Kanboko (Lapurdi) gai gatazkatsuenetakoa da Marieneko lurrena. Herriko bozak martxoan iragan ziren, eta, herritarrek bozkatutakoak, ezinbestez, Marieneko proiektuaren inguruko eztabaida argitu zuen pixka bat. Hain zuzen ere, Peio Etxeleku Kanboko auzapez izendatu berriak kontsideratu du «kanboarren bi herenek proiektuaren kontra» bozkatu zutela martxoan; alde horretatik, proiektuaren inguruko eragile gehienekin bildu da negoziazio fase bat martxan jartzeko.
«Auzapez gisa egin dudan lehen deia izanen zen, agian», kontatu du Etxelekuk, gaur goizean Kanboko herriko etxean emandako prentsaurrekoan. Marieneko aferaren inguruko eragileekin bildua da jadanik, hala nola promotorearekin, Office64 etxebizitza sozialen kudeatzailearekin, eta baita laborantza munduko eragileekin ere, zeinak etxebizitza proiektu horren kontra militatzen dabiltzan aspaldian. Lur jabeekin biltzea besterik ez zaio falta, eta «datozen egun edo asteetan» bilduko da.
Kanboko Marieneko ordokian egoitzen eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak, lehengo herriko etxearekin hitzarturik. Horren harira abiatu zituzten protestak eta mobilizazioak, laborantza lurrak baitira bertakoak. Etxelekuk erran duenez, eragileak deitzean iruditu zaio «entzuteko prest» zeudela. Haren esanetan, Office64 egiturakoek adierazi diote konplikatua iruditzen zaiela herriko etxearen oniritziaren kontra aitzina egitea.
Joan den martxoan, kanboarrek Peio Etxeleku hautatu zuten haien auzapez izateko. Ordu arte Christian Devezek betetzen zuen kargua, agintaldi osoan Marieneko laborantza lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua aitzina eramaten ahalegindu zena. Haatik, kargutik kanpo baratu zen aurtengo herriko bozetan, nahiz bigarren iritsi zen bere zerrendarekin. Gauzak horrela, Etxelekuren Kanbo Elkarrekin zerrenda gailendu zen, Devezena bigarren gertatu zen, eta, hirugarren lekuan baratu zen Nahi Dugun Herria ezkerreko zerrenda abertzalea.
Dena dela ere, Etxelekuk kontsideratu du emaitza horiek frogatzen dutela kanboarren gehiengo zabal bat Marieneko lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren kontra dela, hala nola Kanbo Elkarrekin eta Nahi Dugun Herria zerrenden hautesleak.