Hauek izan ziren ezantza egiten ari nintzela topatu nuen ezagun baten hitzak: «Euskal Herritik joango naiz. Ezin dut honela jarraitu». Duela urte eta erdi banandu da. 11 urteko seme baten aita da, eta, egun, lehenagotik ezagutzen ez zituen beste bi pertsonarekin partekatzen du aterpea. «Zulo beltz batean nago», ebatzi zuen begirada makurtuz, «hemendik joango naiz, nahiz eta semeagandik urruntzea dakarren».
Mutil honek, demagun Kaiet duela izena, eskubidea izan badu bere kabuz etxebizitza bat izateko. Alta, ez ditu irabazten bere eskubidea gauzatzeko eskatzen dizkioten 3.000 euroak. Baina zer eskubide mota da gauzatu ezin den hori? Pepe Mujikak, Uruguaiko presidente izan zenak, ez zuela ezertarako balio esan ohi zuen eta ados nago berarekin. Gaur egun, gehiengo oso zabal baten soldataren eta etxebizitzaren prezioaren arteko arrakala horren da handia, non oinarrizko eskubide hori ezerezean uzten duen. Guztiz ezeztatzen du.
Etxebizitza eskubidearen inguruan Alda elkarteak Baionan antolatu zuen auzolan egunean erran zuen Peio Dufau diputatuak: «esaten da ezin dutela (Frantzian) munduko miseria guztia beren bizkar hartu, eta nik ondokoa esango dut: ez dugu (Euskal Herrian) munduko aberastasun guztia hartu nahi». Eta ez zaio arrazoirik falta. Aberats horiek gurean etxeak erosteko duten kapritxo eta pribilegioak —haien hizkuntzan inbertsioak— gure aurkako indarkeria direlako. Bortizkeria direlako. Tortura direlako. Erailketa direlako. Batzuen lukurreria (espekulatzaileena) eta besteen konplizitatea (agintari politikoena) tarteko, Rousseauren kontratu soziala ehortzi dute, milaka Kaieten biziarekin eta ongizatearekin batera; eta hala bada, izan bedi ondorio guztiekin, ez soilik gu armagabetzeko. Ulertu nahi duenak ulertu beza.