Ahalkearen isiltasunetik, erasotzaileak seinalatzera

2025ak 2023an abiaturiko prozesua borobildu du, nolazpait: Betharramgo haurren kontrako indarkeria kasuak azaleratzen hasi zirenez gero, biktima sareak sortu dira, eta ikastetxe pribatu katolikoetako ikasle ohi geroz eta gehiagok salaketak jarri dituzte.

Louis Joinet institutuarekin elkarlanean Betharramgo kongregazioak batzorde independentea aurkeztu zuen eguna, martxoan. PATXI BELTZAIZ
Louis Joinet institutuarekin elkarlanean Betharramgo kongregazioak batzorde independentea aurkeztu zuen eguna, martxoan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023ko urrian Notre-Dame de Betharram Biarnoko ikastetxe pribatu katolikoko ikasle ohi eta biktimen Facebook orria sortu zuelarik, Alain Esquerrek ez zuen esperoko, agian, 2025. urtea horrela gertatuko zenik: kasik 200 salaketa ezarri dituzte aurten, haurren kontrako sexu indarkeria eta indarkeria fisikoagatik. Ikastetxeko apezen eta laguntzaile laikoen kontrako salaketak dira, 1950 eta 2004 bitarte gertaturiko erasoei lotuak. Horrela, Betharramgoaren gibelean gorderik egonak ziren beste zenbait ikastetxetako aferak ere argitara atera dira: emeki-emeki, sareak sortu, biktimek hitza hartu, eta egiturazko eraso sistema auzitan ezartzea erdietsi dute.

2025eko otsailean, Frantziako lehen ministro zela eta Betharramgoaren inguruan bozak altxatzen hasiak zirela, François Bayrouk adierazi zuen «inoiz ez [duela] ukan bortizkerien berri, are gutiago sexu bortizkerien berri». Mediapart aldizkariak, alta, zenbait dokumentu eman zituen argitara, erakusten dutenak Bayrou 1990eko hamarralditik jakinean zela ikastetxe katoliko hartako gertakariez. Besteak beste, bere garaian bi ikasle ohik jarri salaketak jakinak zirelako hura Frantziako Hezkuntza ministro zelarik; baina, orduan, ikastetxeari babesa adierazi zion. 

Martxoa iritsi, eta Betharramgo kongregazioak hitza hartu zuen azkenean, ardura harturik ikastetxeko bortizkeria eta sexu erasoen aferan. Jakinarazi zuten kongregazioak diruztaturiko batzorde independente bat abiatuko zutela sexu erasoen eta bortizkerien «arrazoiak» identifikatzeko. Batzordea Louis Joinet institutuaren ardurapean plantatu zuten; tresna horrekin, espero dute Betharramgo ikastetxean izan diren sexu erasoen eta bortizkeria kasuen zenbaketa egitea, erasoen ezaugarri «sistemikoa» aztertzea, errekonozimendu neurriak proposatzea, eta biktimen erreparaziorako neurriak hausnartzea.

Aferaren harira, Frantziako Asanblea Nazionalean eskoletako indarkeriari buruzko ikerketa batzorde parlamentarioa sortu zuten, eta, martxo bukaera iristerako, zortzi biktima kolektibotako bozeramaileak Asanbleara gomitatuak izan ziren, horien artean Esquerre eta Gilles Parent.

Erraterako, Parent Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxeko ikasle ohia da, eta Esquerrek bezala Betharramen kasuan, alarma piztu zuen Uztaritzekorako. Behin eta berriz biktima taldeek afera horien inguruko Ă³merta salatu dute, isiltasunaren legea, hots, jendea jakinean izanik ere sekula deusen errateko ausardia kendu diena; dela beldurragatik edo mehatxuengatik.

ASTRID LEJUEEREN AFERA

Senar ohiaren tratu txarrengatik, semearekin Eskoziatik ihes egin zuen Astrid Lejueek otsailean, eta Euskal Herrira itzuli, amaren etxera, Angelukoa baita sortzez. Iritsi bezain laster, abokatuarekin bildu zen, eta familia aferez arduratzen den epaile batekin hitzordua finkatu zuen. Baina senarrak Frantziako Justiziari dei egin zion, «sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea» aplika zezan. Urri hasieran iragan zen dei auzia: Lejueeri eta haren semeari lehenbailehen Eskoziara itzultzeko agindu zien epaileak. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian egotea deliberatu zuen, ezin pentsatua baitzitzaion senar ohiarengana itzultzea haurrarekin. Orduan, prokuradoreak hitzeman ziena gertatu da: Lejuee atxilotu ondotik, semea Eskoziara bidali dute berriz. Haren semea berreskuratzeko borrokan segitzen du geroztik Lejueek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.