Lehen oinarri horri birlotuz, gure askapenerako borroka guziek beren lekua eta egokitasuna hartuko lukete.
Gure oinarria Skunk Hendaiako talde ohiak kantatu zigun garai batean:
«Hau ez da Frantzia, hau ez da Espainia, Euskal Herria da!».
Benitok ere bere matematika gogoetak kantatu zizkigun:
Zenbat gera? Lau? Bat? Hiru, bost, zazpi?