2026ko udak klima aldaketaren berrespena irudikatzen du: eguraldi beroa eta eguzkitsua, ekaitzik eta euriterik ez, eta lehortea. Klima aldaketak bero handiak eragiten ditu, beroteak eragiteraino. Ipar Euskal Herrian inoiz erregistratu den udarik beroena da, berote historiko batekin. Berote honek herritarrei ere zuzenean eragiten die. Besteak beste, etxebizitza sozialetan bizi direnei: prekarioenei, alegia.
Lison Pignol Kanboko etxebizitza sozial batean bizi da, bi estaiko etxebizitza baten azken pisuan. Etxebizitza hori zenbait apartamentuz osatua da, eta eskailera komunak ditu. Eskailera horiek kristalez inguratuak dira; alta, kristal horiek ez dira leihoak, ezin baitaitezke ireki. Gainera, eguzkiak bete-betean ematen du, eta, beraz, haien eskailera konpartitutako eremuan berotasuna 50 graduraino igo da berotean.
Bestalde, bere etxean 32 gradu inguru izan direla salatu du. Horren kontra neurriak hartu ditu Pignolek: «Office 64koekin harremanetan ezarri naiz, hau da, ene apartamentuaren alokatzaileekin, isolatzeko gortinak ezartzeko galdeginez, eta nire eskaera ukatu dute. Abandonatua sentitu naiz, eta prekaritate sentimendua ukan dut».
Alda kolektiboko kide Gaelle Vincensek esplikatu duenez, alokatzaileak egokitzapenak egitera behartzen dituen legerik ez da: «Gaur egungo legedian badira etxebizitza sozialetan egoteko gutxieneko tenperaturak, baina ez maximoak; beraz, alokatzailea ez da behartua aldaketak egitera». Horrek ulertarazten du Pignolen alokatzaileak eskaerari uko egin izana. Hala ere, Aldako kideak gehitu du legea aldatu behar dela: «Legedi honekin, geroz eta gehiago berotzen diren uden ondorioz, ez da posible eroso bizitzea etxebizitza sozialetan».
Pignolen etxearen azpian adineko emazte bat bizi da; emazte horrek klimatizazioa ezarri du berriki bere apartamentuan, eta, beraz, kanporatzen den beroa Pignolen pisura igotzen da: hortaz, oraindik bero gehiago egiten du. Gainera, berotea pasatuta, aterabide bakarra zuen berotasuna uxatzeko eskailera komunen gunetik: «Nire pisuko atea eta leihoak irekiz eta eraikineko sarrera nagusiko atea irekiz lortu dut berotasuna uxatzen; parte komunetako beroa nire etxera sartzen zen, eta gero bero hori nire etxetik kanpora. Baina hori gabe, tenperaturak ez ziren apaltzen».
Gainera, ikerlariek beroari egokitutako ekokardiograma baten laguntzaz, gorputzak 40 eta 50 gradu bitarte jasateko muga duela jakinarazi dute. Tenperatura horretara iristen denean, gorputzak bero estresa jasaten du: nahasmena, goragalea, buruko mina eta zorabioak eragin ditzake. Horrek adierazten du argiki giza gorputza ez dela egina 50 gradu pasata bizitzeko. Pignolek argi du: «Etxera sartu eta irteten naizen bakoitzean eskaileretan 50 graduko tenperatura jasatea bizi ezina da».
Sinadura bilketa
Sinadurak biltzen hasi da kanboarra, etxebizitza sozialen isolamendua hobetzeko helburuarekin. Pignolek salatu du alokatzaileak ez diola erantzun egindako galdeari, eta baldintza horietan bizitzea ez dela justua. Sinadura bilketa aurkezteko testuan, adinekoak, haurrak eta gazteak ere aipatzen ditu, haiei oraino gehiago eragiten ahal baitie.
Etxebizitza sozialetan bereziki gertatzen da egoera hau, etxebizitza sozialak ahalik eta merkeen eraikiak baitira, ondoren merke alokatzeko. Beraz, gaizki isolatuak dira anitzetan, eta orokorrean neguan zein udan arazoak badituzte klima aldaketarekin. Hala ere, kasu hau ez da kasu bakana, ez baitute bakarrik etxebizitza sozialek pairatzen arazo hori, nahiz eta sozialetan pairatzen den gehien.
«Frantziako Etxebizitza ministroarentzat ez da batere arazoa 50 gradu ukaitea etxebizitzan edo eskaileretan», adierazi du Vincensek. «Guk uste dugu baliabide gehiago eman behar direla beroteari aurre egiteko». Baina arazoa estatuak sortzen du, haren arabera: «Etxebizitzaren negozioak diru asko ekartzen dio estatuari, baina bakarrik laurden bat inbestitzen dute. Aldiz, gehiago inbestituko balute etxebizitzak berritzeko, ez litzateke egonen etxebizitzetan klima aldaketa jasateko arazorik, edo ez hainbestekorik».
Frantziako etxebizitza sozialetako herritar batzuek eskari bat egin dute alokatzaileentzat, alokairu greba bat egiteko. Greba hori etxebizitzan isolamendu txarra duten alokatzaileentzat proposatu dute, eta hilabete batez alokairua ez ordaintzean datza. Beren eskubideen alde borrokatzeko modu bat izan daiteke alokairu greba egitea.