Hamazazpi salaketa gehiago jarri dituzte Betharramgo indarkeria kasuengatik

Orotara, gaur egun, berrehundik gora salaketa ezarriak dituzte Betharramgo indarkeria kasuengatik: hamabost apezek eta lau zaindari laikok egindako erasoei dagozkie, baina bakarra dago ikerketapean, preskripzioa aplikatzen delako besteetan.

Betharramgo ikastetxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Betharramgo ikastetxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko uztailaren 24a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

1957 eta 2004 bitartean Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe pribatu katolikoan gertatutako indarkeria fisiko eta sexu indarkeriaren inguruko salaketek metatzen segitzen dute: hamazazpi salaketa gehiago ezarri zituzten atzo hainbat ikasle ohik. Betharramgo kasuez lekukotasunak partekatzeko Facebook taldearen sortzaile Alain Esquerre Paueko auzitegian (Okzitania) zegoen atzo, biktimen sareko bozeramaile gisa salaketak ezartzera zihoazenak laguntzeko.

Orotara, gaur egun, berrehundik gora salaketa ezarriak dituzte Betharramgo indarkeria kasuengatik, baina, azkenean, zaindari laiko bakarra dago ikerketapean, beste akusatu guztien kasuan preskripzioa aplikatzen delako. Adingabeen kontrako sexu krimenen epaitzeko epea biktimak heldutasun adinera iritsi eta 30 urtera iragan zen Frantzian 2018an. 2021eko legearen arabera, epe hori luzeagoa da baldin eta erasotzaileak beste haur bati eraso egin badio. Berrikien gertatu den erasoaren arabera kalkulatzen da preskripzioa, baina Betharramgo kasuan, adibidez, badira zenbait gertakari duela 30 urte baino gehiago gertatu zirenak, eta, beraz, preskripzioak eraso horiek ezeztatzen ditu.

Betharramgo aferan ezarritako 217 salaketak hamabost apezek eta lau zaindari laikok egindako erasoei dagozkie, baita hiru ikasle ohik egindakoei ere —adingabeak ziren garai hartan—. Alde batetik, badira indarkeria fisiko eta moral kasuak: kolpeak, belarrietatik tiratzea, umiliazioak, ikasleak beren pixan lo egiten utzi izana... Eta, bestalde, badira sexu indarkeria kasuak: ukituak, sexu erasoak eta bortxaketak. Adibidez, erasotzaileen artean, bi nagusitzen dira: Karrikart apeza eta Cheval izendatutako zaindaria. Lehenaren kontra 32 salaketa daude mementokotz, horietarik 27 bortxaketa eta sexu erasoengatik; bigarrenaren kontra, aldiz, 105 salaketa daude jarriak, horietarik 34 mota bereko kasuengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.