Ipar Euskal Herriko oihanetan eragina izanen du E-cho proiektuak. Lacqeko (Okzitania) industrialdean hiru fabrika erraldoi muntatu nahi dituzte; zehazki, Pardies herrian. Bata, BioTJet: oihanetan hartu zuhaitzen biomasarekin kerosenoa ekoizteko. Beste bat, HyLacq, hidrogenoa egiteko. Eta bestea, e-Mlacq, metanola ekoizteko. BioTJet fabrikako jarduerak luke ondoriorik zuzenena Ipar Euskal Herriko —eta inguruko— oihanetan: arbolak moztu nahi dituzte hegazkinetako biokerosenoa ekoizteko. «Funtsean, oihanak suntsituko dituzte hegazkinak hegalarazteko. Absurdoa da», laburbildu du xedearen kontra mobilizatua den CADE elkarteko Philippe Saint-Arromanek.
Apirilaren 25ean, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen Carb Aero saria irabazi zuela E-cho proiektuak. Gisa bereko beste hiru proiektu sariztatu ditu; lauren artean 100 milioi euro banatu dituzte, gauzapenerako ingeniari ikerketak finantzatzeko. Ez dute zehaztu proiektu bakoitzak zenbateko saria ukanen duen. Izan ere, Frantziako Gobernuak sostengatzen du E-cho proiektua, Europako Batzordearen galde bati erantzuten baitio. «Baina ez da ahantzi behar proiektua start-up enpresa batek eramaten duela: Elyse Energyk. Finantzaren munduko jendea da horren gibelean, Frantziako Gobernuaren babesarekin ari dena», zehaztu du Saint-Arromanek. Hala, CADEko kideak uste du «logika ekonomiko» batekin gauzatuko dutela xedea. «Dena baldintzatzen du horrek, proiektua sosa irabazteko pentsatua baita».
Izan ere, proiektu horren gibelean diren akziodun nagusiak Avril, Axens, IFP Investissements et Bionext dira. Avril taldeko zuzendari nagusia Arnaud Rousseau da; hots, FDSEA Frantziako laborari sindikatu nagusiko burua. Gobernuaren arabera E-cho proiektuak urtean 500 milioi euroren etekinak aterako lituzke.
Ondorio kezkagarriak
CADEk xeheki aztertu du proiektuaren eragin ekologikoa. Haren erranetan, E-choren bidez, 87.000 tona biokeroseno ekoitzi nahi dituzte, eta naturan lukeen eragina nabarmena izanen da. Indar elektriko handia beharko dute horretarako: 400 megawattekoa. Gainera, Paueko (Biarno) uhaitza ibaian %56 emendatuko dituzte ur hartzeak. Halaber, biomasatik 500.000 tona kenduko dituzte, gehiena oihanetatik hartuz. Lacqetik 400 kilometroko perimetro batean diren oihanetatik hartzen ahalko dute biomasa. Ipar Euskal Herriko oihanen %70 pribatuak dira, eta horrek erraztuko du biomasaren ustiapena. «Oihan publikoetako araudia zorrotzagoa da, baina jabe pribatuei arazorik gabe erosten ahalko dizkiete oihanak», deitoratu du Saint-Arromanek.
Oihanetako zuhaitzak mozteak «karbono bilan neutroa» du Europako araudien arabera, CADEko kideak esplikatu duenez. «Ikaragarriko ebasketa bat da, baina kontsideratzen dute zuhaitzak berriz pusatzen direla», salatu du. «Gainera, gezurra da, eta gero eta gezur handiagoa da klima aldaketaren ondorioz. Izan ere, arbolen eritasunengatik ez dira baitezpada berriz pusatzen». Saint-Arromanek zehaztu du zuhaitzak mozten diren maneraren arabera berriz pusatzea ezinezkoa izaten ahal dela eta horrek are eragin handiagoa izan dezakeela. «Motzondotik kenduz, oihaneko karbono erreserbak mende bat har dezake berriz osatzeko». Funtsean, gisa horretan ekoizten diren erregaiek erregai fosilek baino karbono bilan handiagoa dutela erran du militante ekologistak. «Biokerosenoa gezur hutsa da; alternatiba faltsua da. Gainera, horrekin guztiarekin ez lirateke helduko Frantziako hegazkin konpainiek erabiltzen duten biokerosenoaren %1,5 ekoiztera ere».
«Biokerosenoa gezur hutsa da. Gainera, horrekin guztiarekin, ez lirateke helduko Frantziako hegazkin konpainiek erabiltzen duten biokerosenoaren %1,5 ekoiztera ere»
PHILIPPE SAINT-ARROMANCADE elkarteko kidea
Gainera, biokerosenoa keroseno fosila baino karioago izanen da hegazkin konpainientzat, «sei edo zazpi aldiz karioago», Saint-Arromanen arabera. Baina, esplikatu duenez, hori ez da arazo bat konpainientzat, araberako diru laguntzak jasoko dituztelako, araudiak behartuko dituelako gero eta biokeroseno gehiago erabiltzera. «2030erako %6 izan beharko da, eta 2050erako, %70». Alta, Saint-Arromanek erran du biomasatik eratorritako biokerosenoak ez duela sekula eskala handian funtzionatu, laborategietako esperimentuetan baizik. Total multinazionaleko zuzendari nagusi Patrick Pouyannek berak Frantziako Senatuko komisio batean erran zuen momentuz «kontzeptu» bat dela bioerregaia.
Oposizio azkarra
Ingurumena hondatuko lukeen proiektu horren kontra mobilizatu dira hainbat elkarte. Ipar Euskal Herrikoak dira horietarik andana bat, eta hainbat mobilizazio eta bilkura publiko eginak dituzte jadanik, herritarrei E-cho proiektuari buruzko informazioak helarazteko. Oihanak Denen Ondasun taldeko kide Maika Etxekopar zuberotarrak argi du egitasmoa «katastrofe bat» dela inguruko oihanendako. «Indignazio handi bat bada proiektu horren kontra. Zuhainak moztuko dituzte hegaldientzat, jakinez horien %70 aisialdiarendako direla. Eta egurrarekin egina izateak ez du berdatuko erregai hori», gaitzetsi du.
Hainbat bilkura publiko egin dituzte proiektuaren eramaileek, eta, herritarren eta elkarte ekologisten kexuari erantzuteko, zehaztu dute oihan gutxiago ustiatzeko «hondakin berdeak» ere baliatuko dituztela. Elkarte ekologistentzat, ordea, «absurdoa» da argudio hori. «Lehenik, hondakin horiek zailak dira berreskuratzeko, eta berreskuratzen direnak jadanik birziklatuak dira», azaldu du Saint-Arromanek. «Bestalde, bigarren mailako biomasa erabiliko dutela diote: oliba hezurrak, hur kuskuak... Erridikulua da; txiste bat dela iduri du».
«Indignazio handi bat bada proiektu horren kontra. Oihanak moztuko dituzte hegaldientzat, jakinez horien %70 aisialdiarendako direla. Eta egurrarekin egina izateak ez du berdatuko erregai hori»
MAIKA ETXEKOPAROihanak Denen Ondasun taldeko kidea
Etxekoparrek, halaber, deitoratu du «logika kapitalistarekin» ari direla Elyse Energy eta gisa horretako enpresak. «Haiek ari dira beren kalkuluak egiten ikusteko araudietan nola sartu. Etengabe ari dira beren datuak aldatzen. Ustez berdatzen duen proiektu hori katastrofe hutsa da: etsaiak berdez jantziak dira, baina haien helburua dirua da».
Apirilaren 16an, Miarritzeko aireportu aitzinean ekintza bat egin zuten CADEko kideek, eta proiektua «debaldekoa eta suntsitzailea» dela salatu zuten. Argudiatu zuten aterabide «bakarra» hegazkin trafikoa murriztea dela; bereziki, jet pribatuena. Tokian tokiko oposizioa saretu behar dela iritzi diote Saint-Arromanek eta Etxekoparrek, eta horretarako hautetsien sostengua behar dela. Ipar Euskal Herrian, erraterako, lortu dute Euskal Hirigune Elkargoak E-cho proiektuaren kontrako mozio bat har dezan. Martxoaren 29ko kontseiluan bozkatu zuten: 146 hautetsik babestu zuten mozioa, hamaseik kontra egin zuten, eta 47 abstenitu ziren. Orduko kontseiluan, elkargoko Trantsizio Energetikorako lehendakariorde Martine Bisautak erran zuenez, «gisa horretako proiektuek ez dute lekurik XXI. mendean».
Biarno aldeko hautetsiek, ordea, ez dute halako posiziorik hartu —Billereseko herriko kontseiluak salbu—. Maika Etxekoparren arabera, «Lacqek bortizki pairatu du desindustrializazioa», eta enpleguaren ikuspegitik begiratzen diote proiektuari. Izan ere, proiektu horrekin 650 enplegu zuzen eta bitartekoen bidezko berrehun enplegu sortzea aurreikusten du Elyse Energyk. Enplegua sortuko dela erratea argumentu «faltsu bat» dela dio hark ere.
2028rako aurreikusten dute E-cho proiektua martxan jartzea. Bi militante ekologistek, ordea, argi dute beharrezkoa dela oztopatzea, «oihanak babesteko». Hala, galdetu dute bertan behera utz dezaten, eta uste dute hegaldi kopurua apaltzea dela «deskarbonizatzeko» aterabide bakarra. «Iraultza kultural bat beharko da jendea geldi dadin munduko beste puntara bakantzetara joaten. Hala egiten dute, baina beren etxe azpiko oihanera ez dira sekula izanak», deitoratu du Saint-Arromanek.
Etxekoparrek argi du biomasa gero eta ustiatuagoa izanen dela, eta «urre berde berria» hori dela. «Orain, oihanak dituzte begi bistan, eta gisa horretako gero eta proiektu gehiago izanen dira», abisatu du.
Ekainaren 14an, manifestazio bat eginen dute Pauen proiektua salatzeko. Hautetsiak mobilizatzeko desmartxak egin behar direla uste du Etxekoparrek, eta hautetsiei gutun bat idaztera akuilatu ditu herritarrak. Oihan jabeei ere dei egin die, haiekin harremanetan sartzeko foretbiencommun@gmail.com helbidera idatziz.
«Ez dut sinesten industrialarien kontzientzia hartzean»

Miarritzeko aireportuko zuzendari ohia da Didier Riche (Arras, Frantzia, 1959). Laborari semea da, «neurriz kontsumitzera» usatua. Hamasei urtez egon da aireportuko zuzendari, eta 2021ean hartu zuen erretreta. E-cho proiektuaren kontra CADE elkarteak Miarritzeko aireportuan apirilaren 16an antolatu zuen protestan parte hartu zuen. Bost urte dira hegazkina gehiago hartuko ez zuela erabaki zuenetik. Richerendako, klima larrialdiaren aitzinean, «urgentea da ez zernahi egitea».
Sinisten ote duzu hegazkingintzaren trantsizio ekologikoan?
Nola ulertzen dugun trantsizio ekologikoa, horren araberakoa da. Trantsizio ekologikoa baldin bada urtero trafikoa %2 edo %3 handitzea, 2050erako trafikoa bikoiztuz —hala aurreikusten du IATAk—, ez da horretan sinesteko aukera bakar bat ere. Baina trantsizio ekologikoaren dimentsio guziak integratzen badira, hau da: soiltasuna, trafikoaren murrizketa, teknologia berriak, agintariek planifikatutako murrizketa programatu bat, eta gehitzen badira bioerregaiak... Baldintza horietan, bai. Afera da gaur egun ez dutela batere horrela pentsatzen. 2050erako nahi dute baliatzen den erregaiaren %75 bioerregaia izatea, baina muzin egiten diote horrek dakarren guztiari. Zentzugabea da.
Bioerregaia ekoitzi nahi dute E-cho proiektuaren bidez, baina elkarte ekologisten kezka da ez dutela nahiko kantitate izanen, eta gero eta ustiapen gehiago beharko dela. Hala da?
Egun, E-cho proiektuaren bidez ez lirateke iritsiko erregaiaren %1 ekoiztera. Nolanahi ere, jakin behar da egun zirkulazioan diren hegazkinetan teknikoki ezin dela %50 baino gehiago izan bioerregaia. Nagusiki bioerregaiekin funtzionatuko duten hegazkinak egiteko, hogei bat urte beharko dira. Horregatik, zinez urgentea da ez zernahi egitea.
Miarritzeko aireportuko zuzendari izan zinen, eta CADEn protestan parte hartu zenuen. Ez da ekintza hutsala. Erabaki naturala izan da?
Pixka bat pentsatu dut, baina ez luzaz. Kezkatzen ahal ninduen jendeak pentsatuko zuenak: «Begira tipo hori, aireportua garatu du eta orain protestan da kanpoaldean». Baina zer garrantzi du? Haurrak baditut, haur ttipiak ere bai. Zer-nolako planeta utziko diegu ondoko belaunaldiei? Gainera, pentsatzen dut ene lanbide ohiaren ondorioz hor inplikatzeak izaten ahal duela bestelako eragin bat. Hori guztiz asumitzen dut.
Jadanik, aireportuko zuzendari zinelarik, ezohiko erabakiak hartu zenituen.
Bai. Uste dut egun Miarritzeko aireportua oraino bakarrenetakoa dela ACA Aireportuen Karbono Akreditazioa ez baliatzen. Zuriketa berde erabatekoa da.
Zer egin beharko litzateke, zure ustez?
Turismorako hegaldiak biziki garatu dira azken berrogei urteetan, trafikoaren hiru laurden izateraino. Erregulaziorik ez badago, gelditzeko aukera gutxi ditu sistema horrek. Erregulazio hori, gainera, teknikoa izan daiteke; arazoak izan daitezke, besteak beste, erregaia atzemateko. Badira urte batzuk hegazkin konpainiek kasu egiten diotela beren kontsumoari, baina kasu, ez da tronpatu behar: ez da arrazoi ekologikoengatik, arrazoi ekonomikoengatik baizik. Ez dut uste bakarrik politikarien eta administrazioen eraginez zerbait aldatuko denik. Alde demokratikoa funtsezkoa da, zeren, bestela, zigor bat bezala hartua izanen baita, eta hori ez da eraginkorra. Baina lehentasunak markatu behar dira, nahitaez.
Nola?
Biomasa zertarako erabiltzen dugun erabakiz. Zenbatekoa da hegazkina hartzen duen herritarren ehunekoa? Gutxiengo bat da, eta gutxiengo horretako gehienak dirudunak dira. Baina bioerregaia egiteko biomasa behar baldin badugu, beharbada pentsatu behar dugu biomasa zertarako erabili nahi dugun lehentasunez. Elikadura segurtatzeko? Tokian tokiko garraiorako? Berokuntzarako? Ala aisialdirako bidaiatzen duen minoritate batera bideratu nahi dugu? Ez dut sinisten industrialarien kontzientzia hartzean, eta are gutxiago haien ekintzetan. Duela 50 urte jotzen diren alarma guziek ez dute gauza handirik aldatu.
Bioerregaia iruzur bat da?
Ez, ez dut halakorik erran. Hegazkingintzak eta bioerregaiek geroa badute, baina pentsatu behar da zein diren lehentasunak. Hegazkingintzaren geroa ezin du bakarrik hegazkingintzak eta bere inguruko mundu ekonomikoak bideratu.