Ardiak eman dituzte Marienean, laborantza lurra izan dadin gerora ere

Herriko bozen ondotik «haizea aldatu» dela ikusirik, baikor agertu dira hirigintza proiektuaren kontra direnak. Igande honetarako mobilizazioa antolatu dute Kanbon.

Ardiak Marieneko lurretan, Kanbon. PATXI BELTZAIZ
Ardiak Marieneko lurretan, Kanbon. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2026ko ekainaren 10a
12:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kasu! Marieneko ardiak kexu dira. Lur jabeek udaberrian kanporatu zuten ordura arte alokairuan zegoen laboraria; orain, ardiek hartu dute haren segida. Ipar Euskal Herriko hainbat artzainek egin duten dohaintzari esker, 50 bat ardik hartu dute Kanboko (Lapurdi) sarreran dagoen lurra, eta jadaneko hasiak dira bazkatzen belarrak egin gabe dituen pentzean. Asto bat ere eman dute, ardiak zaintzeko. «Bouyguesen proiektua gelditzea erronka bat da, baina helburu nagusia da lur hauek laborantzarako izatea berriz», argitu du Maryse Cachenault Lurzaindiko kideak, asteazken goiz honetan egin duten agerraldian. Horretarako «borroka eta okupazioa» segitzeko borondatea agertu dute. Igande honetan dute ondoko hitzordua.

Hala ere, militanteak baikor agertu dira aspaldiko partez. Herriko bozen ondotik «haizea aldatu» dela sentitu dute, Dominika Ameztoiren hitzetan. «Kanboko herritarren gehiengoak Marieneko hirigintza proiektuaren kontra diren zerrendak hautatu zituen», oroitarazi du Ameztoik. Peio Etxeleku auzapeza alde guziekin mintzatzen hasia da. «Erran digu bat egiten duela gurekin», zehaztu du Ameztoik. Eta badaki herriko etxearen babes politikoa izateak «dena aldatzen» duela. Marieneko lurra bitan banatzen duen hesia erakutsi du: «Alde hura Itsasuko herrian da: lurrak laborantzarako atxikiak dira hirigintza planean, eta laborariak lantzen segitzen du». Espero dute laster hala izanen dela Kanboko aldean ere. 

ELB, Lurzaindia eta Ostia kolektiboko kideak, Marieneko lurretan, Kanbon. PATXI BELTZAIZ
ELB, Lurzaindia eta Ostia kolektiboko kideak, Marieneko lurretan, Kanbon. PATXI BELTZAIZ

Horretarako, hirigintza plana aldatu beharko litzateke. Baina Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, erabaki hori ez dagokio Kanboko herriari bakarrik. Orain ari dira PLUI herriarteko tokiko hirigintza planak negoziatzen. «Bizpahiru urte» beharko dira dokumentu administratibo berriak bozka ditzaten, Cachenaulten ustean. Anartean Alain Iriart elkargoko lehendakariarekin biltzekoak direla erran du; ondoko asteetan izanen da bilkura. 

Hirigintza proiektuaren kontra abiatutako bataila juridikoa ez da osoki bukatua, Frantziako Estatu Kontseiluak eraikitze baimenari buruzko erabakia eman behar baitu oraindik. Baina badirudi afera politikoki konpontzeko bidea irekia dela. 

Nor den bortitza

Azken urteetan eraman duten borrokaz mintzatu da Ameztoi. «Ukan ditugu nekeziak, eta gure borroka ez da beti ulertua izan», aitortu du. Christian Deveze auzapez ohiaren «antzerkia» gogoan harturik, salatu du «bortizkerian» aritzea leporatu izan dietela. «Ez gara bide horretan, eta ez gara izanen», zehaztu du. 

Militanteek hainbat barazki eta zereal landatu zituzten Marienean, baina lurrak erreak izan ziren. Azterketak egin ondotik, ebatzi dute gaiztaginek glifosatoarekin suntsitu zutela landaturikoa. «Hori ere bortizkeria da», Ameztoiren hitzetan. 

Hautetsiei ere mintzatu zaie: «Ez gara borroka honetan plazerez ari: herritarren alde ari gara». Eskatu die erabakiak hartu aitzin kontuan har dezatela borrokaren zentzua.

Elikatze sanoa helburu

Ostia kolektiboaren izenean, Xan Koskaratek adierazi du osoki bat egiten dutela ELBrekin eta Lurzaindiarekin, eta igande honetarako antolatu duten mobilizazioaren berri eman du. Tailer kolektiboa eginen dute zurezko arditegi mugikor bat eraikitzeko, eta lurraren defentsan ari diren kolektiboen bilkura ere antolatuko dute. Bestelako ekintzak ere izanen dira, iragarri dutenez. «Hazkuntza lurrak atxikitzea da gure xedea, tokiko elikatze sanoa helburu», adierazi du. «Oraindik laborantza lurrak baldin badira, herritarren eta laborarien borrokari esker dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA