Beskoitzeko ikastola eraikitzeko lurra lortu du Seaskak

Beskoitzeko Herriko Etxearen bidez lortu dute 2.500 metro koadroko lur saila. Milioi bat euroko aurrekontua ezarriko du Seaskak ikastola eraikitzeko. 2026ko irailerako prest izatea da xedea.

Hur Gorostiaga, Pascal Jocou eta Antton Etxeberri, Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko duten lursailaren aurkezpenean, goiz honetan. PATXI BELTZAIZ
Hur Gorostiaga, Pascal Jocou eta Antton Etxeberri, Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko duten lursailaren aurkezpenean, goiz honetan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko ekainaren 19a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikastola izanen du Beskoitzek, harrizkoa, herri zentroan den pentze baten gainean eraikia. Borroka luze baten ondotik iritsi da berria, goiz honetan. Seaskako Antton Etxeberri lehendakarikideak, Beskoitzeko auzapez Pascal Jocouk eta Beskoitzeko ikastolako lehendakarikide Manu Diribarnek aurkeztu dute xedea: 2026ko irailerako eraikia izatea nahi lukete. Horretarako, Seaskak milioi bat euroko aurrekontua izanen du; partez Seaskak diruztatuko du, Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxak lagunduko ditu, eta gainerakoa mailegu bidez diruztatuko dute. Lurraren jabetza herriko etxearena izanen da, baina Seaska izanen da egoitzaren jabe. 2.500 metro koadroko pentzea da; eskola publikoari lotua, eta egungo ikastolatik ehun bat metrora egongo da. «Ikastolaren garapenarentzat eta herriarentzat berri biziki ona da terrenoa lortu izana», erran du Jocouk goizean Beskoitzen egindako agerraldian. 

Dena ongi bidean, 50 bat ikasleri harrera eginen die 2026ko irailean, baina gehiago hartzeko gaitasuna izanen du. Antton Etxeberrik kontatu duenez, eraikina egiteko baimena prest dute, eta espero dute obrak urte bukaera aitzin hasi ahal izatea: ama ikastolako bi gela eta lehen mailako bi gela izanen ditu. Orain arte, prefabrikatuetan ikastera behartuak dira Beskoitzeko ikastolako 54 haurrak, eta kanpoko eremu arras ttipia dute. Xedeari buruz arindurik mintzatu da Diribarne ikastolako gurasoa: «Iragan ekainean, gure haurrek kanpo ezarriak izateko mehatxua jasan behar izan zuten. Zinez eskertu nahi ditugu herriko etxea eta Seaska, Beskoitzeko eta eskualdeko guraso eta haurrei euskarazko hezkuntzarako hautua egiteko baldintza onak bermatzeko erakutsi duten borondateagatik». 

Negoziazio «lasaiak» 

Denetara 7.200 metro koadroko pentzea da Beskoitzeko Herriko Etxeak lortu duena. Izan ere, jabe pribatu batena zen, baina, EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoari esker, merkatukoa baino apalagoa den prezio batean eskuratu ahal izan du, bertan interes publikoko antolaketak egiteko. Pentzearen zati bat ikastola eraikitzeko baliatuko dute; beste parte bat eskola publikoa handitzeko izanen da, eta aparkaleku bat ere egin nahi dute. Jocouk nabarmendu du jabeekin eramandako negoziazioak «giro lasaian» egin ahal izan dituztela, eta eskertu ditu erakutsi duten prestasunagatik. 

Halaber, auzapezak eta Seaskako ordezkariek goraipatu dute herriko etxearen eta ikastolakoen arteko harremana eztitu izana. Izan ere, aurreko auzapeza zen Fabienne Ayensak dimisioa eman zuen iaz, besteak beste ikastolaren aferaren gatazkaren ondorioz. Hortik landa hautatu zuten Jocou auzapez, eta harrezkero nabarmen hobetu dira Seaskaren eta Beskoitzeko Herriko Etxearen arteko harremanak. Horren ondorio da lurra lortzeko eramandako prozesua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.