Arnasa hartu, eritasunaz ohartzeko

Arnas aparatuaren eritasunak detektatzeko prebentzio goiztiarra egitea aholkatu dute Baionako ospitaleko pneumologoek. «Anitzetan uste dugu hatsantua izatea normala dela, baina ez, ez da normala».

Marielle Sabatini eta Cecilia Nocent, arnas aparatuaren gaitasuna neurtzeko azterketa egiten, Baionan. HITZA
Marielle Sabatini eta Cecilia Nocent, arnas aparatuaren gaitasuna neurtzeko azterketa egiten, Baionan. HITZA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hartu arnasa sakon, eta bota, bota, bota mugaraino iritsi arte». Tableta bat eskuan, gizonezko baten arnasketa gaitasuna neurtzen ari zen Cecilia Nocent pneumologoa. Hasieran gorrian zen neurgailua, laranja kolorera pasatu zen gero, ondotik berdera iritsi arte. «Oso ongi», ebatzi zuen medikuak, «arnasketa aparatua osasuntsu duzu». Arnasketari loturiko eritasunak detektatzeko kanpaina antolatua zuten joan den astean Baionan, arlo horretako medikamentuak saltzen dituen laborategi batek bultzaturik. Horretarako prestatutako autokarabana batean, aparatu batean putz egitea proposatzen zieten hala nahi zuten herritarrei. Cecilia Nocent eta Marielle Sabatini Baionako ospitaleko pneumologoen hitzetan, funtsezkoa da eritasunen detekzio goiztiarra egitea, erietxera iristean maiz sintomak aitzinatuak izaten dira eta.  

Bi pneumologoen hitzetan, anitzetan herritarrak ez dira ohartzen halako problemak dituztela, eguneroko bizitza araberan egokitu dutelako. «Hatsantuak baldin bagara, kirol gutxiago eginen dugu hatsantua ez izateko. Beraz, arnasketari loturiko eritasun bat duten anitzek ez dakite, ez dutelako trabarik sentitzen», esplikatu du Nocentek. Argitu dute askotarikoak izan daitezkeela sintomak: «Bada hatsantua izatea, bada eztula, bada tua botatzea; baina izan daitezke gaueko iratzartzeak ere, ez baitugu lortzen arnasa ongi hartzea, edo bularrean txistu gisako bat sentitzea». 

Bi eritasun nagusi aipatu dituzte: asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK); azken hori erretzearen ondorio izan ohi da gehienetan. «Arnasketa funtzioaren gainbehera laster bat ekarri dezake, ororen buru bizi kalitatea andeatuz eta istripu larriak eraginez; errepikapenezko sumindura deitzen zaie», esplikatu du Sabatinik. «Funtsean, pneumologo gisara guregana iristen direnean, hau da, ohartzen direnean, eguneroko bizitzako ekintzetan trabatuak direlako da. Gure helburua da lehenago arduratzea haietaz». 

BGBKk ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du Nocentek: «Arnas gutxiegitasuna eragin dezake, heriotzaraino». Arazoa da anitzetan ez dagoela diagnostikorik, arazoa ez baita agerikoa. «Erretzaileak direnek erranen dute normala dela hatsantuak izatea, erretzen dutelako. Baina ez da normala; ez da sekula normala. Arazoa gutxiesten dute maiz, ez delako diagnostikorik».

Ospitaleratzea saihestu

Arta eman aitzin, prebentzioan eman dute azpimarra bi medikuek. «Tabakoari lotua denean, erretzeari uztea da lehen gauza. Tabakoa, kalamua, bronkioentzat toxikoa izan daitekeen guzia funtsean», esplikatu du Nocentek. Horrez gain, onuragarritzat jo du aktibitate fisiko erregularra, eta baita txertatzea ere, sumindurak errazten dituzten infekzioak  izateko aukerak mugatzen baititu. Horrez gain, azaldu du badirela hainbat medikamentu bronkioak irekitzen laguntzen dutenak. 

Baionan antolatutako detekzio azterketa halako medikamentuak sortzen dituen laborategi batek bultzatua izanik, bi pneumologoek ez dute ukatu helburu komertzialak ere badirela. «Laborategiarentzat bada helburu hori, bistan dena. Ez dira filantropoak, argi da», argitu du Nocentek. Hala ere, zehaztu du ez dutela loturarik laborategiarekin: «Sektoreko eragile bat gehiago dira, eta haien medikamentuak erabiltzen ditugu; baina ez haienak bakarrik». Baieztatu du, pneumologo gisara, prebentzioan eta detekzioan dutela interesa: «Maiatzean beste detekzio kanpaina bat antolatu genuen Nire birikak izena duena; osoki independentea da, ez du laborategirik gibelean».

Beste arlo anitzetan bezala, zaila da arnasketari lotu arazoei buruzko Ipar Euskal Herriko datuak lortzea. Frantziako Estatuan, 3,5 milioi herritarrek dute BGBK eritasuna. «Baina neurtzen dugu bi milioitik gora ez direla diagnostikatuak», esplikatu du Sabatinik. «Ospitalean artatzen ditugun pazienteek eritasuna biziki aitzinatua dute, eta gehienetan forma gogorrak dituzte. Epidemiak gertatzen direnean, ospitalea tentsiopean da, eta ez dugu lortzen behar guziei erantzutea. Pazienteen detekzio goiztiarra egiten badugu, artak ere lehenago ematen ahal dizkiegu, eta, hala, errepikapenezko sumindurak saihestu. Ospitaleratzeak eragozteko modua litzateke». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA