EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzatuta, manifestu bat izenpetu dute Ipar Euskal Herriko 115 osasun langilek osasungintza euskaldundu dadila eskatzeko. Euskal Herriko osasun zentro guziei ahozko zein idatzizko komunikazioan «lehentasunez euskaraz» aritzeko eskatu diete. Halaber, erran dute «kalitatezko osasungintza publikoa» beharrezkoa dela. Arlo anitzetako osasun langileek babestu dute eskaera, dela mediku, erizain edo psikologo, dela osteopata, ortofonista edo farmazialari. Dei egin diete eskaerarekin bat egiten duten beste langileei ere desmartxara batzeko.
EHEren eta osasun langileen iritziz, honako hau da egoera gaur egun: Euskal Herriko osasun zentro gehienetan, euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatua da; hots, herritarren osasun ona helburu omen duten guneetan, euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatuak dira. «Kasu hoberenetan, osasun zentro batzuetan, euskara ahozkoan eta idatzian pixka bat erabiltzen da, gehienetan bigarren mailako hizkuntza gisa tratatuz, eta, kasu txarrenetan, ez da kasik batere erabiltzen», deitoratu dute.
Beharrezkotzat jo dute osasun zentro guzietan euskarari bultzada ematea, euskararen osasun egoera ez ezik, euskaldunen osasuna ere zaintzeko. «Kalitatezko arreta eta arta bermatzeko, hizkuntzak garrantzi handia du, pazienteek eta osasungintzako profesionalek ongi elkar ulertzeko», esplikatu dute. Baieztatu dute arreta eta arta euskaraz eskuratu nahi dutenen eskubidea bermatzea «terapeutikoa» dela.
Funtsean, bi jauzi egiteko eskatu diete Euskal Herriko osasun zentroei: lehenik euskaraz aritzea eta gehienik euskaraz aritzea, «eri direnek arreta eta arta euskaraz eskuratu nahi dutela adierazi behar izan gabe». Horrek ezinbestean profesionalen prestakuntzan eragitea dakar: «Arreta eta arta hoberena eskaintzeko, medikuntzan jakitate eta esperientziarik onenak ukaiteaz gain, euskaraz jakin behar dute».
Pribilegioa erdaldunek
EHEk bultzatuta manifestua izenpetu duten osasun langileek berretsi dute euskara dela Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza. «Oinarrizko eskubidetzat» dute pazienteek arreta eta arta euskaraz eskuratzea. «Horregatik ere, arreta eta arta euskaraz ematea osasungintzako profesionalen eskubidea da eta eskaintzea osasun zentroen betebeharra».
Alde horretatik, erran dute gaur egun paziente erdaldunak pribilegioz tratatuak direla. «Euskal Herriko osasun zentroetan arreta eta arta frantsesez edo gazteleraz eskuratu nahi dituzten pazienteak pribilegiatuak dira, hizkuntza horietan eskura ditzaketelako, euskaldunek gehienetan euskaraz eskura ez ditzakegularik».
Osasungintza publikoa
Azkenik, kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko aldarria ere egin dute Ipar Euskal Herriko 115 osasun langileek. «Herritar guziek arreta eta arta hoberenak ukaiteko eskubidea izatea, lehentasunez euskaraz arituko diren osasun zentroetan. Horretarako, osasungintza publikoan inbertsio askoz handiagoak egin behar dira, eta osasungintzako profesionalen lan baldintzak hobetu behar dira».