XXI. mendean, helduen euskalduntzean egingo ditugun aitzinapausoak erabakigarriak izanen dira, 70eko hamarkadan haurren hezkuntza hil ala bizikoa izan zen bezala. Hots, ez baditugu masiboki euskalduntzen Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrak, hizkuntzak ez du etorkizunik izango.
Besteak beste konklusio hau atera zuten 2024ko ekainean Euskararen Erakunde Publikoak eta AUDAP agentziak egindako prospektiba ariketa mamitsuan. Oraindik irakurri ez duenak badu txosten interesgarria eskuragarri. Zenbakiak eta hipotesi desberdinak argiki azalduak dira bertan. Biba!
Zer dio? 2050erako 40.000 hiztun berri ekoiztu beharko ditugula Lapurdin, Baxenabarren, Zuberoan, batez bestean euskaldunen proportzioa %30ekoa izatea nahi badugu. Eta euskaltegietatik hiztun oso ateratzen diren helduen kopurua halako bederatzi beharko dela 2046-2050 urteetan gaurkoari konparatuz. Baina nola egingo dugu hori? Nola pasatuko gara 25 urtez 300 heldu euskalduntzetik 1.300 euskalduntzera?
Korrikaren harira AEK-ko kideek egindako elkarrizketetan (Argia, BERRIA…) erronka hori altxatzeko prest direla adierazi dute, baina baldintzak behar direla bildu horretarako (hizkuntza politika sendoak, baliabide errealak, lidergo politikoa…). Hor ere, elkarrizketa hauek irakurri ez duenak hitz inspiragarriak atzemanen ditu. Biba²!
Erronka handia dute aitzinean Ipar Euskal Herriko euskaltegiek. AEK sareak rol zentrala izanen du; baina helduen euskalduntzean jarduten duten beste egitura eta norbanakoak ere giltzarri inportantea dira. Eta horretan bego? Helduen euskalduntzea euskaltegien eta instituzioen afera baizik ez da? Edo jendarte osoarena?
Ez ote dugu guk ere, Ipar Euskal Herriko Hitza-ren irakurle soil gisa, paper bat jokatzeko? Ez ote dugu, gure inguruan, familian, lagun sarean, lantokian, ostatuan edo auzoan… euskaltegira bideratu nahi genukeen hurbileko bat? Edo motibazioa galtzen ari den eta ikas-prozesua abandonatu nahi duen ikastun bat? Edo euskara ongi menperatzen duen baina bere burua euskaldun gisa ikusten ez duen hiztun konplexatu bat? Edo ezagutzatik erabilerarako jauzia egiten ez duen norbait?
Gure hitzak, gure hurbiltasuna, gure akuilua, gure enpatia… ez ote dira dimentsio handiko komunikazio kanpaina bat bezain eraginkorrak? Gure eskuetan da ere erdaldunak ikastera bideratzea, ikastunak bururaino eramatea, euskaldungaien autoestimuan eragitea, hiztun berriak euskaraz mintzaraztea. Nehori bere rola kendu gabe, baina osagarritasunean. Helduen euskalduntzeko plan integral eta ausarta behar dugu. Eta bakoitzak badugu zer jokatu partizio horretan.