970.000 bidaiari izan ziren iaz Miarritzeko aireportuan, eta milioi batera heldu nahi dute aurten

2022tik, %4 emendatu da bidaiari kopurua. Azken urteetan apaldu den Parisekilako lotura berreskuratzea espero dute, Orly aireportua eta Paris zentroa lotuko dituen metro linea bati esker; trenari konkurrentzia egin nahi diote.

MIARRITZEKO AIREPORTUA
Hiru bidaiari beren hegaldiaren beha, Miarritzeko aireportuan, 2022ko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Kerosenoa da gehien kutsatzen duen erregaia: keroseno kilo bat erretzean, hiru kilo karbono dioxido isurtzen dira atmosferara. Horrek eragin zuzena du klima aldaketan; are gehiago, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldearen ustez, klima aldaketaren %3,5 hegaldi zibilen ondorioa da. Alta, hegazkinen erabilera ez da ttipitzen ari, eta horren lekuko da Miarritzeko aireportua. Bidaiari kopuruak gora egin du: 970.000 izan ziren 2023an, aitzineko urtean baino %4 gehiago. Aurtengo, gainera, kopuru hori emendatzea espero du aireportuko lehendakari Patrick Chasseriaudek: helburutzat du 1,2 milioi bidaiari erakartzea. «Kopuru hori behar dugu aise funtzionatzeko».

Aireportuko datuak begi onez ikusten ditu Chasseriaudek, eta egindako lana txalotu du: «2018a da gure erreferentziazko urtea, ondotik G7koen goi bilerak eta pandemiak baldintzatu baitzuten gure funtzionamendua. Hori kontuan harturik, erran daiteke krisitik atera garela: gure trafikoaren %80 berreskuratu dugu; zinez kontent gara. 2023an atera gara krisitik». Oroz gainetik, nazioarteko hegaldietan ibili da jende gehiago; orotara, 276.000 (+%24), eta Londresekilako loturak izan du «arrakastarik» handiena. Iaz izan ziren 28.000 hegaldietarik, %40 turismorako izan ziren, %30 familia bidaietarako eta %27 negoziorako. 2018an, 34.000 hegaldi izan ziren. «Krisi aitzineko heina kasik errekuperatua dugu; berri ona da», trenkatu du Chasseriaudek.

Pascal Geraudie Miarritzeko aireportuko zuzendariaren irudiko, hegaldi kopuruaren apaltzea pandemia ondorengo «usaia aldaketen» ondorioa da, eta hori esplikatzeko hiru arrazoi nagusi ikusten ditu: telelana, trena eta ingurumena. «Hasteko, telelanaren eraginez negoziorako bidaia kopurua azkarki apaldu da. Bigarrenik, Parisko Orly aireportuarekin dugun loturan jende aise gutiago ibili da, trenaren alternatiba interesgarria delako: lau oren eta laurden, eta zuzenean Paris zentrora heltzen da. Azkenik, jendeak geroz eta arduratsuago jokatzen du ingurumenari dagokionez». Halere, Chasseriaudek ez du baztertu trenak eskaintzen duen alternatibari lehia egitea. Uda honetan, Parisen beste metro linea bat irekitzekoa dute, Orly aireportutik Paris zentrora joanen dena, oren erdiz. «Egungo tren alternatibaren ondoan, interesgarria izanen da. Gainera, linea hori automatikoa izanen da, gidaririk gabekoa; beraz, greben ondoriorik ez du jasanen. Aukera ona da guretzat», erran du Chasseriaudek.

Garatzeko xedez

Aireportua «garatzen» segitzeko, beste hiru helmugatara joaten ahalko dira bidaiariak aurten Miarritzeko aireportutik: Marseillara (Okzitania), Milanera (Italia) eta Edinburgora (Eskozia). Geraudiek esplikatu du «lorpen handia» dela, «biziki zaila» baita hegaldietarako bide berrien irekitzea. «Konpainiek interes ekonomikoari behatzen diote. Segur izan behar dute irekitzen duten bidearekin irabaziak izanen dituztela. Guretzat lan handia da haien konbentzitzea, arrisku ekonomiko handia hartzen baitute». Aireportuak, denetara, 900.000 euro eman dizkie konpainiei, hegaldietarako bideak sor ditzaten.

Helmuga berriak hautatzeko «datu bereziak» dituztela esplikatu du Geraudiek. «Interneteko datuak biltzen dituzten operadore batzuekin egiten dugu lan. Adibidez, gai dira errateko jendeak zenbat klik eta bilaketa egiten dituen helmuga batera joateko. Datu horiekin egiten dugu lan gero, konpainiak konbentzitzeko».

«Interneteko datuak biltzen dituzten operadore batzuekin egiten dugu lan. Adibidez, gai dira errateko jendeak zenbat klik eta bilaketa egiten dituen helmuga batera joateko. Datu horiekin egiten dugu lan gero, konpainiak konbentzitzeko».PASCAL GERAUDIE Aireportuko zuzendaria

Nolanahi ere, Chasseriaudek azpimarratu du Miarritzeko aireportua «inportazio aireportua» dela sustut. Hots, partitzen den baino jende gehiago etortzen dela Miarritzera; orotara ibiltzen diren bidaiarien %67. «Miarritze eta Euskal Herria argumentu onak dira konpainiek honat heltzen diren bideak ireki ditzaten, zinez erakargarria zaie. Ez da ahantzi behar lurraldearentzat interes ekonomiko handia duela aireportuak, turismoa anitz laguntzen baitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.