Telesforo Monzon laborategiko kidea

Malen Dominguez Zabala: «Jendearen nahia da gertukoarekiko konfiantza izatea»

Naziometroak, tresna estatistiko baten bidez, burujabetasunari, erreferendumari eta independentziari buruzko iritziak bildu ditu. Zenbait aldiz «sorpresaz», Iparraldeko jendeak lurraldeen arteko kohesioa handitzearen aldeko jarrera duela ikusita.

Malen Dominguez Zabala. GORKA RUBIO / FOKU
Malen Dominguez Zabala. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesforo Monzon laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak Naziometroa sortu zuten 2020an. Helburua du lurralde kontzientziaren inguruan Euskal Herri osoko biztanleen iritzia biltzea urte guziz. Ipar Euskal Herrian, hiru probintziak elkarrekin aztertu ditu Malen Dominguez Zabalak.

Naziometroa elkarlanari esker abiatu eta martxan da. Nola funtzionatzen duzue?

Guk burujabetzaren inguruan sakontzeko hainbat proiektu egiten ditugu. Batzuk hizkuntza politikari buruz interesatuko dira, beste batzuk, estatus berriari buruz. Gurera etorrita, Naziometroak euskal burujabetzari buruzko jendartearen pertzepzioak eta nahiak ikertzen ditu. Urte guziz egiten ditugun inkesten bidez, bilakaera nolakoa den ikus dezakegu: erabakitzeko eskubidearen inguruan, Euskal Estatua edo independentziaren inguruan, lurraldeen arteko harremanei buruz... Eskumen aldetik ere jendeak zer nahiago duen behatzen dugu: tokiko erakundeek botere eta eskumen gehiago ukaitea, edo alderantziz, antolakuntza zentralistagoa izatea.

Inkestak telefonoz edo Internetez egiten ditugu. Saiatzen gara modu orekatuan egiten: lurralde guzietan, eta adina, generoa, ikasketa maila eta euskararen ezagutza maila ezberdina duten pertsonek parte har dezaten. Dinamika berbera da urtero: inkesta prestatu, martxotik maiatzera galdeketa eraman, eta uda aurretik datuak plazaratu prentsaurreko batean. Gero, udazkenean jardunaldi bat egiten dugu, datuak sakonago aurkezteko gisan, eta adituak etorrarazten ditugun horretaz hobeki hitz egiteko.

Ipar eta Hego Euskal Herriko antolaketa politikoak ezberdinak direla eta, helburuak edo galderak egokitu behar izan zenituzten.

Bost urteko ziklo honetan, ohartu gara arreta berezia eskaini behar geniela Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari. Horretarako, aurkezpen bat egin genuen abenduan Baionan, hemengo datuei buruz kontzentratzeko. Galderak egokitzen ditugu, kontziente garelako Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian errealitate ezberdinak direla. Argi dugu modu berean pausatzen bagenitu galderak ez genukeela lortuko esperotako emaitzarik. Horrentzat daukagu batzorde zientifiko bat, Euskal Herri osoko pertsonek osatzen dutena, eta bakoitzak bere ekarpenak jakinarazten dizkie gainerakoei. Guretzat oso garrantzitsua da egokitze horren egitea, errealitatea ahalik eta hobekien ulertzeko. 

Datu ezberdinak bildu dituzue, askotariko gaiak tratatzen dituzuelako. Badira batzuk Ipar Euskal Herrian bereziki zentratu dituzuenak?

Urte guziz gai orokor bat aukeratzen dugu; aurten migrazioak eta jarrera erreakzionarioak. Gai hori Euskal Herri osoan aipatzen badugu ere, ongi dakigu migrazio motak ezberdinak direla. Nafarroako Erriberan, lanera joaten den jendea da gehien bat, eta Ipar Euskal Herrian, bigarren etxebizitza duena. Bakoitzaren errealitateari egokitzen dugu beti. Beste gaien inguruan, item berak ditugu: ekonomia, hezkuntza, euskara, instituzioak... urteetan mantentzen direnak. Gero, etxebizitzarena adibidez, bakarrik Ipar Euskal Herrian galdetu dugu. Ikusten genuen bazegoela problematika bat, beste lurraldeetan ere bazegoena, baina modu jakin batean gorpuzten zena.

«Are gehiago, lurralde antolaketari dagokionez, oso gutxi dira zentralizazioaren joera nahiago dutenak, dela Pariserantz dela Madrilerantz. Orduan, euskal jendarteak eta Ipar Euskal Herrikoak adierazten digute badagoela nahia lurralde kohesioaren inguruko lan gehiago egiteko»

Erakundeekin harremanetan zarete segipenak edo proposamenak egiteko?

Guk instituzioei aurkezten diegu txostena, eta gero jada erabaki politikoa da lurraldeen arteko kohesioari bidea irekitzea. Erakundeekin baino gehiago, gurea bezalako laborategi edo elkarteekin egoten gara, haiek ere beren proiektuetan horrelako ideiak aitzinera eraman dituztelako. Ildo beretik, gaur egungo erronkei erantzuteko mugaz gaindiko proiektuak martxan dira. Adibidez, klima aldaketaren gaia ez da Bidasoan hasi edo bukatzen. Modu berean eragiten du Hendaian edo Irunen. Bestelako problematikei modu helduago batez erantzun behar zaie, estatuen mugen esparruan erori gabe.

Hezkuntza arloan, erakunde bateratu baten alde agertu dira. Euskal Herriko Unibertsitatea partaide izanik ere, oraindik Iparraldean campusik ez du. Falta baten gisan izendatu du jendeak edo ez da hain zehatza izan?

Ez genuen horrenbeste sakondu. Egia da oso interesgarria litzatekeela horren galdetzea. Baina batez ere izan zen galdera orokorrago bat, erakunde bateratu bat sortzearen bidean. Orain, egia da, ikusita jendeak zer erantzun duen, badagoela nahi bat Ipar Euskal Herriko jendartearen baitan Hegoaldeko erakundeekin elkartzeko, esaterako, EHU izan daiteke harremanak indartzeko bide bat. Baina apuntaturik gordeko dut oharra hurrengorako!

Elkargoaren rola ere aipatu da. Ipar Euskal Herriko herritarren %27k uste dute egungo erakundeek eskumen gehiago behar dituztela, galdekatutakoen erdia oraingo egoerari eustearen aldekoa bada ere. 

Orokorrean, ohikoa da gertuko administrazioetan konfiantza gehiago ukaitea. Izan Ipar Euskal Herrian, EAEn edo Nafarroan. Egia da Hegoaldean eskumenak dituztela, eta praktikan jarri ditzakete eskumen horiek. Iparraldean diferentea da, pendiente egoten delako. Frustraziotik dator, ez duelako eskumenik hori praktikan jartzeko, baina erakusle da jendearen nahia badela gertuarekiko konfiantza izatea.

Beste datu bat: hemengo bost herritarretik lau dira lurraldeen arteko loturak indartzearen aldekoak.

Oro har Iparraldean, berdin «sorpresaz», joera onak erakutsi dizkigu Naziometroak. Hala ere, leku guzietan bezala, ñabardurak badira eskala ideologikoaren edo adinaren arabera. Baina esan daiteke autonomia handitzearen joera, burujabetza ukaiteko joera hori badagoela, kontziente izanda aniztasun ideologiko hori badela. Ipar Euskal Herriko emaitza kohesio handi bateko joera orokorraren barne kokatzen da. Are gehiago, lurralde antolaketari dagokionez, oso gutxi dira zentralizazioaren joera nahiago dutenak, dela Pariserantz dela Madrilerantz. Orduan, euskal jendarteak eta Ipar Euskal Herrikoak adierazten digute badagoela nahia lurralde kohesioaren inguruko lan gehiago egiteko. Gero, ikusi behar da hori nola gauzatu behar den, zer arlotan eta zer erakunderi dagokion aurrerapausoa ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA