Pitxu gaztetxea

Debaldeko manifestazio horiek

Xarlot Etxeberri
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere, erresistentzia uhinetatik urrun gelditu gara maiatzaren lehen honetan Ipar Euskal Herriko karriketan. Borroka egunetik besta egunera, geroz eta jende gutiago agertzen dira egun horretako manifestazioetan.

Anitzen ikuspuntutik manifestatzea debaldeko indar galtzea litzateke. Eta maluruski, ulertzen ahalko genituzke esperantza galdu duten horiek. Aski da erretreten aldeko mobilizazioak aipatzea argi ukaiteko botere publikoek ez dietela garrantzi izpirik ere ematen milaka langile elkartzen dituzten mobilizazioei.

Berez, langileek desadostasuna eta kexak sabotatze eta nahasmenduen bidez aldarrikatzen zituzten. Ustekabeko horiek zituzten beldurtzen klase menperatzaileak, eta kordokarazten burgesek finkatutako ordena. Alabaina, geroztik, manifestazioak deklaratu behar direla erabaki du Frantziako Estatuak, baita bere arauak errespetatu ere. Arau horiek ez dituzte klase langileek finkatu, eta finkatu dituztenek dituzte jokoan aritzeko kartak eskuetan. Zepo gisa, segurtasuna eta ordena publikoa estakurutzat harturik, langileek sortzen zuten nahasmendua lortu ezina bilakarazi dute, eta horrekin batera, ekintza horien indarra galarazi. 

Beraz, ez. Ez dugu mundua manifestazioen bidez aldatuko. Baina hala ere manifestazioak beharrezkoak direla argi dugu. Alde batetik, haien rolaren froga gisa langileriaren, emazteen, LGTBKIA+ borrokaren eta beste hainbat borrokaren eskubideak ahalbidetu dituzte manifestazio horiek, historian zehar. Baina egungo testuinguruan, zeinetan gure ideiak gutiengoan direla sinetsarazi nahi diguten, beste batzuek —eta usu anitzek— gure iritzia partekatzen dutela ikusteko beharra sentitzen dugu. Elkar topatzeak, ezagutzeak, eta bakarrik ez garela ohartzeak militatzen segitzen laguntzen gaitu. Haiei ere, haien politika autoritarioen parean elkarrekin gaudela erakuts diezaiegun ezinbestekoa da.

Baina hortik haratago, manifestazioek ez badute gehiago gauzen aldarazteko indarrik, desobedientziari lekua uzteko tenorea dela argi du Pitxuk. Hau ez da asmakuntza berria, betidanik lorpen handienetakoak horren bidez lortu dira, munduan zehar, baita Euskal Herrian ere. Ikastolen sorkuntza eta ETAren armagabetzea paregabeko adibideak dira oroitarazteko jokamolde bidezkoa ez dela beti legala.

Eta belaunaldiz belaunaldi, hola segitzen du bideak. Duela egun batzuk, Seaskako ikasleek baxoa euskaraz iraganen zutela iragarri zuten, errektoretzaren erabakiaren kontra joanik eta ondorio guziak onarturik. Mota horretako ekintza ihardukitzaileak izan dira, betidanik, historian bide egin dutenak, legea ez errespetatzea erabaki dutelarik klase langileek, gobernuen politikak kritikatzeko. Euskal Herriko karriketan aldaketa erdietsiko dugu haiek Parisko bulegoetatik finkatutako arauei uko eginez eta ez plegatzea erabakiz. Desobedientzia betidanik herriaren tresna izan da, kentzen ahal ez digutena, betirako izanen dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA