Urtero, azaroaren 11n Ipar Euskal Herrian besta eguna da. Lehen Mundu Gerrako armistizioaren omenez Frantziako Estatuak inposatzen digun besta eguna. Hori dela eta, Uztailak 14 kolektiboaren izenean, egun hori bere testuinguruan eta koadroan kokatzea dagokigu, bikainki irudikatzen dituelako Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza nazionala eta soziala.
Egun horretan, gerlan hil ziren frantses herritarrak «omentzeaz» gain, frantziar nazioaren handitasuna eta supremazia azpimarratu ohi dira, gerlaren krudelkeria eta ustelkeria alde batera utzirik. Antimilitarismoaren eta antiinperialismoaren eguna bihurtu zitekeena guztiz horren aurkakoa bilakatu da, eta horren ordez, gerlaren beraren mitifikazio antzu batera garamatza urtero. Izan ere, Lehen Mundu Gerran hildako 6.000 euskal herritarrak frantziar nazioarentzat hil zirela sinetsarazten digute, gehienek, dakigun bezala, frantsesez mintzatzen ez zirelarik.
Hain zuzen, euskaldun horiek, «patriotismoaren» izenean deiturik, frantses nazioaren parte izatera derrigortuak izan ziren, haien hizkuntza, euskara, alde batera utzirik. Desertzio eta intsumitu ugari izan arren, anitzek bizia galdu zuten; eta isuritako odol horrek eragin handia izan zuen frantses sentimenduan: Herriarentzat hil ziren; Mort pour la Patrie. Hortik, Frantziako Estatuak heriotza horiek instrumentalizatu, eta, betiere estatuaren garrantzia goraipatuz eta frantses sentimendu hori azkartzeko helburuarekin, sekulako politika asimilatzaileak eraman zituen. Horren adibide garbiak ditugu armistizioaren oroimen eguna, eta hilen monumentuena. Izan ere, hil ziren euskaldunen izenak monumentuetan idatziz, familiei komunitate baten parte izatearen sentimendua sortzen zieten, eta horrekin, berriz ere, identitate frantsesa indartu. Gerla, beraz, ez zen soilik militarra, asimilazio politiko eta sinbolikoaren tresna ere bazen: euskaldunak «frantses» sentitzeko prozesu bortitza.
Are gehiago, ez da, sinetsarazi nahi diguten bezala, zerutik erortzen den aurreikusi gabeko katastrofe bat. Justuki, planifikatua, antolatua eta bideratua den prozesu oso baten emaitza da gerla; elite baten mesedetan bultzatzen dena. Lehen Mundu Gerraren kasuan, industrializazio prozesu luze baten bukaeran kokatu behar dugu, eta Europako estatu inperialisten etengabeko espantsionismoaren ondorio zuzen bat bezala ulertu. Kapitalismoaren fase gorena da inperialismoa, hazkunde ekonomikoa garatzeko beharrezkoa duen prozesu bat. Estrategia berdina ikus dezakegu AEBek Israelen indar militarrekin Palestinan eramandako genozidioan, zeinetan bi populuen arteko gatazka izateaz haratago, mendebaldeko herrialde kapitalisten interes ekonomikoak jokatzen diren. Hortaz, inperialismoaren eta gerlaren izaera burgesa kontuan hartu gabe, gerlaren auzia ezin daiteke osotasun batean biluzi.
Ondorioz, Frantziako Estatuak Azaroak 11ren kari inposatzen duen besta eguna azkarki salatzen dugu U14 kolektibotik. Horretarako, hau da, gerlaren erabilpen inperialista eta asimilatzailea erauzteko, azaroaren 11n, arratsaldeko bostetan, Azkaineko plazara etortzeko deia egiten dizuegu. Frantziak erail zituen euskaldunen omenez, eta sarraski horien erantzuleei aurre egiteko, Azkainen elkar ikusiko dugu.