Maite dut karrikan jendeei so egotea. Haien aurpegiak miatu, ikertu eta aztertzea. Begirada hotz horren atzean gordetzen den istorioa asmatzea. Gure benetako nortasuna gordetzen duten maskarak biluztea. Ia nabaritzen ez diren eta oharkabean ihes egiten duten keinu ia ikusezin sumagaitz horiek ehizatuz nire puzzlea osatzea.
Hogei urte daramatzat ostalaritzan lanean. Eskola izugarria da jendea irakurtzen ikasteko eta baita gizartearen tenperatura neurtzeko ere. Geroz eta begirada makur, triste eta malenkoniatsu gehiago ikusten ditut, dena ongi dagoela irudikatu nahi duten irribarre antzeztuz atonduak. Geroz eta pilula gehiago (legal eta ez-legal) begi lagunak eskainiz, mundua berezkoa ez duen kolore arrosaz ikusi dezagun. Nahiz eta gezurra dela jakin. Eta begiek ezin gorde kimikak eskaintzen digun lilura.
Urte asko daramatzagu noraezean. Bizitzaren esparru guztietan gailendu den kontsumismo aseezinaren menpeko. Kapitalismoaren biktima. Itxurakeriaren eta epe motzeko estimuluen zurrunbiloan murgilduta bizi gara. Hutsa eta hutsala. Ahaztu ditugu esfortzua eta erresilientzia. Gauza txikien plazera. 77 urteko Asentsio Barrenetxeak hauxe bota zidan behin: «Guk bizitza sinplea izan diagu, baina zoriontsu izan gaituk. Zuek, aldiz, denetarik duzue, baina ez zaituztet batere zoriontsu ikusten». Kazetaritza da nire jarduera nagusia egun, unibertsitateko irakasle modura ere banabil, eta lan saria Oialume Zar sagardotegian osatzen dut, Asentsiorekin. Nire gorputzak ez du atxiki ezarri diodan erritmoa. Ezarri diodan estresa. «Zu geratzen ez bazara, gorputzak geratzen zaitu». Hala esan dit lagun batek gertatu zaidana kontatu diodanean, bera ere gaitz berberaren biktima. Baina guztiok gara gizarte gaixo honen biktima, eta, sistema hau suntsitzen ez badugu, hark akabatuko gaitu.