Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten sailek 1.296 milioi euro izango dituzte datorren urtean; aurten baino 78 milioi gehiago (%6,4). Eider Mendoza diputatu nagusiak esan du «izaera inbertitzailea» duten diru sailak direla, «gipuzkoar guztien ongizate integrala bermatzea» helburu izango dutenak. «Etorkizuneko zaintzak eta ekonomia sustatzearen aldeko apustu argia egin nahi dugu. Azken urteotako anbizio sozial eta ekonomikoari eutsiko diogu, pertsonen ongizatea eta Gipuzkoa indartzea helburu izango duten inbertsio eta ekimen berritzaileak aktibatuz».
Aldundiak gizarte politikaren arlora bideratuko du aurrekontuaren zatirik handiena: 600 milioi euro —2025ean baino %12 gehiago—. Diru horrekin, «gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatu» nahi dute, «zainketen eraldaketa sustatu» eta «sortzen ari diren errealitate sozialei erantzun», hala nola osasun mentalari, bazterketa egoeren kronifikazioari eta nahi gabeko bakardadeari. «Gure zaintza sistema eredugarria da», esan du Mendozak. «Baina hobetzen eta eguneratzen jarraitu behar dugu, testuinguru eta behar berriei erantzuteko».
Mugikortasunean, gora
Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketaren Departamentuaren aurrekontua da gehien handitu direnetako bat. 95,3 milioi izango dituzte 2026an, iaz baino %8,8 gehiago. Jose Ignacio Asensio diputatuorde nagusiak azaldu du «Lurraldebusen atzeman diren behar berriei erantzuteko» balioko duela horrek, bai eta «Gipuzkoa helmuga turistiko adimendun gisa indartzeko» ere.
Jasangarritasunaren arloan, «etorkizun berde, justu eta berritzaile batekiko konpromisoa» indartuko dutela ziurtatu du Asensiok, eta lau ardatz nabarmendu ditu trantsizio ekologikoari dagokionez: energia trantsizioa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta klima aldaketaren aurkako borroka. Horretarako, 55 milioi euro bideratu dituzte departamentu horretara.
Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen aurrekontuak behera egin du; izan ere, 76 milioi euro izango ditu, iaz baino %1,5 gutxiago. «Herrialdeko ekonomiaren funtsezko sektoreak eta enpresa txikiak eta ertainak babesteko eta sustatzeko» erabiliko dute aurrekontu hori, baita digitalizazioa, berrikuntza eta talentua indartzeko ere.
EH Bildu, letra txikiaren zain
EH Bilduk ontzat jo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko aurrekontuetan lehentasuntzat hartutako ardatzak. Begi onez ikusi dute zaintzara bideratutako aurrekontuaren igoera, baina horren «letra txikia» zein den jakin nahi dutela azaldu dute hedabideei igorritako ohar batean. Bertan diote alderdiak «kezkaz» hartu duela Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetara bideratutako diru saila apaldu izana.
EAJk eta PSE-EEk osatzen dute foru gobernua, baina beste alderdi baten babesa behar dute herrialdeko aurrekontuak onartzeko, gehiengo osoa lortzeko boto bakarra falta baitzaie. Bihar hasiko dute bilera sorta gainerako batzarkideekin.