Kantaria

Caroline Dufau: «Emazte okzitaniar gisa eszenan aritzeak zentzu politiko bat badu»

Caroline Dufauk eta Lila Frayssek osatzen dute Cocanha talde okzitaniarra; dantzarazteko kantu polifonikoak egiten dituzte. Feminismotik eta hizkuntza gutxituen aldeko borrokatik pentsatua da beren proiektua. Urruñan izanen dira bihar arratsean.

Caroline Dufau, Cocanhako kantaria, artxiboko irudi batean. CAROLINE WORBOYS
Caroline Dufau, Cocanhako kantaria, artxiboko irudi batean. CAROLINE WORBOYS
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ttun-ttunaren burrunba hotsarekin handitu zen Caroline Dufau (Sent Pèr de Lèren, Biarno, 1987), eta amak transmititu zion jotzeko xedea. Sorterriko kultur elkartean trebatu zen gero, eta Tolosara (Okzitania) joan zen ikus-entzunezko ikasketak egitera. Han ezagutu zuen Lila Fraysse, abentura kolektibo batean. Pixkanaka, elkarrekin kantatzen hasi, eta Cocanha taldea osatu zuten: hirukote gisa funtzionatu izan dute, baina egun, hasierako bikotera itzuli dira. Ondoko hilabeteetan aterako dute Flame Folklore disko berria. Emazteak oholtzan ezartzen dituen Urruñako Emeki festibalean izanen dira bihar arratsean. 

Nola hasi zen Cocanha abentura?

Abiapuntua Lila Frayssek eta biok elkar ezagutzea izan zen. Tolosan ezagutu genuen elkar; hura hangoa da, eta ni biarnotarra. Ikus-entzunezko ikasketak egitera joan nintzen, eta abentura ero batean sartu nintzen. 2010ean osatu zen Detz kolektiboan sartu nintzen, eta helburua okzitanierazko ikus-entzunezko sorkuntzak egitea zen. Baginen gazteak, ez hain gazteak, profesionalak, amateurrak... Baina denen xedea laborategi esperimental bat plantan ezartzea zen. Anitz bideratu da Interneterako formatu laburrak egitera, kontzertuak grabatzera, eta umorezko saio labur batzuk ere grabatu genituen... Hor ezagutu nuen Lila, eta beste hainbat lagun ere bai, bestek beste Amic Bedel film egilea; harekin egiten ditugu gure klipak oraindik ere. Sorkuntza batzuetarako, Lila eta biok elkarrekin kantatzen hasi ginen, baina, batez ere, hasi ginen hortik kanpo ere kantatzen: grabaketa saioetara joateko auto bidaietan gehienik. Poliki-poliki gure errepertorioa partekatzen hasi ginen; intermitentzian hasi berriak ginen, eta pentsatu genuen kontzertu batzuk egiten ahal genituela. Kontzertu batzuk egiten hasi, eta hamar, hamabost, hogei egiten genituen azkenean. Lehenik EP bat grabatu, gero lehen diskoa, eta hirugarrena plazaratuko dugu laster. 

(ID_17580306053835) Cocanha. Amic Bedel
 Cocanha taldeko Caroline Dufau eta Lila Fraysse, 'Flame Folklore' diskoaren promoziorako irudian. AMIC BEDEL
Bi bozetan ari zarete, eta erritmoak markatzen du zuen kantatzeko manera. Zer du berezi zuen musikak?

Gure xedea beti izan da jendea dantzarazteko kantu polifonikoa egitea, eta oinarrizko ideia horrekin segitzen dugu oraino. Binaka hasi ginen, baina bidean beste lagun batzuek ere parte hartu dute gure taldean. Etengabe galdekatzen dugu gure musika nola egin, eta deus ez da finkoa. Harmonia maite dugunez, hirugarren kide bat izatera pasatu ginen aski fite, piriniotar polifoniaren estetika gureganatzeko. Gemma Cuni-Vidal gure lagun katalana sartu zen proiektuan, eta Bartzelonara sartu zenean Lolita Delmonteilek hartu zuen segida; gero Lolitak utzi eta Maud Herrerarekin aritu ginen. Zinez abentura ederrak bizi izan ditugu. Konfinamenduaren ondotik, Maudek beste asmo batzuk zituen eta berriz hasierako bikotera itzuli ginen, hirukoterako pentsatutako kantu guziak berriz moldatuz. Cocanha momentuan osatzen duten emazteen isla dela erranen nuke. 

Hirukotetik berriz bikotera pasatzeak zer aldatu zuen?

Beste estetika bat da, soinuak desberdin zirkulatzen du, eta polifonia izanik ere, soilagoa da. Erritmoak gero eta leku handiagoa hartu du, aski naturalki. Lila perkusio jole biziki trebea da, eta anitz jostatzen gara horrekin. 

«Okzitaniar gisa geure burua molde koherentean definitu eta irudikatu nahi dugu. Ez du sobera zentzurik eszena gainera Decathlon edo Zara markadun jantziekin igotzeak. Beztitzeko modua ere kulturaren parte da»

Kantu tradizionalak arra hartzen dituzue, moldaketak eginez. Zer kordokatu nahi duzue? 

Puput diskoak zinez galdekatzen zuen oholtza gainean emazte izatearen erronka. Emazte okzitaniar gisa eszena gainean aritzea ez da hutsala, zentzu politiko bat badu. Eta, gainera, kantu tradizionalekin ari garenez, anitzetan kantu misoginoekin lan egiten dugu. Erabat asumitzen dugu berridazketak egin izana. Disko berrian, haatik, folkloreaz berriz jabetu nahi dugu, usu gaizki konnotatua delako. Bereziki, iruditeria landu nahi izan dugu, eta horretarako gure janzkera galdekatu dugu. Irudiak garrantzia du guretako, ikus-entzunezkoen mundutik heldu baikara. Okzitaniar gisa, geure burua molde koherentean definitu eta irudikatu nahi dugu. Ez du sobera zentzurik eszena gainera Decathlon edo Zara markadun jantziekin igotzeak. Beztitzeko modua ere kulturaren parte da, jantzia kulturala ere bada. Frantzian, zinez negatiboki ikusia izan da kulturaren aspektu hori, arras zaharkitua bezala. Baina guk ez diogu espazio hori utzi nahi eskuin muturrari, gero eta gehiago bereganatzen ari baita. Borroka dekolonialei interesatzen gatzaizkien heinean, horren barnean kokatzen dugu kultura. Folklorea politikoa eta subertsiboa da.

Nolako lana egiten duzue aspaldiko kantu horiek berriz atzemateko? 

Anitz ibiltzen gara artxibategietan, artxiboak eta audio fondoak entzunez. Hortik beti zerbait ateratzen dugu: hitz batzuk, melodia bat... Gertatzen da beren horretan uztea, baina gehienetan moldaketak eta atzeman ditugun gauzez inspiratutako sorkuntzak egiten ditugu. Buruhauste bat da labelarendako, gure kantuetan ez baita beti argi zen den eremu publikokoa eta zer den gure sorkuntza. 

Gauza anitz esperimentatu dituzue musikalki; zertara joan nahi duzue orain? 

Oraindik gauza anitz badugu deskubritzeko. Egia da erakargarria zaigula beste gauza batzuk entseatzea; adibidez, beste hizkuntza batzuetan kantatzen ahalko genuke, beste instrumentu batzuk gehitzen ahalko genituzke... Baina oraingoz, egiten duguna ahal bezainbat trinkotzea interesatzen zaigu. Dantzarazteko kantuak, ttun-ttunak eta bozak, eta kito. Dugun hori esperimentatu nahi dugu ahal bezainbat. 

Urruñako Emeki festibalean izanen zarete larunbatean. Halako ekinaldietan parte hartzea inportantea zaizue?

Guri interesatzen zaigu mezu politikoak pasatzea, eta oholtzan emazteei lekua ematea bera da politikoa. Euskal Herrian denez, gainera, badakigu lotua dela hizkuntza gutxituen aldeko borrokarekin, eta interesatzen zaigu zubiak egitea, borroken bateragarritasun bat badelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.