Antolamendu hitzartuko eremu bat (AHE) ezarri dute Beskoitzen, ur dorrearen inguruan, eta herriko etxeak etxebizitza proiektu handi bat egin nahi du Eiffage Amenagement enpresarekin batera: 5,4 hektareako lur eremu batean 160 etxebizitza eraiki nahi ditu; horietarik %40, etxebizitza sozialak. Hainbat herritar ez dira ados agertu egitasmoaren inguruan, eta horietarik zenbaitzuk Vivre Briscous Bourg kolektiboan antolatu dira. Kolektiboak herriko etxea eta Euskal Hirigune Elkargoa auzitara eraman ditu egitasmoari buruzko informazio gehiago lortzeko helburuz. Paueko Auzitegi Administratiboan (Biarno) egin dute salaketa.
Aspalditik auzapez batzuek mahaigaineraturiko etxebizitza proiektua da Beskoitzekoa. Azken aitzineko auzapez Fabienne Aiensak deialdia egin zuen bere bigarren agintaldian, eraikuntza enpresek parte har zezaten, eta Eiffage Amenagement enpresak erantzun zion. 2022ko urrian izenpetu zuten kontratua. Xedea oraino bidean zela, Beskoitzeko Ikastolaren inguruan sortu gatazkaren ondotik Aiensak dimisioa eman zuen iazko urte hastapenean, eta, urte bereko ekainean, Pascal Jocou hautatu zuten auzapez herriko hauteskundeetan. Kanpaina garaian lanketa puntuetan iragarri bezala, eraikuntza proiektuaren afera berriz ere mahai gainera atera du Jocouk.

Alabaina, Vivre Briscous Bourg kolektiboak gaia xeheki aztertu, eta «desegokitzat» jo du asmoa. Salatu du etxebizitza kopurua neurrigabea dela, eta horrek eragin kaltegarria izan dezakeela herrian. Gainera, deitoratu du herriko etxeak ez dituela egitasmoaren nondik norakoak behar bezala komunikatu. Hortaz, kolektiboak instituzioarekin harremanetan jartzeko ahalegina egin zuen, baina, erantzunik jaso ez zuenez, herritarrengana jo du proiektua zeinen desegokia den azaltzeko. Xedearen kontrako eskaera bat zabaldu dute sarean. Ordutik Jocouren taldearekin eztabaidatzeko hitzordua izan badute ere, erran dute hainbat galdera erantzun gabe gelditu direla. Argitasun gehiagoren bila, auzitegira jo dute.
Eraikuntza «neurrigabea»
Kolektiboak xedearen ondorio ugari «zentzugabetzat» jo ditu. Horien artean, egitasmoaren kostu «neurrigabea», eraikuntzak gune heze eta maldatsu batean egitea, ingurumena suntsitzea, bertako azpiegiturak gehiegi erabiltzea eta eraikuntza enpresaren hautua azpimarratu ditu Theo Salamon kolektiboko kideak. «Proposatu dute proiektu bat, erranez badela etxebizitza arazo bat. Eta Euskal Herrian bada etxebizitza arazo bat. Baina ez dituzte beste dimentsioak kontuan hartzen. Hortaz, gure iduriko, zentzugabea da».
Herriko etxeak eginkizunari begira harturiko hainbat erabaki zalantzazkoak direla adierazi du kolektiboak. Auzapez berriak Eiffage enpresari eraikuntzaren ardura osoa eman izana «akats handia» iruditzen zaio Salamoni. Haren ustez, herriko etxe batek bere herrian gauzatu proiektu ororen gaineko ardura eta horren jarraipena hartu behar ditu bere gain.
«Guri iruditzen zaigu demokrazia parte hartzaileago bat behar litzatekeela, jendeak bere iritzia emateko horrelako proiektu baten inguruan, aspektu guztiak zintzoki mahai gainean emanez, jende guztiak jakiteko zeintzuk izango diren ondorioak»
THEO SALAMON Vivre Briscous Bourg kolektiboko kidea
Kolektiboak deitoratu du Beskoitzeko Herriko Etxeak herritarrei xedearen dimentsio guziak ez jakinarazi izana eta herritarrei parte hartzeko aukerarik eman ez izana. «Guri iruditzen zaigu demokrazia parte hartzaileago bat behar litzatekeela, jendeak bere iritzia emateko horrelako egitasmo baten inguruan, aspektu guztiak zintzoki mahai gainean emanez, denek jakiteko zeintzuk izango diren ondorioak. Baina hori ez dute egin inondik inora».
Bertako etxebizitza eskasiari luze gabe erantzuteko, eta alternatiba gisa, beste lursail batean etxebizitza kopuru neurtuago bat eraikitzea proposatu du Vivre Briscous Bourg kolektiboak. Egitasmo «desberdin» bat egin nahiko lukete, «herritarrekin pentsatua». Horretarako, aspektu guztiak publiko egitea eta desmartxa parte hartzaileagoa izatea galdegiten du.
Krisiari erantzuteko, «eraiki»
AHEren inguruko aitzinamenduez eta kolektiboak errandakoez gain, sortu den desadostasunaz mintzatu da Pascal Jocou Beskoitzeko auzapeza. Auziari dagokionez, adierazi du Euskal Hirigune Elkargoak aferaren defentsa eginen duela eta bertan erantzunen dizkietela kontrakoek egin dituzten galderei. Horrez gain, azaldu du zergatik utzi duten eraikuntzaren gaineko esku hartzea promotore baten esku, erranez kontratua aldatzeak eraginen lituzkeen gainerateko kalte ordainak saihestu nahi zituztela.

Eraikuntzaren kostu altua aurreikusirik, diruztatzea egingarria izan dadin, Jocouk jakinarazi du zenbait aukera lantzen ari direla: «Aurrekontua optimizatzen ari gara, Eiffagerekin lan eginez. Elementu guztiak aztertzen ari gara aurreikusi xedeetara iristeko».
Etxe hutsei buruz galdetuta, Beskoitzeko auzapezak ihardetsi du herrian guti daudela eta zenbaitzuk herriko etxeak erosi dituela, betiere eskasiari erantzuteko. Nolanahi ere, helburua «herritarren beharrei erantzunen dien proiektu bat egitea» dela adierazi du, «prezio eskuragarrian dauden etxebizitza sozialak gutienez %40» izanen direla jakinik. Gaineratu du Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren krisiari errealki aurre egiteko «eraiki» egin behar dela, Beskoitzen eta beste leku batzuetan.
«Aurrekontua optimizatzen ari gara, Eiffagerekin lan eginez. Proiektuaren elementu guztiak aztertzen ari gara aurreikusi xedeetara iristeko»PASCAL JOCOUBeskoitzeko auzapeza
Egitasmo ororen inguruan desadostasunak agertu ohi direla onartu du Jocouk, beste herri batzuetan gertatu bezala. «Maiz gertatzen da fenomeno hori. Gogoan ditut Hendaiako edota Ziburuko adibideak: haietan ere etxebizitza proiektuak aurkeztu, eta jende multzo bat kontra agertu zen».
Gaia lantzen uzteko galdegin du Jocouk, ondotik publikoki aurkeztu ahal izateko. Oraingoz, aitzinamendurik iragartzerik ez duela erran badu ere, hitzeman du ondoko seihileko bilkura publikoan xehetasun gehiago jakinaraziko dituela, auzia oraino iragan behar dela jakinik.