Laster iraganen dira herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Karriketan afixak agertzen hasiak dira eta hautagaiak etxez etxe dabiltza boz biltzen. Haatik, bada paradoxa bat: hauteskunde politikoak izanik ere, hautagai gehienek ez dute etiketa politikorik asumitu nahi.
Egia da zerrenda gutxi batzuek abertzale etiketa aitortzen dutela, batzuek ezkerreko edo eskuineko tendentziakoa izatea. Baina horiek gutxiengoa dira. Gehien-gehienak «etiketarik gabe», «herritar plataforma» edo «bateratze zerrenda» gisa aurkezten dira. Kostaldeko hiri handietan aparte, 158 herrietan gaindi, alderdi baten zigilua baliatzea salbuespen hutsa da.
Zergatik maskarada hau? Herriko bozak direlako, diote. Irabazteko, herriaren aniztasuna islatu nahi dute, ideologia baten ordez herriaren zerbitzura daudela erranez. Alta, itxurazko «apolitismo» horrek arazo sakonak sortzen ditu.
Lehenik, etiketarik gabe aurkezteak ez duelako norabide politikoa ezabatzen; ezkutatzen baizik. Zerrenda baten programa isolaturik begiratzean, badirudi herriko aferez baizik ez dela arduratzen: erdia neurri pragmatikoez osatua da, eta beste erdia hitz lausoko engaiamendu bihotz onekoz. Baina hitzen gibelean, semantikaren korapiloetan, norabide politikoak agertzen dira, noiztenka kontzertatuak izanik ere. Adibidez, kostaldeko eskuineko zerrenda guztiek, «etiketarik gabeak» izan arren, etxebizitza turistikoen kopurua mugatzen duen konpentsazio araua atakatzen dutelarik memento berean eta kasik hitz beretan.
Bigarrenik, martxoaren 15ean eta 22an ez ditugu herriko aulkiak bakarrik berritzen: Euskal Hirigune Elkargoko bozak ere badira. Sistema berezi baten bidez, herritarrek ez dituzte zuzenki elkargokideak hautatuko; herriko bozen emaitzen bidez izendatuko dira Baionako bilkuretara joanen diren ordezkariak. Elkargoak rol erabakigarria ukanen du ondoko mandatuan, Ipar Euskal Herria antolatzen duen instituzio bakarra baita. Herriko bizia Elkargoko politikari lotua zaio gaur egun, herriko etxearen erabakiei bezainbat. Hauteskunde garai hauetan inoiz baino gehiago eztabaidatu beharko litzateke Elkargoak eramanen duen politikaz, eta izan dezakeen dimentsioaz, bereziki Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate bilakatzeko kanpaina abiatua delarik. Haatik, hautagai gehienek ez dute aipatzen zein lurralde proiektu defendatuko duten.
Bozak berpolitizatzeko, gizarte zibilak lan handia du interpelazio eta galdeketen bidez. Ildo horretan, hainbat elkarteren lana goraipatzekoa da: Euskal Konfederazioaren Euskararen aldeko barometroa, Bateraren galdetegia, Biziren itun ekologikoa, edota Herrian Bizik etxebizitzari buruz eskatutako engaiamenduak, batzuk aipatzekotan.
Ikusiko dugu elkarte horiek lortzen duten zerrenda «apolitiko» horiei konpromiso politiko argiak harrarazten! Herriko bozak hurbilekoak dira, baina ez dira neutralak. Bozkazaleak eskubidea du jakiteko norentzat eta zein etorkizunentzat bozkatzen duen, herriko plazan zein lurralde mailan.