Fermin Muguruza: «EHZ existitze hutsa ospatzekoa da»

Fermin Muguruzak harreman luzea du EHZ festibalarekin: 1999an jo zuen han lehen aldiz, eta, geroztik, bere proiektuak aurkeztu izan ditu jaialdian. Arberatzen izanen da bihar gauean, berrogei urteko ibilbidea ospatzeko biraren karietara.

Fermin Muguruza, iazko abenduan, Bilbon emandako kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fermin Muguruza, iazko abenduan, Bilbon emandako kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EHZ festibala gaur hasiko da, Arberatze-Zilhekoan, eta hiru egunekoa izanen da. Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963) izanen da oholtzan bihar, 22:00etan: azken momentuko sorpresa izan da, EHZk ekainaren 14an iragarri baitzuen musikaria etorriko zela. Berrogei urteko ibilbidearen karietara nazioarteko bira egiten ari da, eta pentsaezina zitzaion EHZn ez aritzea. Ekainaren 14an Donostiako Anoeta futbol zelaia bete zuen, eta halako eszena handietan jotzea garrantzitsua bazaio ere, alternatiboak defendatzen segitu nahi du. 1999an jo zuen lehen aldiz Euskal Herria Zuzenean festibalean, eta bihar zortzigarrenez izanen da. Hasieratik izan du harreman hertsia sortzaile eta antolatzaileekin.

Ezin omen duzu bira bat egin EHZn jo gabe... 

Hala da; azkeneko bira guztietan hor izan naiz. Bira honetan bageneukan erronka handi bat: Anoeta futbol zelaia betetzea. Lortu dugu, baina behin erronka hori lortuta, beste zenbait kontzertu iragarri ditugu. Urriaren 4an bukatuko dugu bira, Iruñean, eta ordurako ere sarrera guztiak salduta daude. Nolanahi ere, EHZ festibalarekin dudan harremana ez da bakarrik zazpi aldiz jo izan dudalako han: festibal horren bultzatzaileetako bat izan naiz hasieratik; 1990eko hamarkadan Hendaian ibiltzen nintzen Piztu elkartekoekin, eta ohartu ginen bazegoela halako festibal baten beharra Euskal Herrian. Jada antolatzen ziren Gazte Topaguneak eta halakoak, baina guk beste ideia bat geneukan; alegia, musika festibal bat osatzea, hiru egunekoa, beste osagai batzuekin, babeslerik gabekoa, globalizazioari aurre egiteko. Garai hartatik dator EHZ festibalak ordezkatzen duen guztia. Esan Ozenki diskoetxea zuzentzen nuen garai hartan, eta gure baliabideak, taldeak, kontaktuak, dena festibalaren esku uzten genuen. 1996an, lehen aldian, Esan Ozenkiko hainbat talde aritu ziren: Etsaiak, Su ta Gar, Joxe Ripiau... 

Laburbildu beharko bazenu, zer da zuretzat EHZ? 

EHZ nire festibala da; defendatzen dudan guztia eta ordezkatzen dudan guztia biltzen du, arlo guztietan: bai ideologiari dagokionez, baita arte sorkuntzaren eta musikaren inguruan dituen balioei dagokienez ere. Izan ere, irekia da, proposamen berriak babesteko prest dago eta euskara erdigunean jartzen du. Nire festibala esaten dudanean, ez diot jabetzaren zentzuan, noski, baizik eta alderantziz: babestu ditudan borroken festibala da.

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Fermin Muguruza eta New Orleans Orchestra, 2016ko EHZ festibalean, Lekornen. BOB EDME
Gelditzen den no logo festibal bakarrenetakoa da. Zer garrantzi dute halako lekuek? 

Sekulakoa, ezinbestekoa. Musikaren industria gero eta itxiagoa da, gero eta ilunagoa. EHZ existitze hutsa ospatzekoa da; babestu egin behar dugu eta bultzatzen saiatu. Horrelako festibal bat egiteko sekulako zailtasunak daude, ez baitago halakoen zirkuiturik. Babestu egin behar dugu, eta munduari erakutsi Euskal Herrian daukagun festibal hau. 

Erran duzu harreman luzea duzula. Oroitzapenen bat ekarri nahi duzu gogora? 

Nabarmenduko nuke gauza berriak egin eta esploratu ditugula. 2009an Manu Chaorekin egon nintzen jotzen, baita Palestinatik etorritako Safaa Arrapiyat rap kantariarekin ere; saiatu ginen urte hartan zinema gune bat jartzen: frontoi batean kutxa beltz bat ipini eta pelikula batzuk proiektatu. Gune horrek gero ez zuen segidarik izan, baina tematia naiz, eta uste dut saiatu beharko genukeela halako zerbait bultzatzen. Zinemak sekulako garrantzia dauka, eta polita izango litzateke asmo horri jarraitzea. Toots and the Maytals taldeak jo zuen urtea ere gogoan dut; nire erreferente nagusienetako bat da, eta oso polita izan zen. Baina gauza bakarra nabarmentzekotan, oroitaraziko nuke nire anaia Iñigok ere bazeukala harremana EHZrekin. Maite zuen festibala. Joxe Ripiaurekin han jo zuen, eta bere beste proiektu batzuekin ere bai. Badago Iñigo jendearen artean jotzen ari zeneko argazki zoragarri bat. Iñigoren irribarreak hor jarraitzen du festibalean. Larunbat honetan haren presentzia sumatuko dugu, dudarik gabe: fisikoki ez bada ere, gurekin egongo da. 

«Neurtu behar da, baina momentu batean baldin badaukazu futbol zelai bat betetzeko ahalmena, uste dut horri heldu egin behar zaiola, betiere, niri dagokidanez, ahaztu gabe nondik natorren, eta, hain zuzen, eszena alternatibo horiek ere zaintzen eta mimatzen»

Zer izanen du berezi biharko kontzertuak? 

Festibaletan, normalean, taldeek gehienez ordu eta erdi izaten dute jotzeko, baina berrogei urteko ibilbidearen harira, eta salbuespen gisa, bi orduko emanaldia egingo dugu, eta ilusioz nago. Zoragarria da futbol zelai batean aritzea, 30.000 lagunen aitzinean, edo [Bilboko] Miribilla bi aldiz betetzea. Baina nik jarraitu nahi dut horrelako leku txikiak defendatzen, eszena txikiak eta klubak. Horregatik egongo naiz Gasteizko Jimmy Jazzen, Durangoko Plateruenean eta Bilboko Kafe Antzokian. Eta horregatik hasi genuen bira Miarritzeko Atabalen, noiz-eta Iñigoren urtebetetze egunean, abenduaren 17an. Bira honek pixka bat agur zaporea dauka, baina zentzu positiboan ere bai, ospakizun bat ere bada eta. 

Gonbidatu berezirik izango ote duzu? 

Bai, noski! Mari [Lagan] Zetkin taldeko kantaria izango dugu; oso harreman estua egin dugu Zetkinekin bira honetan. Haiek bezperan joko dute EHZn [gaur], eta Mariri eskatu nion gurekin aritzeko larunbatean. Amets Aznarez tronboi jole apartekoa ere gurekin izango da.

Lehen erran duzu eszena txikiak defendatu behar direla. Azkenaldian kritikak izan dira makrokontzertuak direla eta. Zein da oreka? 

Zubiak egin behar dira. Neurtu egin behar da, baina momentu batean baldin badaukazu futbol zelai bat betetzeko ahalmena, uste dut horri heldu egin behar zaiola, betiere, niri dagokidanez, ahaztu gabe nondik natorren, eta, hain zuzen, eszena alternatibo horiek ere zaintzen eta mimatzen. Oreka hori bilatzen saiatzen naiz, baina ezingo nuke toki txikietan bakarrik jo, hori esklusibotasunaren alde egitea litzatekeelako, eta horren kontra nago. Argi daukat, beraz, eta oreka hori bilatzen saiatzen naiz. EHZ bezalako festibal batean egon beharra dut, eta datorren urtean jotzen ez, baina laguntzen eta ahal dudan ekarpenak egiten egongo naiz, bizitza osoan egin dudan bezala. Jende gutxik dakien kontu bat: Galindoren auzia irabaztean, 2001ean, Negu Gorriak taldeak Donostiako Belodromoan jo genuen, baina argi genuen Ipar Euskal Herrian ere jo behar genuela, eta Baionako Laugan aritu ginen. Piztukoak eta EHZko antolatzaileak aritu ziren kontzertu hura antolatzen. Jende gutxik daki hori. Nire ondasuna ere bada, nire ibilbidearen beste isla bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.