EH Bilduk osoko zuzenketa jarri die Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuei, «arduragatik». EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernuaren aurrekontuen proiektuari zuzenketak jartzeko epemuga bete da, eta koalizio abertzaleak esan du foru gobernu horrek ez duela erakutsi «jarrera eraikitzailea negoziazio serio bat egon dadin». Hala eta guztiz ere, EH Bilduk «atea zabalik» utzi du negoziatzen jarraitzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten sailek 1.296 milioi euro izango dituzte datorren urtean, proiektu horren arabera; aurten baino 78 milioi gehiago (%6,4). Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu zuen «izaera inbertitzailea» duten diru sailak direla, «gipuzkoar guztien ongizate integrala bermatzea» helburu izango dutenak.
Gaur, EH Bilduk esan du «lehen indar politikoa izateak eta lurraldeko herritar gehienak ordezkatzeak ematen duen ardura» kontuan hartuta erabaki duela osoko zuzenketa jartzea aurrekontuei. Helarazi du azken asteetan «ahalegin zintzo bat» egin dutela foru gobernuaren aurrekontuak hobetzeko, «ekarpen zehatzekin eta herri akordio zabalak josteko saio batekin». Baina ziurtatu du «berandu eta xehetasunik gabe» iritsi zaizkiela foru gobernuari egindako informazio eskaeren erantzunak.
Koalizio subiranistak 52,3 milioi euroko proposamen oso bat egin zien aste hasieran jeltzaleei eta sozialistei, «baina proposamen horren erantzuna ez da iritsi oraindik», EH Bilduk jakinarazi duenez. Horiek horrela, koalizioak adierazi du «lanean jarraitzeko konpromisoa» duela. Hala, datorren astean bilera bat egingo dute aldundiko ordezkariekin, 2026ko aurrekontuen inguruko akordio baten bila.
«Aldundiak jarrera aldatu eta negoziazio zintzo baten alde egiten badu, EH Bilduk kendu egingo du aurkeztu duen osoko zuzenketa, gipuzkoarren beharrei erantzungo dien proiektu bat onar dadin»
MADDALEN IRIARTE EH Bilduko eleduna
Edonola ere, gaur amaitu da zuzenketak aurkezteko epemuga, eta, «prebentzio modura», EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du, Maddalen Iriarte eledunak azaldu duenez: «Ikusi egin behar baita aldundiak bidea egin nahi ote duen alderdi atzerakoi eta ordezkaritza gutxikoekin batera eta bizkarra emanez lurraldeko herritar gehienei, dena aritmetika ariketa batera mugaturik». Horrela gertatzen bada, azkenerako, EH Bilduk «inolaz ere» ez ditu babestuko aurrekontuak, koalizioak ulertzen baitu kasu horretan aurrekontuek aldaketak ekarriko dituztela arreta sisteman, enpresa txiki eta ertainei ez zaiela laguntza publikoa behar bezala emango, ez dela euskara sustatzeko plan indartsu bat egongo, eta ez dela jasoko konpromisorik etxebizitzaren arazoa konpon dadin, besteak beste.
Iriartek iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak «jarrera aldatu eta negoziazio zintzo baten alde» egiten badu EH Bilduk kendu egingo duela gaur aurkeztu duen osoko zuzenketa, «gipuzkoarren beharrei erantzungo dien proiektu bat onartzeko helburuarekin».
Elkarrekin Podemosek, 69 zuzenketa
EAJ eta PSE-EEren gobernua gutxiengoan dago Gipuzkoan, eta oposizioko beste talderen batekin akordioa egin beharrean da: EH Bildurekin, PPrekin edo Elkarrekin Podemosekin. Aurreko urtean, PPrekin egin zuten akordioa EAJk eta PSE-EEk, 2025eko aurrekontuak onartzeko.
Gaur, berriz, Elkarrekin Podemosek 69 zuzenketa egin dizkio aurrekontu proiektuari, eta horiek 50 milioi euroko balioa lukete. Adinekoentzako egoitzetako langileen baldintzak hobetzeko lirateke zuzenketa horiek, bai eta erabiltzaileen «koordainketa» berraztertzeko, garraio publikoa sustatzeko eta naturaguneak zaintzeko ere.
«Aldundiak negoziazio kolektiboa errazteko lidergoa izan behar du, adinduen egoitzen sektoreko hitzarmena egin dadin eta langileen baldintza prekarioak amaiarazteko»
MIREN ETXEBESTE Elkarrekin Podemoseko eleduna
Miren Etxebeste eledunak azaldu du haren koalizioak aurkeztu dituen zuzenketak direla foru aldundiarekin «aurrekontuen inguruko akordio bat erdiesteko tresna». Elkarrekin Podemosek egindako eskaera handiena da, diruari dagokionez, zahar etxeetako eta eguneko egoitzetako langileen baldintzak hobetzeko: 29 milioi euro baliatu nahi dituzte moreek xede horretarako. Diru horrekin ere hobetu nahi dute nagusien zaintzaren berrordainketaren sistema, betiere erabiltzaileen alde.
Etxebestek esan du Aldundiak «negoziazio kolektiboa errazteko lidergoa» izan behar duela, eta zahar etxeen sektorean hitzarmena egin dadin lagundu behar duela, sektore horretako langileen «baldintza prekarioak amaiarazteko». Gogoratu du sektore feminizatua dela zaintzaileena, eta foru aldundiak lagundu egin behar duela sexuen arteko soldata arrakala apaltzen.