Hendaiako atxikitze zentroan, CIMADE elkarteak laguntza juridikoa ematen die bertan hetsiak direnei. Gehienek kanporatze aginduak dituzte, eta CIMADEko langileen lana izaten da horiek ezeztatzea; izan ere, egoera administratibo «irregularra» dutenak hesten dituzte halako zentroetan, eta hor egoten dira Frantziako Estatutik berehala kanporatzen ahal ez dituztenak. Bertan preso direnei beren oinarrizko eskubideak baliatzen laguntzen ditu CIMADEk, aholkularitza juridikoa eginez. Horrez gain, atxikitze zentroetako errealitatea begiratzen dute langileek, eta bertan gertatzen denaren berri ematen dute. Alta, Frantziako Gobernuak zentro horietatik elkarteak kanporatu nahi ditu, eta OFII Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoaren esku utzi nahiko luke lan hori; hots, Frantziako Barne Ministerioaren adar baten esku.
«Gobernua errepresio tresna guziak aktibatzen ari da paperik gabekoen kontra», salatu du Maite Etxeberri CIMADEko Hendaiako atxikitze zentroko langileak. Etxeberrik uste du testuinguru orokor batean kokatu behar dela Parisko gobernuak indarrean sarrarazi nahi duen legea. Izan ere, iazko abendutik Asilo eta Immigrazio Legea indarrean da, eta kanporatze aginduak «bizkortzeko» neurriak biltzen ditu, besteak beste. Orain, gainera, atxilotze epea luzatzeko beste lege batek Frantziako Senatuko bidea hartu du: 210 egunera pasatu nahi dute atxikitzearen gehienezko epea —gaur egun, 90 egunekoa da—.
«Agerikoa da testuinguru orokor bat dela», erran du Etxeberrik. «Orain, laguntza elkarteekin tematu dira, eta gure lanari eraso egin nahi diote. Denbora berean epaile eta alderdi garela diote, eta horrek argiki erakusten du ez dakitela zer den gure lana. Ez gara ez epaile, ez alderdi; informazio juridikoa ematen diegu, eta haien eskubideen defentsa egiten dugu». Lege hori indarrean sartuko balitz, atxikitze zentroetan preso direnen eskubideak «ahulduko» lirateke.
Zaintza lanik ez
Elkarteek «zaintza» lana ere egiten dute halako zentroetan, independenteak baitira. Etxeberrik argi du: zentro horietatik elkarteen begirada kentzen bada, informazio eta analisi lan guzia desagertuko da. «Egun, bilanak egiten ditugu, eta urtero aurkezten ditugu datuak: zenbat pertsona atxiki dituzten, zenbat denboraz, eta zenbat kanporatu dituzten, zer baldintzatan. Hori Barne Ministerioaren esku uzten badugu, arriskua da analisirik ez batere ukaitea», esplikatu du CIMADEko Hendaiako atxikitze zentroko langileak.
Atxikitze zentroekiko «kontradiskurtsoak isilarazi» nahi dituztela uste du. «Guk ikusten dugu zenbatekoa den kanporatze tasa, eta zilegi da galdekatzea ea zinez balio duen jendea arrazoi administratiboengatik ixtea».
«Denbora berean epaile eta alderdi garela diote, eta horrek argiki erakusten du ez dakitela zer den gure lana. Ez gara ez epaile, ez alderdi; informazio juridikoa ematen diegu, eta haien eskubideen defentsa egiten dugu»
MAITE ETXEBERRICIMADEko Hendaiako atxikitze zentroko langilea
Gainera, Etxeberrik pentsatzen du zentroetako bizi baldintzak okertu ahalko liratekeela: «Guk zaintza lan bat egiten dugu, eta, zerbait gertatuz gero, baliabideak baditugu publikoki salatzeko». Hortaz, erran du «edozer» pasatzen ahalko dela elkarteak zentroetatik kentzen badituzte. Elkarteek egiten duten lana Barne Ministerioaren esku uztea zuzenbide estatuarentzat «neurri arriskutsua» dela gehitu du: «Guk zaintzen ahal dugu administrazioak bere arau propioak errespetatzen dituen. Lan hori gabe, trankilki kanporatzen ahalko dute jendea legez kanpo».