Frantziako Asanblean egin zuten iragarpena. GALen jardunaren eta hari bide eman zion testuinguruaren inguruko txosten bat osatuko du Louis Joinet institutuak, eta hura bide luzeago baten hasiera izatea dute xede. Egiaren batzorde baten sorrera eta biktimen erreparazioa helburu izango dituen bide baten hasiera. Azken hamarkadetan gatazka osteko testuinguruetan sarri erabili izan den tresna bat da egiaren batzordea, eta euskal gatazkaren nondik norakoak argitzeko halako bat ezartzearen ideia ere ez da berria. Zer da, baina, egiaren batzorde bat? Eta nola lagundu dezake euskal gatazkaren ondorioen kudeaketaren egitura muntatzen?
NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariak horien definizio orokor bat egiten du: «Ofizialki baimendutako ikerketarako organoak dira, aldi baterako izaera ez-judizialekoak, denbora erlatiboki motza dutenak deklarazioak hartzeko, ikerketak eta azterketak egiteko, eta audientzia publikoak egiteko, txosten bat osatu eta lana amaitu aurretik».
Uganda, Argentina, Txile, Alemania, Hegoafrika, Uruguai, Kolonbia... Egiaren dozenaka batzorde jarri dira martxan 1974tik gaur arte, eta, aipatutako definizio orokor horren adierazle, horien askotariko molde eta funtzionamenduak. Esaterako, Argentinako txostenerako diktadurako desagertze behartuak izan zituzten oinarrian. Kolonbiakoak, berriz, gai ugari bildu ditu beste horrenbeste liburuxkatan: giza eskubideen urraketak, emakumeen eta LGTBI pertsonen esperientziak, erbestea, adingabeen egoera, herri indigenen kontrako indarkeria...
«Herrialde bakoitzean ahal dutena egiten dute, dituzten baliabide, arrisku eta inplikazioekin. Egiaren batzordeak ez dira panazea, baina aurrera egiteko aukera ematen dute», azaldu du KREI Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari Gema Varonak, eta argudiatu horiek «puzzle konplexu baten» barruko pieza bat direla. Egia azaleratzeko xedea duen pieza bat: «Egia narratibo batetik egia eraldatzaile batera mugitu gaitezke, adiskidetze ortzi-muga batera iristeko».
Egiaren batzordeek ez dute epaitegiek eskaintzen duten egia judiziala ematen, egia administratibo bat baizik. Hau da, zigor bat ezartzera jo beharrean, instituzioen bermea duen aitortza bat dute xede. Horra iristeko, baina, aurrez egia sozial bat ere behar dela uste du Eneko Calle Bakea eta Duintasuna gobernuz kanpoko erakundeko presidente eta Foro Sozial Iraunkorreko kide izanak, eta adierazi du «korapiloa askatzeko» lehen oinarrietako bat dela gatazka armatu bat egon dela aitortzea bera. Haren esanetan, Euskal Herrian ez da hala egin oraindik: «Ez dago aitortua gatazka armatu bat egon dela, ez da bake prozesu formal bat egon estatuaren eta talde armatu baten artean, eta horrek zaildu egiten du prozesua».
Hain zuzen, 2018an jada, egiaren batzordearen gaia mahai gainean jarri zuen Foro Sozial Iraunkorrak, eta Euskal Herrian halako baten oinarriak ezartzeko «eztabaida soziala sustatzea» aipatu zuen V. Foro Sozialeko proposamenen artean. Callek gogoratu duenez, baina, ez zen argi ikusten horretarako baldintzarik ba ote zegoen, nahiz eta ordurako ETA indarkeria utzita, armak entregatuta eta deseginda zegoen.
Halere, uste du iritsiko dela horretarako garaia. Calle Kolonbian dago orain, eta herrialde hartako prozesua jarri du adibide gisa: «2010ean hasi zen FARCekiko bake prozesua, lehen kontaktuekin, eta negoziazioa 2012an hasi zen. Lau urteren ostean sinatu zen bake akordioa, 2016an». Egiaren batzordea, berriz, 2017tik 2022ra bitarte aritu zen lanean.
«Euskal Herrian ez dago aitortua gatazka armatu bat egon dela, eta horrek zaildu egiten du prozesua»
ENEKO CALLEÂ Bakea eta Duintasuna-ko presidentea
Eta adibide berari eutsita, gizarte zibiletik ateratako bi mugimendu aurkeztu ditu: Nunca Mas biktimen mugimendua eta Ruta Pacifica de Mujeres egitasmoa. Biak ere 1990eko hamarkadan jarri ziren martxan. Lehenak, eragile ugariren elkarlanetik abiatuta, 41.000 biktimaren baino gehiagoren inguruko dokumentazioa bildu du. Bigarrena, berriz, gatazkaren amaiera negoziatu bat sustatzeko eta «gerrak emakumeen bizitza eta gorputzetan izandako ondorioak agerian jartzeko» sortu zen. Bata zein bestea garrantzitsuak izan ziren herrialde hartako egiaren batzordea eratzeko.
Hala, Euskal Herrian ere «sormena» erabiltzera dei egin du Callek, iraganean egin den moduan. «Euskal gatazkaren konponbidea herri mugimenduetatik eta euskal jendartetik etorri zen, eta ez negoziazio klasiko batetik. Bide berriak asmatu ziren. Beraz, egiaren batzordearen inguruan ere euskal jendarteak badu zeresana», nabarmendu du. Eta, zergatik ez, orduan egin bezala, oraingoan ere nazioartera jo daitekeela gehitu du; ETAren armagabetzera bidean Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak izandako rola gogoratu du. «Uste dut baldintzak sortuko direla egiaren batzorde bat sortzeko».
Biktimak, zentroan
Halere, Callek eta Varonak uste dute jada badirela egiaren batzorde baten lana egiten ari diren erakundeak Euskal Herrian, mugak baldin badituzte ere: Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazio batzordeak aipatu dituzte biek. Horiek estatuaren eta eskuin muturreko taldeen 300 biktima inguru aitortu dituzte azken urteetan, eta ehunka eskaera dituzte ebazpen baten esperoan.
Gainera, badira antzekotasunak adituek egiaren batzordeen sorreretan eta ibilbideetan topatu dituzten zailtasunen eta Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak mahai gainean jarritakoen artean ere. Horietako bi dira epeei dagozkionak: zein denbora tarteri dagozkion urraketak jorratuko diren, eta batzordeak zein epe izango dituen lanerako. Azken horri lotuta, Varonak adierazi du sarri ez direla epe berdinak biktimek behar dituztenak eta justiziak edo administrazioak eskaintzen dituztenak, eta horregatik ezinbestekotzat jo du «konfiantza» eratzea beste ezeren aurretik: «Gizartearen betebeharra da ahalik eta biktima gehienengana iristea, eta gizartearen betebehar bat da biktimen egiarako eskubidea ere».
Hain zuzen, egiaren batzorde baten oinarria dira biktimak, eta horien eskubideak: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea. «Erdigunean egon behar dira», esan du Varonak. «Haiengandik jaiotzen den proposamen bat izan behar du», gehitu du Callek. Hartara, biek defendatu dute biktimek esku hartze zuzena izan behar dutela halako tresnen diseinuan, eta bermatu behar dela bidean haien birbiktimizazioa ekiditea.
Varonaren esanetan, Hego Euskal Herrian martxan diren balorazio batzordeetan betetzen da «entzunaldi enpatiko» hori. Halere, uste du egiaren batzordeetan badela beste ezaugarri bat: audientzia publikoak egitea. KREIko zuzendariak adierazi du lekukotzak gizarteratzea bermatzeko tresna bat dela hori, eta are balio handiagoa ematen diela entzute prozesuei: «Biktimen artean ideia bat errepikatzen da: eurei gertatutakoa ez errepikatzeko nahia, inpaktu bat eragiteko nahia».
Hain zuzen, horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak azken urteetan adierazi duen kezka nagusietako batekin: haien lana ez dela behar bezala zabaltzen. «Biktima horien errealitateak ezkutuan jarraitzen du, eta azaleratzeko zailtasun handiak ditu», txarretsi zuten azken txostenean, eta eskatu horiek banatu daitezela erakunde eta eragile politiko, sozial, sindikal, hezitzaile eta abarren artean.
Eta gero, zer?
Dokumentu berean, hala adierazi zuen balorazio batzordeak: «‘Ez errepikatzeko bermeen’ esanahiak berak neurri espezifikoak hartzea dakar (neurri legalak, judizialak, instituzionalak, eta giza eskubideak sustatu eta giza eskubideetan heztekoak), neurriok lagundu egin behar baitute etorkizunean giza eskubideen urraketarik izan ez dadin, kultura demokratikoa indartze aldera».
«Biktimen artean ideia bat errepikatzen da: eurei gertatutakoa ez errepikatzeko nahia, inpaktu bat eragiteko nahia»
GEMA VARONAÂ KREIko zuzendaria
Eta eskaera horrek bat egiten du Varonak egiaren batzorde baten osteko aroari erreparatzean egindako galderekin: «Zertarako geratuko da txostena? Zer jarraipen izango du? Auzi indibidualetatik haratago, egiturazko aldaketarik eragingo du?».
Izan ere, egiaren batzordeek txosten batekin amaitzen dute euren lana, eta hor, egindako azterketaz gain, gomendio sorta bat ere jasotzen dute, urraketei bide eman dieten ezaugarriak aldatzeko eginak. Varonak gogoratu du horiek egoera sozialaren araberakoak izaten direla: «Gizarteak polarizatuta daudenean, batez ere, gatazka armatuetatik atera berri direnean, batzordeek begirada mugatuagoa izaten dute, ez direlako ausartzen». Kontrara, baldintza sozial horiek aldatu eta bidea erraztu ahala, haratago jo daiteke, eta proposamen zehatzagoak ere egin ditzakete: «Esplizituagoak dira, sistema polizial edo exekutiboari erreparatuz».
Era berean, behin egia administratibo hori eskuratuta, baliteke neurri gehiago ere iristea; esaterako, justizia trantsizionaleko beste tresna batzuk martxan jartzeko. Bide horretan, hala adierazi zuen Amnesty Internationalek, 1974tik 2010era bitarteko egiaren batzordeen gaineko ikerketa batean: «Egiarako eta adiskidetzerako batzorde batek funtzio garrantzitsu bat izan dezake justizia eta kontu errendizioa bermatzeko».
Bada denboran gertuago dagoen adibiderik ere. Callek Kolonbian martxan jarritako Bakerako Jurisdikzio Berezia aipatu du. Justizia trantsizionala oinarri hartuta, FARCeko, estatuaren segurtasun indarretako eta gatazkan parte hartu zuten bestelako kideak ikertu eta epaitzeko eskumena du.
Halakoek, baina, askotariko iritziak eragin izan dituzte. Batetik, krimenak argitzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeelako. Bestetik, amnistiak edo immunitateak ezartzeko gaitasuna izan dezaketelako. Hain zuzen, Amnesty Internationalen ikerketaren arabera, zenbait egiaren batzordek euren eskumenen artean izan dute aitortzen, barkamenen edota ikerketetan laguntzearen truke zigorrak murriztea, eta halakoek «atsekabea» eragin dezakete, Varonaren esanetan. Horregatik, azpimarra egin du berriz ere biktimekin izan beharreko hartu-emanean: «Agian ez ditu denak aseko, baina esan behar zaie zein diren mugak».