Balaki trinketaren hats berria

Hamar bat urtez itxia egon ondotik, Itsasuko Balaki trinketak ateak berriz ireki ditu. Herriko etxeak, elkarteek eta herritarrek eraman elkarlanari esker, trinketari beste bizialdi bat eman diote.

(ID_17582866801435) Balaki trinketa
Balaki trinketa berritua, Itsasu sartzean, iragan astean. FRANÇOIS BERLAND
julene muruaga
Itsasu
2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agorril erditsuan estreinatu zuten Itsasuko Balaki trinketa arraberritua, urte bat eta erdiko obren ondotik. Trinketa deitua bada ere, oraingoan, trinketa baino gehiago bilakarazi dute lekua, herriko elkarteen artean partekatzeko lekua izanen baita. Orotarat, lau gune nagusi dira: trinketa, jatetxea, eskalada gela, eta denen gela.

Balaki trinketa 1961ean eraiki zuten, Itsasu sartzean. Leku pribatua izan zen hainbat urtez, eta, urteak joan ahala, lekua andeatzen hasi zen, eta, beraz, lekua publikoari hetsi zioten. Michel Setoain Itsasuko hautetsia proiektuaren eramaileetariko bat da; esplikatu du 2016tik goiti saiatu zirela trinketaren jabeekin negoziatzen, herriko etxeak lekua eros dezan, baina neke zen orduan. «Pribatuekin ez baitziren arranjatu, erabaki zen elkarte bat muntatzea: Balakiko lagunak. Bildu ziren dozena bat elkarte, jabeekin berriz negoziazioak egiteko, lekua berriz irekitzeko baimena lortzeko». 2021ean negoziazioak berriz hasi zituzten; 2022an, azkenean, baimena lortu zuten, eta herriko etxeak lekua erosi zuen.

«Trinketa berritu nahi genuen, alde batetik, arrunt andeatu baitzen, eta, bestaldetik, beste eskaintza bat proposatzeko herriari. Demokrazia parte-hartzaile baten bidez erabaki genuen zer eta nola egin», kontatu du Setoianek. Deliberatu zuten trinketaz gain beste leku batzuk ere proposatzea. Herritarrei galdegin zieten zer ikusi nahi zuten leku horretan. Hautetsiak erran du ideia berri «anitz» emanak izan zirela. Parte hartu nahi izan zutenen artean bulego bat osatu, eta taldeka ideiak hausnartu zituzten, neurtzeko zer zen egingarri eta zer ez; eta egingarria zena nola garatu.

Lehenik, argi zuten trinketa arraberritu behar zutela. Trinketaren zola berritu, eta pilotalekua lehiaketen normetan eman dituzte. «Itsasun badira 150 pilotari baino gehiago, neska eta mutil, biziki elkarte handia da, baina beste herrietara joan behar zuten trebatzeko. Orain trinketa berritu dugula, denak aritzen ahal dira. Pilotariek eskertzen dute».

Horrez gain, «gela berezia» edo «herritarrentzat gela» egitea deliberatu zuten. «Aktibitate gela bat nahi genuen jakitateen transmisioa egin ahal izateko. Norbaitek nahiko balu dakien zerbait erakutsi, gela erreserbatu eta aktibitatea urririk proposatzen ahalko du». Setoainek azpimarratu du aktibitatea nahitaez urririk eman behar dela, salbuespenik gabe. Oraingoz «anitz» aktibitate izan direla aipatu du: informatikako tresnak konpontzeko tailerrak, joste trebakuntzak, dantza erakusketak...

Eskalada gela

Beste ideien artean, jatetxe baten ideia jalgi zen, trinketarekin batera, bertan zen jatetxea erosi baitzuten; Balakin alokatzen duten leku bakarra da. Itsasuar batek hartu du jatetxearen ardura, eta bertako mozkinekin prestatutako platak proposatzen dituzte.

Azken aldaketa handia eskalada gelarena izan da, Arroka eskalada elkarteak eraman duena. Dioni Ager elkarteko lehendakariak erran du amets «ero» batetik jin zen ideia azkenean «egia» bilakatu dela. Arroka elkarteak ideia bota bezain laster, 500 bat erantzun positibo eskuratu zituela esplikatu du Agerrek; herriko etxekoak «harrituak» egon zirela kontatu du. Eskaera onartua izan zitzaien, eta trinketaren gibeleko partea handitu zuten, gela berri bat eraikiz, eskalada murrua egin ahal izateko. «Lau urteko lan handia izan da gela horren pentsatzea eta egitea».

Irail hasieran egin zuten gelaren estreinaldia. Orotarat, 24 bilgune badira —soka gainean lotzen den tokia da—, eta bilgune bakoitzaren azpian, bi edo hiru bide atzeman daitezke, kolorezko lokiekin adieraziak direnak; eskaladarako 62 bide dira, beraz. Murruen hainbat inklinazio ere badira, zailtasun maila bat baino gehiago proposatzeko: «Hastapenetik nahi genuen jende anitzi ireki gure eskalada gela, eta jende anitzentzat interesgarria izatea: bai 6 urteko haur batentzat, bai adineko herritar batentzat, eta baita eskaladazale amorratuek ere plazera har dezaten hemen».

Balaki trinketa berrituak hainbat abantaila dituela uste du Setoainek. «Itsasuko bide guztiak Balakira iristen dira. Beraz, bideek egiten duten ber gisara, espero dugu leku horretan jendeek elkar gurutzatzen ahalko dutela, gustuan egoteko, eta aktibitateei esker nahasiz». Jendea elkartzea da lehen helburua, baina beti euskara «erdigunean» atxikiz. «Ez da euskara baizik ez dugula entzun nahi. Balaki euskara erabiltzeko edo praktikatzeko izan daitekeen leku bat bilakatu nahi dugu, eta jiten direnek jakin dezaten hemen euskaraz aritzen ahal direla». Gehitu du lekuan parte hartuko duten elkarte guziak engaiatu direla euskarari lekua emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.