Trantsizioak manera anitzetan egiten ahal dira, baina Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) argi du eredu herrikoi, iraunkor eta solidario bat helburu dutenak bideratu nahi dituela. Eta, horretarako, hainbat jarduera egin ditu azken hogei urteetan; bereziki, laborariak teknikoki lagunduz eta instituzioen akuilu izanez. Instituzioetarik lortu diru publikoaz gain, autofinantzaketatik lortu ekarpena behar du zeregin horiek gauzatzeko; hori da, preseski, urtero diruaren biltzeko kanpainarekin lortu nahi dutena. EHLGk bere buxetaren %20 segurtatzen du horren bidez, eta emaitza oro beharrezkoa dutela azpimarratu du Beñat Molimos lehendakariak, azken urteetan doi bat apaldu baita emaitzen kopurua. Aste honetan abiatu dute sos biltzea, eta azaroaren 23ra arte iraunen du, Bihar ere laborari lelopean: www.ehlgbai.org/eu/ webgunean egin daiteke emaitza.
Aurten, zehazki, arbolazaintzan aditua den teknikari postu bat zabalduko du EHLGk, sail horretako laborari gero eta gehiagok laguntza tekniko behar baitute. «Geroari buruz, sail horrek inportantzia gero eta handiagoa du, eta teknikoki hobetu beharra sentitzen dute laborariek. Talde bat muntatu zen behar horren inguruan, eta istantean lan eskaintza bat irekiko dugu sail horretako teknikari bat hartzeko», segurtatu du Molimosek. Teknikariaren zeregina etxaldeetan laguntza teknikoa ematea izanen da.
«Urrats baikorra da hautetsiek bozkatuko duten elikadura plana. Argi dugu ahal bezainbat laborari behar direla Ipar Euskal Herrian elikadura burujabetzari buruz joateko, eta horri buruz galdea egina genion elkargoari, laborantza plan bat plantan ezar zezan»
BEÑAT MOLIMOS EHLGko lehendakaria
Beharrek eta baliabideek baldintzaturik, noski, baina baratzezaintzarako teknikari bat ere hartzea litzateke epe ertainerako beste helburuetariko bat, Molimosen erranetan. Izan ere, aipatu du Ipar Euskal Herriko etxalde anitz segida gabe direla, baina «Ipar Euskal Herritik kanpo etorritako» jende batzuek xede dutela sustut baratzezaintzan plantatzeko. «Arrapostu bat ekarri behar diegu, eta belaunaldi berriekin lan handia badugu eramateko, gure leloak dioen bezala bihar ere laborari izan daitezen», erran du.
Laborantza politika
Molimosek azpimarratu du Euskal Hirigune Elkargoa laborantza eta elikadura politikan engaiatu dela azken urteetan eginiko lanari esker. «Urrats baikorra da hautetsiek bozkatuko duten elikadura plana. Argi dugu ahal bezainbat laborari behar direla Ipar Euskal Herrian elikadura burujabetzari buruz joateko, eta horri buruz galdea egina genion elkargoari, laborantza plan bat plantan ezar zezan», oroitarazi du EHLGko lehendakariak.
Are gehiago, «mahai gainean» da laborantzaren eta elikaduraren egitura publiko baten gaia ere; oraingoz, ez da egitura publiko baten gisan egituratuko, Molimosek esplikatu duenez, elkarte bat bezala abiatuko baita. Nolanahi ere, espero du heldu den abenduan bozkatuko dutela hori elkargoko batzarrean. «Aitzinamendu handiak dira horiek, eta espero dugu egitura horren kudeaketa elkargoak hartuko duela, horrek baitu zilegitasun osoa aktore guziak biltzeko, eta bozkatu duten plana eramateko».