Aurrekontua apalduta, zailtasunetan da Mission Locale, gazteak laguntzen dituen egitura

Diru laguntzak %7 apaldu dira aurten, baina heldu den urterako, litekeena da murrizketa are handiagoa izatea: %13koa. Ipar Euskal Herriko 32 harrera zentroak lanjerean ezartzen ditu horrek.

Ipar Euskal Herriko Mission Locale erakundeak deituriko elkarretaratzea, Baionan, 2025eko martxoan. GUILLAUME FAUVEAU
Ipar Euskal Herriko Mission Locale erakundeak deituriko elkarretaratzea, Baionan, 2025eko martxoan. GUILLAUME FAUVEAU
Angelu
2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Gobernuaren 2026ko aurrekontuaren apaltzearen harira, iragarri dute gazteez arduratzen diren hainbat eragilek murrizketak pairatuko zituztela. Neurri berri horiek zuzenki kalte eginen diote, besteak beste, Mission Locale egiturari. Alta, betebehar garrantzitsua dute gazteendako: gizarteratzerako eta lan mundurako sarbidea errazteko balio dute. Ipar Euskal Herrian 32 harrera zentro ditu erakundeak —Frantziako Estatuan 6.800 bat dira—. Estatuaren diru laguntzen apaltzeak, ordea, zentro anitz egoera ekonomiko «zailean» sartuko lituzkeela iragarri du UNMLk, Frantziako Mission Localeren sindikatuak. Ez da lehen aldia arrangura adierazten duela, aurtengo martxoan jadanik elkarretaratzera deitu baitzuten, orduko murrizketak argitara atera zirenean.

Brigitte Cazalis Angeluko zentroko zuzendariarentzat, iragan urteko murrizketak jada pairatzen hasiak dira. «Gure aurrekontuaren %80 langileen soldaten pagatzeko baliatzen dugunez, diru apaltzeak ondorio zuzenak ditu. Urte hasieratik jada lau lanpostu kentzera behartuak izan gara, eta, zoritxarrez, ez dakigu horretan geldituko garen». Gaur egun, Ipar Euskal Herriko egituretan 64 langile dira, «behar handiak» dituen lurraldean. Cazalisek nabarmendu du gazteriarendako garai «zailak» direla, batez ere buruko osasun arazoak direla eta. Horretarako, Cazalisek argi utzi du «beharrezkoa» dela gazteekin harreman hurbila atxikitzea, eta horretarako langile kopurua mantendu behar dela.

Mission Localeko zentroa Angelun, 2025an / GUILLAUME FAUVEAU
Angeluko Mission Locale zentroa, 2025eko artxibo irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU

UNMLk datu azpimarragarriak zerrendatu ditu bere lanaren premia adierazteko: besteak beste, Frantziako Estatuko lau gazterik bat pobreziaren mugaren azpitik bizi da; bestalde, herritar pobreen erdiek 30 urte baino gutxiago dituzte, eta langabezia tasa %19 da 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Testuinguru horretan, aurrekontuaren murrizteak kostu ekonomiko eta sozial handia izango luke, ezin izango baitituzte gazteak «behar bezala» errezibitu eta lagundu. Haien ustez, Mission Locale egiturei zuzendutako diru laguntzak %13 jaitsiko balira, 1.081 enplegu galduko lirateke Frantziako Estatu osoan. Gainera, aurretik egindako murrizketei gehitzen zaio jaitsiera berri hori; 2025ean dagoeneko %6,8 murriztu zieten aurrekontua. Orotara, beraz, bi urtean, Frantziako Estatuaren laguntzak %20 apaldu dira Mission Localerentzat. 

Aterabide ezberdinak

Mehatxu horren parean, UNML sindikatuak lau neurri plantan ezartzea galdegin du. Lehentasunez, Mission Locale egituren 2026rako finantzaketak mantentzea exijitu du, 2025erako Aurrekontu Orokorren Legean aurreikusitako baldintzetan. Ondotik, arazo ekonomikoak dituzten Mission Locale egiturak laguntzeko, Frantziako Estatuaren larrialdi funtsa erabiltzeko eskatu du. Bestalde, konprometitutako 200.000 gazteren kontratatze berezia 2026. urtera luzatzea ere nahi du UNMLk. Azkenik, 53 milioi euroko PACEA aurrekontuaren mantentzea galdetzen du, 2025ean gazteen pobreziaren aurkako Frantziako estrategian zin egina izan zen bezala. UNML sindikatuak izenpe bilketa bat abiatu du aldarrikapen horiei sostengua ekartzeko.

Horrez gain, Misson Locale egituren funtsak segurtatzeko, arazoa arlo politikora eramatea erabaki dute. Hots, bide instituzionaletik jarduten hasi dira Colette Capdevielle eta Peio Dufau diputatuak, Frantziako Asanblean 2026ko aurrekontuaren legegaiari zuzenketak pausatu dizkietelako. Anartean, Cazalisek oroitarazi du neurriak «hipotetikoak» direla, eta beste iragarkien zain geratzen direla momentukoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.