Etorbidearen zubiko argazki historikoen gaurkotasun isla

Antxeta irratiak argazki erakusketa bat egin du irail hastapenean Avenida zubian, bereziki frankismo garaiko irudiekin. Irungo Herriko Etxearekin elkarlanean, historia eta gaur egungo errealitatea izan dituzte mintzagai.

GUILLAUME FAUVEAU
'Deserriratuen memoriaren zubia' erakusketaren estreina, irailaren 2an, Avenida zubian. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait egunez, Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen oinezkoen zubia historiaren lekukotasunez bete da. Iraileko lehen astean, Antxeta irratiak Deserriratuen memoriaren zubia deitu argazki erakusketa antolatu zuen Irungo Herriko Etxearekin (Gipuzkoa) partaidetzan. Francoren heriotzatik 50 urte direla eta faxistek Irun erre zutenetik 89 urte direla oroitarazi dute argazki historikoak zubi bazterretan ezarriz. Frankismo garaiko hamabi irudiek aktualitatean duten oihartzuna aipatu dute antolatzaileek, etorkinen errealitatea ere gogoan hartuz.

Haur batzuk zeharkatzeko itxoiten, zenbait pertsona Irundik Hendaiara ihes egiten ari edo beste zentzuan etxera itzultzen... Artxiboetako argazkiak erakusketa egin duten lekuan ateratakoak dira: Etorbidearen zubian, Santiago zubiaren ondoan den oinezkoen zubian. Erakusketaren izena, berriz, laster ofizialki bilakatuko da zubi horren izendapen berria: Deserriratuen Memoriaren Zubia. Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak ahalbidetuko du izendapena, Irungo herriak eskaera eginik eta beste instituzio nagusiek onarturik. «Duen sinbologia eta esanahiagatik bilakatuko da memoria gunea», Gorka Alvarez Irungo hautetsi jeltzalearen erranetan.

Historiaren lekuko

Ehun urtez goitikako historia du Bidasoa gaineko zubiak. Frantziaren eta Espainiaren arteko hitzarmen batek sortua, Etorbidearen zubiak «urteetan zubi lanak egin zituen, baina gerra garaian oztopo bat ere bihurtu zen», Alvarezen arabera, 1936ko gerrari erreferentzia eginez. 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea Iruñetik hasi, eta ondoko irailaren 5ean sartu ziren faxistak Irunen. Zubiak egoera hartan ukan zuen garrantziaz mintzatu da Alvarez: «Irun erori baino lehen, ihesbide bat izan zen erbestera joan behar izan zuten hainbat jenderentzat. Gero, gerra garaian, saihestu nahi zuten Errepublikak komunikazioa izatea Europako beste herriekin». Hargatik, diktadura garaian zubia itxia egon zen, hautetsiak gehitu duenez.

guz DeserriratuenMemoriarenZubiarenErakusketa Hendaia GuillaumeFauveau 1
Gorka Alvarez Irungo hautetsia, Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzailea, Jon Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria eta Igor Enparan Hondarribiko auzapeza, Etorbidearen zubian, irailaren 2an. GUILLAUME FAUVEAU

Hainbat urtez zubia zerraturik egon ondoan, «Alemanak Hendaiaraino ailegatu ziren, eta zubi hori ere inportantea izan zen», Alvarezek dioenez. 1940ko agorrilaren 29an Gestapoko agente naziek Lluis Companys buruzagi katalana frankisten esku utzi zuten zubi horretan berean, eta urriaren 15ean fusilatu zuten. Garai berriagoetan ere protagonismoa ukan du zubiak Alvarezen erranetan, oroitaraziz «pandemia garaian eta migrazio kontuak direla-eta zubi hori itxi eta berriz ireki» dutela. 

«Behin eta berriz errepikatzen da irudia: larruazal beltzeko pertsonak beti Hendaia aldera begira ea poliziak hor diren edo ez»

AITZIBER ZAPIRAINAntxeta irratiko koordinatzailea

Antxeta irratiak memoria historikoa landu izan du azken urteetan, ikuspegi desberdinak landuz urtez urte, hala nola: bortxazko lanak frankismoan, Comete sarea, ikastolen sorrerak frankismo garaian. Aurten, Etorbidearen zubian egin proposamenak bat egin du Irungo Herriko Etxeak antolatu dituen jardunaldi instituzionalekin. Erakusketaren partaide izateaz gain, Irunen hainbat hitzaldi eta ekitaldi politiko bat antolatu dituzte hilabete hastapenean, frankismoak hirian eragin kalteak oroitarazteko. Hautetsiaren arabera, egitarau horren bitartez «gizartean gogoeta bultzatu» nahi izan dute; «iraganean hemen gertatu zenaz gogoetatu, geroari begira».

Gaurkotasuna

Erakusketa antolatu duen Antxeta irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirainentzat, begi bistakoa da iraganak gaurkotasunarekin zerikusia baduela: «Behin eta berriz errepikatzen da irudia: larruazal beltzeko pertsonak beti Hendaia aldera begira ea poliziak hor diren edo ez; gero, askotan ikusten da polizia auto bat zubi erdian pertsonak geldiarazten». Errealitate berri hori aipatzea saihetsezina zaio Alvarezi ere: «Europako hainbat herrialdetara ailegatu nahi dute, eta beren etorkizuna segurtatu. Guk ere, euskaldunek, asko dakigu horretaz; mundu osoan zehar ibili gara gure etorkizuna bermatzen». 

Jardunaldietan landu gai desberdinak direla medio, gizartean «pedagogia eta gogoeta» bultzatzea du xede Irungo herriak. Denboran ere zubiak egitea ezinbestekoa da Alvarezen ustez: «Europan faxismoaren etorreraren beldur handia bada, eta guk faxismoa izan dugu hemen duela berrogei urte arte. Ezaguna zaigu».

«Irun erori baino lehen, ihesbide bat izan zen Etorbidearen zubia erbestera joan behar izan zuten hainbat jenderentzat»

GORKA ALVAREZ Irungo hautetsia

Gaur egun ere, hain zuzen, haiek hala ez onarturik ere «eskuin muturreko» irundar batzuen berri eman zen uda hastapenean, Zapirainek oroitarazi duenez: «Whatsapp talde bat sortu zuten, eta ostiralero eta larunbatero hasi ziren taldeak osatzen, haien esanetan herritarren segurtasuna bermatzeko. Jatorri marokoarrekoen eta beltzen atzetik joaten ziren», kontatu du irratiko ordezkariak. 

guz DeserriratuenMemoriarenZubiarenErakusketa Hendaia GuillaumeFauveau 5
'Deserriratuen memoriaren zubia' erakusketaren estreina, irailaren 2an, Etorbidearen zubian. GUILLAUME FAUVEAU

Etorkinen inguruan «bi mutur» ikusten direla gehitu du Antxeta irratiko langileak: eskuin muturrekoak, eta elkartasun sarekoak bestalde: «Bada jende bat egunero laguntzen, etxeak irekitzen, arropak eta jatekoa ematen dituena, eta Irungo San Juan plazan orduak ematen eta harrera egiten duena», bi elkarte nagusitan antolatuak. Antxeta irratiarentzat «erreferentziazko informazio iturriak» dira elkarte horiek, koordinatzaileak segurtatu duenaz. 

Transmisioa

Argazki erakusketa iraileko lehen egunetan baizik ez da izan ikusgai, baina horri lotuak diren podcast labur batzuk entzungai dira oraino ere Antxetamedia.eus webgunean. Gutun irakurketak senide artean, Gurseko kontzentrazio esparrua (Biarno), Biriatuko 1921eko lekukotasuna, Verdungo bataila (Frantzia)... Hainbat gai euskaraz kontatuak dira podcast labur horietan.

Frankismoaren inguruko memoria historikoaren lanketan, berriz, Alvarezen erranetan, diktadurak iraun zuen lau hamarkadetako beranta berreskuratu behar da: «Berrogei urte horietan egin den memoria lan guztia garaileen memoria izan da, historia ofiziala garaileek idatzi baitzuten. Orain, oinordekoek obligazioa daukagu historiaren parte hori berreskuratu eta kontatzeko», erran du. 

Igor Enparan Hondarribiko auzapezak, gainera, deserriratuei omenaldi bat egin nahi izan zien erakusketaren estreina egunean, irailaren 2an, bere «osaba Alberto» aipatuz. Oroitu duenez, tirokatua zela zeharkatu zuen Bidasoa, Frantziara ihes egin, eta gero erbestean hil zen. Hura bezalako deserriratu guztiak ere omendu ditu Enparanek.

Garaiak garai, Zapirainen ustez inportantea da azpimarratzea gaur egun ere badirela zubia zeharkatzera eraman dezaketen errealitateak. «Azpimarratu behar da guri ere gertatzen ahal zaigula errealitate horiek bizitzea», gehitu du. Antxeta irratiarentzat erakusketa egitea «ariketa puntuala» izan da, baina koordinatzaileak uste du gaia «programazioaren bidez etengabean» lantzen dutela. Zubia zeharkatzeko zailtasunak dituzten afrikarrekin, adibidez, lanketa berezi bat egiten du Antxetak, Zapirainek dioenez: «Datuak ematen direnean eta datuen gibelean beti etorkinak aipatzen badira, gure garunak ohituraz deskonektatzen du. Entseatzen gara hizkuntza oso ongi zaintzen, ez ahazteko pertsonez mintza garela», erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.