Willis Drummond taldean ibiltzeagatik ezagutua da Felix Buff (Akize, Okzitania, 1986), baina gaur egun Rüdiger bakarkako proiektuarekin ari da nagusiki. Bateria jotzen hasirik ere, gitarra jotzen eta abestuz ageri da oholtza gainean Before it’s vanished (Desagertu aitzin) diskoa aurkeztu zuenetik. Gaur egun, Rüdiger proiektuarekin segitzen duen arren, Ke Lepo taldean bateria jotzen hasi da, eta hainbat ikus entzunezkotako musika egiten du.
Nola oroitzen duzu zure lehen harremana bateriarekin?
Bateria jotzen hasi nintzen 6 urte nituela. Saint-Paul-les-Daxeko eskolan hasi nintzen, eta, ondotik, 12 urte nituela, Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, amaren sorterrira. Ondorioz, Hazparneko musika eskolan segitu nuen bateria ikasten, eta geroago, Dante Agostini musika eskolan sartu nintzen Philippe Darrierere irakaslearekin batera aritzeko. Musika tresna batekin ukan dudan lehen harremana eskolaren bidez izan da. Ene aita alemaniarra zen, eta tradizioa zen gure familian 6 edo 7 urterekin musika eskolara joatea.
Norekin egin zenuen zure lehen kontzertua?
Monarch taldearekin; Baiona eta Bordele arteko taldea zen —gaur egun ez da existitzen—. Ondotik, Willis Drummond taldea ezagutu nuen.
Hain zuzen ere, 2006an sartu zinen taldean. Euskarara hurbiltzeko balio izan dizu?
Xan Bidegainek eta Jurgi Ekizak hurbilarazi ninduten euskarara. Azken finean, Willis Druommondek hurbildu nau hizkuntzara, baina baita lurraldea ikusteko manerara ere. Euskaraz kantatzen genuenez, Hegoaldera abian ginen kontzertuak ematera, eta horrek lurralde osoaren, hots, Euskal Herri osoaren ikuspegia eman zidan. Argiki erran dezaket musikak ninduela euskarara hurbildu. Ez naiz oraino euskaraz ontsa mintzo, baina ari naiz pixkanaka ikasten, lortu arte.
Euskaraz aparte, zer ekarri dizu rock taldeak?
Gauza anitz; zaila da ekarri didana laburtzea erantzun batean. Ene anaiak dira Willis Drummond taldekoak. Abentura hutsa izan da. Eta oraino bada, pausa bat egiten ari baikara iazko urte hastapenetik; azpimarratu nahi dut taldea ez dela gelditua, nahiz eta berriz itzultzeko datarik ez dugun mementokotz. Euskal Herri osoan jotzeko aukera eman dit Willisek, eta Euskal Herri osoa ezagutzeko parada eskaini. Nik orain ez dut bereziki desberdintasunik egiten Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Enetako, nahiz muga bat izan, biziki errazki pasatzen dut, eta jadanik ez da existitzen enetzat. Lotura anitz dut Hegoaldearekin, eta hango talde anitzetan jotzen dut.
«Enetako, nahiz muga bat izan, biziki errazki pasatzen dut, eta jadanik ez da existitzen enetzat»
Euskal Herriko musika sistema ezagutu zenuen errazki beraz.
Bai, orokorrean euskal musikaren sistema ezagutzeko parada eskaini dit, baina baita artista anitz ezagutzekoa ere.
Joseba Irazoki, adibidez?
2007an Josebaren ezagutza egin nuen, musika inprobisatua sortzeko tailer batean. Ni ene bateriarekin arribatu nintzen Donostiara, eta tailer hartan ezagutu nituen Mursego, Joseba Irazoki, Iñigo Telletxea, Xabier Erkizia eta abar. Iparraldean jorratu ez nituen estilo batzuk landu ditut haiekin. Ondotik, Joseba Irazokirengana hurbildu nintzen, eta harekin hasi; geroztik ez naiz harekin jostatzetik gelditu. Rüdigerren laguntzen nau, eta neu ere ari naiz Irazoki eta Lagunak taldean. Inprobisatzen irakatsi dit Joseba Irazokik, Willis Drummondekin bortxaz lantzen ez nuena.
Joseba B. Lenoir, Mice, Eñaut Elorrieta eta bertze talde anitzekin aritu izan zara. Zer ekarri dizute?
Harremanak dira lanketa horien guzien erdigunean, eta musikalki ez naiz sekula estilo bakarrera mugatu. Jazza, musika klasikoa, popa, folka eta rockaren artean ibiltzen naiz nagusiki. Bertzalde, orain Ke Leporekin aritzen naiz, musika elektronikoan murgilduta. Betidanik gauzak esperimentatzeko gogoa izan dut.
Ane filmean ere parte hartu zenuen.
Bai, Willis Drummondekin kantu bat egin genuen filmerako. Anitz maite dut orotariko gauzak egitea eta zinez nire gustuak jorratzea, gustu horiek ikertzea beharrezkoa baitzait musika egin ahal izateko. Egia errateko, sekulako xantza dut, pertsona onak gurutzatzen baititut, eta oraingoz deitzen bainaute gauzak egiteko. Faisaien irla filmerako ere egin izan ditut pieza batzuk Elena Setienekin. Aurten, ETBko serie batentzat ere ari gara lanean.
Bertzelako lanak dira horiek?
Manaketak dira. Ondorioz ulertu behar duzu ekoizlearen ikuspuntua, eta ekoiztetxearen helburuak bete behar dituzu.
«Anitz maite dut orotariko gauzak egitea eta zinez nire gustuak jorratzea, gustu horiek ikertzea beharrezkoa baitzait musika egin ahal izateko»
Ohiko lanari konparaturik, zorrotzagoa da?
Ez da zorroztasun bera. Manaketa bat denez, hori behar duzu buruan atxiki, eta joan-jinak egiten dira gure eta ekoiztetxearen artean. Beste mota bateko ariketa da, eta manaketek bide ematen dizute zure mundutik ateratzeko eta beste helburu batzuk betetzeko.
2020an atera zenuen Before it’s vanished diskoa. Zer bide egiten ari zara Rüdigerrekin?
Diskoa COVID-19aren pandemia bukaeran atera zen, eta garai zaila izan zen kultura arloan oro har. Hala ere, jendea ekitaldiz eta musikaz gose zen, eta guk ere nahi genuen jendearen aitzinean jo. Konfiantza eman dit pandemia bukaerako giro horrek, eta emanaldi franko egin ditut geroztik. The Dancing King albuma Willis Drummondekin egin genuen pausaren aldi berean atera nuen, eta, egia erran, osoki murgildu naiz Rüdigerren biran: 50 bat kontzertu egin ditugu bi urtez.
Non ibili zara nagusiki azken diskoa aurkezten?
Hegoaldean eta Espainiako Estatuan egin dut bira nagusiki. Uste dut publiko zabalagoa lortzen dudala Hegoaldean eta Espainiako Estatuan, pop, folk, rock nahasketa horrek arrakasta handiagoa baitu eremu horietan. 1990eko hamarkadako indie musika aurkezten dugu, eta uste dut Frantziako Estatuan modaz zinez pasatua dela estilo hori. Nik nihauren burua gehiago identifikatzen dut Hegoaldeko publikoan.