Biktimei bizitza berreraikitzen lagundu nahi die Les Victorines elkarteak

Baionako ospitaleko biktimologia unitatean artatuak diren pazienteak laguntzeko elkarte bat sortu dute.

Delphine Douyau eta Arantxa Dubroca, Les Victorines elkartekoak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Delphine Douyau eta Arantxa Dubroca, Les Victorines elkartekoak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Purpurina uspelen ezabatzeko. Horixe du leloa Martxoaren 8an sortu den Les Victorines elkarteak, «koloreak» berriz ekarri nahi baititu indarkeria jasan duten biktimen bizitzara. «Gure kargua dirdira berpiztea da», azaldu du elkarteko kide den Arantxa Dubrocak. «Baionako ospitaleko biktimologia unitateko pazienteei laguntza ekartzen diegu».  

2019an sortu zen biktimologia unitatea. Indarkeria mota guztien biktimei eskaintzen die laguntza: indarkeria matxistaren lekuko diren haurrei, baita indarkeria matxistaren, sexu indarkeriaren, tratu txarren eta eraso fisikoen biktimei ere. Izan ere, bortizkeriaren biktimak hartzen ditu 2020tik; auzitegi medikuntzako unitateak, justiziaren aginduz, pazienteen eta hildakoen azterketak egiten ditu, eta, 2022an, Uaped unitatea ere sortu zuten, arriskuan diren haurren harrera pediatrikoa egiteko. Arta fisikoa eta psikologikoa jasotzen dute biktimek egitura horietan, baina ez bakarrik: laguntza juridikoa ere badute, salaketa ospitalean bertan jar dezakete, eta gizarte laguntzaileak ere badira, bizitzaren bestelako arloetan laguntzeko.

Unitatearen lanaren berri ukanik, laguntzeko xedea piztu zitzaien Les Victorines elkarteko kideei. «Azkenean, sexu indarkerien edo tratu txarren aurka deus ez egiteak eta isilik egoteak konplizitate bat sortzen zuen», salatu du Delphine Douyau Les Victorineseko lehendakariak. «Zerbait egin behar genuen».

«Zer irtenbide ditu etxean lanjerean sentitzen den emazte batek?» 

ARANTXA DUBROCA

Hiru ardatzen inguruan funtzionatzen du elkarteak. Haien lehen helburua biktimei laguntza ekartzea da. Kirurgia berreraikitzaileak, psikoterapiak eta ongizate artak finantzatzen dituzte. «Helburua norbere baitako konfiantza berriz eraikitzen laguntzea da», zehaztu du Dubrocak. Heldu den udazkenean L’Oreal fundazioak sozioestetika saioak eskainiko dizkie elkarteak segitzen dituen biktimei. 

Etxebizitzarena ere erronka bat dela ikusi dute. «Zer irtenbide ditu etxean lanjerean sentitzen den emazte batek?», salatu du Dubrocak. «Larrialdietarako etxebizitzak falta dira, biktimei babes bat proposatzeko», segurtatu du. 

Bestalde, biktimologia unitateko erizainei ere elkartasuna erakutsi nahi die elkarteak. «Nahiz eta nahikeria handiz ari diren, pisu da han lan egitea batzuetan», azpimarratu du Douyauk. «Gure elkartasuna ere behar dute aireztatzeko eta haien lana oraindik hobekiago egiteko. Bakarrik ez direla erakutsi behar diegu». Elkarteak erizainei ateraldi batzuk edo kirola egiteko laguntzak proposatuko dizkie. 800 bat paziente segitzen ditu urtero biktimologia unitateak.

Azken ardatza prebentzioaren inguruan eginen du elkarteak. «Oro har, ikasgela bakoitzean bederen 3 haurrek sexu indarkeriak jasaten dituzte», erran du Dubrocak. Beraz, inguruko kirol taldeekin eta bestelako eragileekin elkartu nahi dute haurrei «normala» zer den eta zer ez den irakasteko. Ekainaren 6an Frantziako pole dance txapelketan mahai bat ukanen dute, adibidez. «Gure heinean mentalitateak aldatzen heltzen bagara, lorpen eder bat litzateke», Douyauren arabera. 

Orain, elkartearen helburua dirua biltzea izanen da unitatean artatzen dituzten biktimei laguntza gehiago proposatu ahal izateko. Kideek dioten bezala, «biktimen biziak berriz koloreztatzeko gisan». 

Les Victorines elkartearekin harremanetan jartzeko

  • Mailez lesvictorines64@gmail.com
  • Instagram @les_victorines64
  • Helloasso www.helloasso.com/associations/les-victorines

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA