«Ez da hautetsi garelako egia osoa badugula», onartu du Peio Etxeleku Kanboko auzapez izendatu berriak, herrian plantatu gogo duen demokrazia parte-hartzailea aurkeztean. Bazuen bere erranaldiak jendea xarmatzeko gogoa, baina bazuen, halaber, kanboarren gaitasun eta ideiei leku gehiago egiteko borondatea: irailetik goiti, funtzionamendu horizontalagoa ezarriko dute Kanbon, ehun bat herritarrekin elkarlanean. Ekainaren 14a aitzin aurkeztu behar dute lantalde batean sartzeko hautagaitza, herriko etxearen bulegoan edo webgunean.
Demokrazia parte-hartzailea: hainbat eta hainbat hautagaik erabilitako kontzeptua izan da aurtengo herriko bozen kanpainaren harira. Politika egiteko molde hurbilagoa du xede, herritarrekin gehiago harremanean. Praktikari ekitean, haatik, zenbait arazo sortu ohi dira, herritarrek egin nahi luketenaren eta herriko kontseiluak azkenean bozkatzen duenaren artean desorekak gertatzen baitira usu.
Xedeak xede, Etxelekuk ere ezin izan du ukatu ororen buru herriko kontseilua dela «organo erabakitzailea», legediak horrela agintzen baitu, funtsean. Auzapez kargua martxoan irabazi zuenetik, halere, demokrazia parte-hartzaile horren planifikatzeko lanetan sartu da, eta, prozesuaren nondik norakoak joan den astean aurkeztu zizkion prentsari.
«2020an urte bateko zorra zuen herriak; 2025ean, aldiz, zortzi urtekoa», deitoratu du auzapez berriak, aitzinekoaren lana zeharka kritikatuz. Gauzak horrela, argiki erran du agintaldiko lehen bi urteetan beste inbertsio handirik ez duela egiten ahalko herriak, baina, orduan, aukera ematen diela delako demokrazia parte-hartzailearen plantatzean zentratzeko; izan ere, haren ustez, «ez du horrek anitz kosta», baina herriaren funtzionamendua zinez hobetu lezake. Batez ere, koordinazio zorrotza beharko dute hainbeste jenderen artean lan egiteko.
Herena, herritarrez osatua
Ekainaren 14ra arte, beraz, kanboarrek hamar lantalderen artean hautatzen ahalko dute, zeinetarako hautagaitza aurkeztu; besteak beste, lantalde hauek izanen dituzte aukeran: euskara, kultura eta animazioak; urbanismoa, lanak eta eremu publikoa; ekonomia eta turismoa; laborantza eta ingurumena; gizon eta emazteen arteko berdintasuna; gobernantza eredua eta komunikazioa... Ebaluazio lantalde bat ere plantatuko dute, funtzionamendu berriaren bilakaeraren analisia egiteaz arduratuko dena denbora aitzina joanen den ber.
Hautatuak izanen diren herritarrak hiru urterako egonen dira lantaldean: hortik, talde bakoitzeko arduraduna batzorde zabalagoetan bilduko da noizbehinka, lantaldeetan eramandako proiektuen aitzinamendua azaldu ahal izateko, eta, batzordeetako arduradunek herriko kontseiluarekin eginen dute lotura, azkenik. 18 urte beteak izan behar dira lantaldeetan izena eman ahal izateko, eta Etxelekuk zehaztu du hatsarretik eta fite: «Jarraikitasuna, parte hartze aktiboa, errespetua eta hiru urterako inplikazioa» kontuan hartuko dira; behin hiru urteak bukaturik, parte hartzea berritzen ahalko da edo ez.
Herriko Etxearen helburua ehun bat herritarren parte harraraztea da: horietarik 70 inguru aipatutako lantaldeetan ibiliko dira, eta, beste 30 inguru, oraino sortzekoak diren gazteen, adinekoen eta auzoetako kontseiluetan. «Horrela, bakoitzak iritzia eman eta proposamenak egiten ahalko ditu egunerokoari eragiten dioten erabakiei dagokienez», azpimarratu dute.
Demokrazia parte-hartzaile horren funtzionamendu orokorrari begira, lantalde eta batzordeetako kideen bi heren hautetsiak izanen dira, eta, geratzen den herena herritarrek osatuko dute. «Hala, ordezkaritzako demokrazia osatzen dugunen ondoan, gobernantza parte-hartzaileak hautetsien eta herritarren arteko egiazko trukaketarako bide emanen du herriko proiektuei begira, baita etorkizunerako hausnarketei begira ere».
Momentuz deus ez da plantatua, eta teoria besterik ez dute aurkeztu, baina «uda lanean» pasatzeko borondatea erakutsi du Etxelekuk, hautagaitzak bildu eta, irailetik goiti, agian, demokrazia parte hartzaileago baten urratsetan aitzina egiteko Kanbon.