Hainbeste pertsona dira mundu honen martxaz kexu, ezintasun sentipenaz gaindituak. Nola egin horren aitzinean osoki izoztua ez egoteko? Ez bazara auzapez, prefet, enpresa potente baten buru, non zenuke erabakitzeko boterea, mundua agian ez, baina zure ingurumen hurbilaren aldatzeko?
Ba omen dugu Euskal Herrian gaitasun bat, ditugun kezka, behar eta asmoei aterabideak gure baitarik atzemateko. Hori beti entzun da, baina fenomenoa egiaztatzen du Julien Milanesi Tolosako (Okzitania) unibertsitateko sozioekonomia ikerlariak, ezintasun politikoaren gaiaren inguruan 7-8 urtez Ipar Euskal Herrian egin ikerlan baten ondotik. Zehazkiago ikertu duena da bertako «ekosistema alternatiboa», 1960ko hamarkadatik loratu den kooperatiba, elkarte, kolektibo andana hori, bereziki ekonomiaren, laborantzaren eta klimaren esparruetan.
Milanesik ohartarazten du euskaldunek ez badituzte ere ekimen horiek baitezpada asmatu (zonbait bai) forma aitzinatuak eta kopuru biziki handian direla lurralde honetan, kasik arlo guztietan presente, Frantzia mailan parerik gabe omen. Salbuespen horri arrazoi hauek ematen dizkio: autoantolatzeko gaitasun berezia, ekintza kolektiboaren kultura (auzolana, bortu amankomunen kudeaketa, betidanik izan diren batasunak), erreferentziatzat dugun Seaskaren eredu historikoa.
Horretarik haratago, uste dut hemen aski zabaldua dena (bestetan ez bezala, hain segur) dela lurraldearekilako harreman berezia. Horretarik badugu ikuspegi bat, batez ere Euskal Herria zer izatea edo bilakatzea nahi ez dugunarena. Lurraldeak duen historiagatik, kulturagatik eta hizkuntzagatik, ekimen hauek eremu horren baitan dira berez pentsatzen.
Elkarteak oro har ezinbestekoak direla gizartea zutik atxikitzeko badakigu, oinarrizko behar anitz betetzen dituztelako hala nola gizartearen, haurren, heziketa herrikoiaren, kirolaren, elikatzearen, kulturaren, ingurumenaren babesaren eta giza eskubideen arloetan. Bizkitartean, lanjerean dira denetan, diru publikoko laguntza murrizketengatik, eta boluntarioen parte hartze ahulagoagatik. Hemen gaindi, Iparralde 2040*** kontsulta handiaren baitan herritarrek adierazi dute dugun elkarte mundu aberatsa eta mobilizazio herritar eta militante dinamikak indartsu atxikitzeko grina. Gainera, elkarteak saretuagoak eta eraginkorragoak dira. Bi etsenplu bakarrik horren erakusteko: Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (EHGP) 400 bat elkarte, lan munduko erakunde eta norbanako biltzen ditu gizarte zibila ordezkatzeko, eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) 240 kultur elkarte batzen eta laguntzen ditu.
Batzuetan etsigarri iduritzen zaigun mundu honen aitzinean, xantza hau badugu: tresnak, ohiturak, gaitasunak, egitasmo amankomun eta zoragarriak baditugu, eta horren guziaren katalizatzeko, besta egiteko zaletasun gaitza. Orduan, kantuak dioen bezala, lepoan hartu ta segi aurrera!