Bigarren eskukoa, moda iraunkorra

Bigarren eskuko moda, joera izateari utzita, eguneroko usaia bilakatu da. Jadanik erabiliak izan diren jantziei beste bizialdi bat atzemateko hamaika manera badira: denda berezituak ere sortu dira, hala nola Maulen eta Baionan.

Maitena Oihenart, Biziberri bigarren eskuko jantzien dendaren irekieran, Maulen, 2026ko otsailaren 12an. GUILLAUME FAUVEAU
Maitena Oihenart, Biziberri bigarren eskuko jantzien dendaren irekieran, Maulen, 2026ko otsailaren 12an. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aktualitateak, joerek, merkealdiek, bildumek, modek eta produktu berriek agintzen duten aroan, batzuek arrasta tiratzea hautatzen dute. Hots, joera iraunkorrago bat, luzeago eta jasangarriago bat defendatzea, fast-fashion edo azkar doan modaren aurkako eredua hautatzea. Jantzien munduan plantatzeko hautua egiten dute, beztiei beste bizi bat ematea izanez erronka. Hala egin berri du Maitena Oihenartek, iragan hilabetean Maulen ireki duen bigarren eskuko arropa dendarekin; berdin Camille Etxegoienek Baionan, duela zortzi hilabete ireki duen saltokiarekin. 

Oihenarten Biziberri saltegia Mauleko Victor Hugo karrikan da: jadanik baliatuak izan diren jantziak saltzen ditu bertan. Edonork ekar ditzake jantziak bertara, baina aitzinetik hitzordua finkatu behar da harekin, eta gehienez hamabost bezti ekar daitezke. Hark du salmenta prezioa finkatzen, eta bi hilabetez salgai uzten ditu jantziak bere dendan. Salmentatik bildutako dirua dendan bertan berriz balia daiteke. Denbora tarte horretan saltzen ez badira, errekupera daitezke; eta errekuperatzen ez diren jantziak beharretan direnak laguntzen dituzten elkarte batzuei ematen dizkie. 

Lekuko hiru artisauren ekoizpenak saltzen ditu, gainera: eskuz eginiko petentak, haurrendako oihalak eta ileendako xingolak. Hilabete bat baizik ez da pasatu ireki zuenetik, baina «kontent» da errezibitutako babesagatik. Harrera ona ukan du, eta zehaztu du adin guzietako jendea hurbildu zaiola. Espero du gizonezkoendako arropa gehiago lortuko dituela pixkanaka, publiko oraino zabalagoa ukaiteko. Haurrendako puska franko saltzen dituela erran du, eta gurasoen galde bati erantzuten diola horrek. 

Zirkuitu handitik aparte

Erronka berdintsuak ditu Camille Etxegoienek Baionako Santizpirituko Muñuñu dendako nagusiak: bigarren eskuko jantziak eta material birziklatuekin egindako sorkuntzak saltzen ditu, amaren laguntzarekin. Badu bi urte Muñuñu marka sortu dutela; hasieran, sorkuntzak besterik ez zuten egiten, birziklatutako oihalez. Neguko bilduma bat eta udako bat sortu dituzte jadanik: zakuak, kaputxak, gainekoak, trikotak... Esplikatu du beren sorkuntzak egiteko materiala merkatuetan eta sehaska husteetan bildu dutela, gehienbat. Ondotik, trikota lanaren bidez edo josiz ari dira lanean ama-alabak, sorkuntzak egiteko. 

(ID_17730699759225) Camille Etxegoien.
Camille Etxegoien, Baionako Muñuñu dendan. LEANNE DELEURY

Proiektuak arrakasta bildu zuela ikusiz, ttipitako ametsa bete ahal izan zuen Etxegoienek: bere denda propioaren atxikitzea. Zortzi hilabete dira saltokia ireki zuela. Hasieratik harrera «biziki ona» ukan duela azpimarratu du, publiko oso zabala hurbiltzen zaiolako eta auzoan «ongi integratua» sentitzen delako. Sortzen dituen jantziez gain, vintage estiloko arropak proposatzen ditu. Ideia da jadanik bizi izan diren jantziak proposatzea, batez ere bere eguneroko kontsumo moduarekin lerrokatzeko. «Ez dakit noiz izan den gauza berri bat erosi dudan azken aldia. Mendiko zapatak izango ziren. Uste dut gaur egun eskaintza zabala eta osoa dugula; bezero gisa, errazago hauta dezakegu zer kontsumitu eta nola». Bestalde, tokiko artisauentzako lekua atxikitzen du Etxegoienek, baita tokiko artisten ekoizpenak ere. Argi du bere helburua ez dela mundu osoko jantzien saltzea.

«Ez dakit noiz izan den gauza berri bat erosi dudan azken aldia. Mendiko zapatak izango ziren. Uste dut gaur egun eskaintza zabala eta osoa dugula; bezero gisa, errazago hauta dezakegu zer kontsumitu eta nola»

CAMILLE ETXEGOIEN Muñuñu saltegiko jabea

Vinted aipatu dute Etxegoienek eta Oihenartek, gaur egun arrunt famatua den bigarren eskuko produktuen saltzeko plataforma. Batak eta besteak erabiltzen dutela aitortu dute, baina aplikazioari alde txarrak ikusten dizkiote, halere. Ikusten dituzten arazo nagusiak erabilgarritasunari, fidagarritasunari eta bezeroaren errespetuari buruzkoak dira. Manatutako produktuen joan-jinen kostu ekologikoa ere zalantzagarria dela erran dute. Gainera, deitoratu dute saltzaileen eta erosleen arteko trukaketak arautzen dituzten legeak ez direla beti argiak.

Erran gabe doa «saltegiko esperientzia» nahiago dutela eta ausarki gomendatzen dutela bezeroaren eta saltzailearen arteko zuzeneko harremana. Segurtatu dute, bestalde, Muñuñu eta Biziberri dendetan ez dela fast-fashion moduko Shein, Primark edo Temu plataformetako jantzirik. Preseski, horrekiko «arreta berezia» hartzeko ardura sentitzen dute, balio etikoak errespetatzeko eta kalitatezko jantziak saltzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA