Arteak artan parte hartzen duelarik

Miarritzeko Theatre des Chimeres konpainiako kideek eta Hendaiako Itsas Ospitaleko pazienteek 'Finalement on est devenus très précis' emanaldia eginen dute gaur eta bihar, Hendaiako Gaztelu aretoan, Antzerkiaren Maiatzaren kari.

Theatre des Chimeres konpainiako kideak eta Hendaiako Itsas ospitaleko pazienteak, errepika saio batean. HITZA
Theatre des Chimeres konpainiako kideak eta Hendaiako Itsas ospitaleko pazienteak, errepika saio batean. HITZA
julene muruaga
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzezle amateur eta profesionalen arteko lana da hau; antzerki konpainia bateko kideen eta ospitale bateko pazienteen artekoa. Zehazki, Miarritzeko Theatre des Chimeres antzerki taldearen eta Hendaiako Itsas Ospitalearen arteko lanaren emaitza da Finalement on est devenus très précis (Azkenean oso zehatzak bilakatu gara) antzerkia. Antzerkiaren Maiatzaren kari, lehen aldiz emanen dute gaur Hendaian, 18:00etan, Gaztelu Aretoan. Berriz jokatuko dute bihar, 12:00etan eta 18:00etan.

Ez da lehen aldia konpainiak eta ospitaleak elkarrekin lan egiten dutela; hain zuzen, seigarren lan komuna dute. Proiektu horien helburua da antzerkilari profesionalak, amateurrak eta ahalmen urriko pertsonak nahastea. Patxi Uzkudun konpainiako langilea pieza berriaren eszena zuzendariaren laguntzailea izan da, eta, hark azaldu duenez, kolaborazioaren hasieran, duela hainbat urte, idazketa tailerrak egiten zituzten, eta tailerretik, antzezlan bat ondu zuten. Geroztik, kolaborazioak segitu du. Egin zituzten lehen emanaldietako gaiak parte hartzaileen elbarritasunari lotuak ziren: haien eritasunak, haien egoera, hurbilekiko harremana, artatzaileak... «Hasieran, pertsona horiek egunerokoan bizi zutena nahi genuen taularatu, adibidez, nola pasatzen den eritasun larri baten diagnostikoa ematen dietelarik, eta halako egoerak. Baina azken hiru emanaldietan erabaki genuen hortik urruntzea, eta beste gai batzuk jorratzea: zinema, transformazioa, ametsa...».

Seigarren lanean, antzerki taularen mugak zeharkatuko dituzte, ez baitute emanaldia antzoki batean emanen: aretoaren inguruan «harat-honat» ibiliko dira, hainbat unibertso esploratzen. «Emanaldiak ez du istorio bat kontatzen, esperientzia bat izanen da bere horretan. Eremuaren bisita bat da». Ikusleek antzezleak segituko dituzte emanaldian zehar. Orotara, hemeretzi antzezle izanen dira: ospitaleko bederatzi paziente eta hamar antzezle profesional eta amateur.

Kultura denentzat

«Gure lan egiteko manera beti da desafio bat. Usaian, antzezlan bat sortzeko zortzi bat aste behar ditugu. Oraingo honetan, pazienteekin emanaldia hamabost egunetan sortu dugu. Astelehenean hasi, eta badakigu hurrengo ostiralean emanen dugula», azaldu du Uzkudunek. Konpainiakoek testua idatzi, antzezleei bidali, eta antzezten hasten dira hortik egun gutira. Denen arteko engaiamendua beharrezkoa dela azaldu du, lanbidea ez dutenek opor egunak pausatu behar dituztelako proiektuan parte hartzeko, eta pazienteek ere egunak araberan antolatu behar dituztelako.

Konpainiakoak azaldu du eri eta elbarrituak direnen lekua «eskasa» dela kulturan: «Ez dute berezko lekurik, ateak ez zaizkie beti irekitzen; alderantziz, gehienetan, hesten zaizkie. Lekua ez zaie naturalki ematen. Gauzak mugitzen ari dira, baina oraindik ez da aski». Horregatik helburutzat dute kultura denendako eskuragarri izatea, eta kultura kontsumitzetik haratago, pazienteek kulturan parte hartzea, kulturan «aktore» izanez. Horrez gain, uste du antzerkiak leku handia duela erien bizian, baita sendatze prozesuan ere: «Artea eta kultura pazienteen artaren parte da. Medikuntzak sendatuko du, edo eritasunak konpentsatuko ditu, baina arteak buruari on egiten dio».

Bi asteko esperientziaren ostean, nekea sumatzen badute ere, «harrotasunak» gaina hartzen du. «Leher eginak gara, baina badakigu zerendako akituak garen. Hamabost egun pasatu eta gero, ahazten dugu nor den elbarritua, nor profesionala, nor amateurra... Denak gara artistak. Parte hartzaileek beti berriz jin nahi dute. Ezagutza profesionaletik harago doa esperientzia; ezagutza adiskidetsua da», segurtatu du Uzkudunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA