Azken hilabeteetan Batera plataforma berrosatu da, eta herriko bozak hurbildu arau lurralde kolektibitate berri baten proposamena presentzia hartzen ari da aktualitate politikoan. Proposamen instituzional hau bi argumenturen bidez defendatzen da. Alde batetik, «hiritar» guztien kezkei hobeki erantzutea bermatuko luke, eta beste alde batetik autodeterminaziorako urrats bat litzateke. Haatik, gure ustez, ez bata ez bestea ez da zuzena, proiektu hau ez da «hiritar» gehienen, hau da, langile klasearen interesen arabera pentsatua, eta ez da autodeterminaziorako aitzinamendu bat.
Izan ere, proposamen honek bat egiten du Macronek, eta oro har burgesiak Frantziako Estatua administratzeko duen planarekin, Lecornuk dioen bezala, «deszentralizazio ekintza handi bat» beharrezkoa baitu Frantziak. Noski, honek ez du zerikusirik Frantziaren demokratizazio batekin, langile klasearen dominazio eraginkorragoa lortzearekin baizik. Deszentralizazio hau logika neoliberalean sakontze bat besterik ez da, eta ongizate estatuaren gainbehera kukutzera dator. Estatuak, eskumen sozialak transferituz hauen finantzamendu egoki bat bermatu gabe, krisiari aurre egiteko ezinbestekoak zaizkion arloetan kontzentratu nahi du. Zentzu honetan, adierazgarria da proiektuaren inguruan erabiltzen den hiztegia, coaching neoliberalarekin arrunt bat egiten duena.
Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea deitu denak lurralde elkargoa mobilizazio herrikoiari lotu nahi badio ere, errealitatea beste bat da: krisi ekonomikoak Frantziako Estatuaren mugak azaleratzen ditu, eta horietatik bat da lurralde periferikoen kontrola. Hortaz, bere egitura instituzionala egokitzea beharrezkoa du, dominazioa mantendu ahal izateko.
Bestalde, lurraldearen batasuna irudikatu nahiz kolore guztietako politikari profesionalen aliantzaren bidez, euskal langileriaren autodeterminazio eskubidea ukatzen dutenen aurpegi zuriketa besterik ez da lortzen, eta baita autodeterminazioaren aldeko borroka balio emantzipatzaileekin lotu zuten baldintza kultural eta politikoen desagerraraztea ere. Euskararen egoerari so eginez, Euskal Hirigune Elkargoak ez du Frantziako Estatuaren indar harremanean urrats bat suposatu, eta euskalgintzaren finantzamenduan argi agertzen da hori. 2017tik EEPren aurrekontua ez igotzeak gero eta diru gutiago lortzen dela erran nahi du errealki. EKEren kasuan ere konstatazioa bera da. Gainera, kantitateak mantentzea lortu baldin bada euskalgintzaren mobilizazioari esker izan da soilik.
Komunistontzat, autodeterminazioa oinarrizko eskubide demokratikoa da eta Euskal Estatu Sozialistaren bidez gauzatu nahi dugu. Norabide honetan nazioarteko mugimendu komunista berrosatu behar dugu, autodeterminazio eskubidearen berme gisa, orain arte ikusi baitugu indarrak Ipar Euskal Herrira mugatzeak ez duela Frantziako Gobernuari bideratutako eskaerak baino urrunago joateko potentzialik. Azaroaren 29an jardunaldiak eginen ditugu Kanboko Emaitza gaztetxean auzi hauei buruz, eta interesa duen edonor gonbidatzen dugu.
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kidea
Deszentralizazioa eta autodeterminazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu