Dantxarineko turismoari lotutako auto mugimenduak jasan behar izaten ditu Ainhoako herri zentroak udan, eta autoen zeharkatzea mugatu nahi dute. Ainhoako Herriko Etxeak eramandako azken inkestaren arabera, 3.500 auto inguruk zentroa zeharkatzen dute egun guziz. Fluxu masibo horrek ondorioak ditu, eta herritarrek behin eta berriz salatu dute egoera; eragiten duen kutsadurarengatik, batez ere. Arazoari aurre egiteko, obrak egitea deliberatu du herriko etxeak.
Apirilaren 16an Ainhoako herritarrekin bilkura publiko bat antolatu zuen herriko etxeak, obren plangintzaren berri emateko. 120 bat biztanle bildu ziren. Mixel Ibarluzia auzapezak obrak nolakoak izanen diren esplikatu zuen: burdin hesi altxagarriak plantan ezarriko dituzte karrika nagusiaren aitzinean, handik pasatzen diren autoen kopurua mugatzeko eta noranzko bakarrean pasarazteko. Hesiak Dantxarineko saltegien ordutegiei egokituko dizkiete, eta tarte horretan Ainhoako biztanleak soilik pasatzen ahalko dira hortik. Gaineratekoek, karrika nagusia trabeskatu ordez, departamenduko 305 eta 4 bideetatik pasatu beharko dute autoz Dantxarinera joateko.
Desadostasunak herrian
Erabakiak ez ditu herritar guziak konbentzitu. Ainhoa Beti taldeak ez du proiektuarekin bat egiten, Claudine Martikorena lehendakariak azaldu duen bezala: «Obra horiek ez diete erantzuten gure problematikei, eta, gainera, arazo gehiago sortuko dituzte, bai segurtasunaren aldetik, baita zirkulazioren aldetik ere». Martikorenak gehitu du «benetako» arazoa autoek Ainhoa zentroa zeharkatzea dela. «Egun, landa eremuko herri batentzat kutsadura tasa handiegiak ditu Ainhoak». Autoak derrigorrez departamendu bideetatik desbideratu behar direla uste du hark. Kolektiboak obra horien kostu handia salatu du, bestalde: herriko etxeak milioi bat euroko aurrekontua aurreikusi du.

Auto fluxuen problematika ez da berria, eta ideia eta alternatiba berriak proposatu izan dira urteetan. Xede berria abiatu aitzin, Ainhoako Herriko Etxeak hainbat desbideratze plan aurkeztu zituen. Horietariko bat izan zen Argi Ederizeneko bide pribatua desjabetzea, herrikoa bilaka zedin. Eztabaida franko piztu zituen proposamenak, eta gatazka hura ez da oraino konpondua, Pirinio Atlantikoetako prefetaren erantzunaren zain segitzen baitute. Izan ere, herriko etxearen noranzko bakarreko zirkulazioa egin ahal izateko, autoak bide horretatik pasatzea da baldintza.
«Desjabetzearen ordez eta karrika nagusiaren zeharkatzea saihesteko, proposatu genuen herriaren sarreran kostu askoz apalagoa izango zuen filtratze hesi bat ezartzea behin betiko»
CLAUDINE MARTIKORENAAinhoa Beti taldeko kidea
Ainhoa Beti taldea xede horren kontra agertu da, argudiatuz desjabetzea aitzin «beste alternatibak» badirela, Martikorenak erran duenez. «Desjabetzearen ordez eta karrika nagusiaren zeharkatzea saihesteko, proposatu genuen herriaren sarreran kostu askoz apalagoa izango zuen filtratze hesi bat ezartzea behin betiko. Herriko etxeak pausatutako kontra-argumentu guziei erantzun diegu, baina badirudi ez dela nahikoa izan», salatu du.
Proposamen berri bat
Apirilaren 16ko bilkura publikoan nehork espero ez zuen proposamen bat agertu zen: herritar batek hitza hartu, eta azaldu zuen Ainhoako sarreran den pentze baten jabea dela eta prest egongo litzatekeela bere lurren uzteko diru zama sinboliko baten truke, bertan aparkaleku handi bat egiteko. 2015ean, jadanik, gisa horretako proposamen bat landu zuen herriko etxeak, baina lur jabeekin eraman negoziazioek ez zuten deus eman. Herritar haren alternatibak bilkuran zeudenen harridura eragin du. Ipar Euskal Herriko Hitza-k Ibarluzia auzapezarengana jo du iritzia ukaiteko asmoz, baina erantzunik ez du eman. Ainhoa Beti taldearentzat, nolanahi ere, proposamen berriak ez du aterabide osorik ekartzen.