«Poliki-poliki, beharbada, baina garatzen ari da nesken futbola. Nik, behintzat, garatzen ikusi dut hamar urtez», azaldu du Maddi de Paredes JAB Miarritzeko futbol taldeko 24 urteko jokalariak. Azken urteetan, neskak futbolean aritzea «ohiko» bilakatu da, Leiane Minvielle Lapurdiko Izarra taldeko 17 urteko aurrelariaren arabera. Eta Paredesen eta Minvielleren sentipenak bat datoz Ipar Euskal Herriko emakumezkoen futbol taldeen emendatzearekin. Hastapenean hiri handietan baizik ez zen emazte eta neskentzako eskaintzarik, baina herri txikiagoetara hedatzen hasia da pixkanaka.
Baionan, Angelun eta Miarritzen sortu ziren emakumezkoen lehen taldeak, eta egun, Arbonara, Donapaleura, Kanbora eta Uztaritzera ere hedatu da aukera. Zelai handian ari diren zazpi talde dira, hamaikako futbolekoak, eta zelai erdian ari diren beste lau, zortziko futbolekoak. Hala ere, oraindik ez dira aski txapelketa bakarra osatzeko, eta Landetako eta Biarnoko taldeekin lehiatzen dira. Zehaztekoa da, dena den, gizonezkoen txapelketetan ere gauza bera gertatzen dela.
18 urte azpiko nesken artean ere emendatze handia izan da, eta egun hamar bat taldek dituzte nesken taldeak, haur eta nerabeenak.Â
11 urterekin hasi zen De Paredes Angeluko futbol taldean. 2012a zen, eta Angeluko emakumezkoen taldea sortu berria zen. Futbola, orduan, oraino ez zen batere garatua Ipar Euskal Herrian, eta neska bat futbolean hastea ez zen «ohiko gauza», De Paredesen erranetan. Kolegio eta lizeo osoan bizpahiru neska futbolari baizik ez zirela zehaztu du. Txapelketari begira, berriz, nesken talde arras gutxi ziren, eta mutikoen kontra aritu behar izan zuten lehen urteetan. «Bakantzetako futbol ikastaroetan berdin: maiz, parte hartzen zuen neska bakarra nintzen».
De Paredes baino 11 urte geroago hasi zen Minvielle Lapurdiko Izarran Uztaritze eta Kanboren arteko bateratze taldean, 2023an, 14 urte zituela. Ez zuen De Paredesek bizi izan zuena bizi, egoera pixka bat aldatua baitzen ordurako. Izan ere, kolegioan jada anitz neska aritzen ziren futbolean, Minviellek kontatu duenez, eta, preseski, lagunen bidez hasi zen bera futbolean, hamar urteko tarte horretan nesken futbolak egin ibilbidearen seinale. Minviellek hastapenetik ukan du nesken arteko txapelketetan aritzeko aukera, nahiz eta, jokalari eskasiagatik, zelai txikian hasi behar izan zuten, zortziko futbolean.
«Gero eta gehiago entzuten da neskak ttipidanik hasten direla futbolean, normalizatzen ari da, eta horrek markatu nau»
MADDI DE PAREDESÂ Futbolaria
De Paredesek uste du neskak futbolean aritzea arrunta dela gaur egun. Hain zuzen, neskentzako futbol ikastaroak eta txapelketak badira orain, azaldu denez, eta bere taldean ere, JAB klubean, aitzinapausoak ikusi ditu. «Lehen, larunbat arratsetan mutikoak bakarrik jokatzen ziren, eta orain, emazteok ere jokatu nahi izanez gero, elkarrekin mintzatzen gara, eta adostu», esplikatu du. Beren «lekua» badutela eta «entzunak» direla gehitu du. Lanean ere ikusten du alabak futbolera eramaten dituzten guraso gero eta gehiago badirela. «Gero eta gehiago entzuten da neskak ttipidanik hasten direla futbolean, normalizatzen ari da, eta horrek markatu nau».
Profesionalen eragina
Bai De Paredesek bai Minviellek uste dute emakumezkoen futbol profesionalaren eragina izan daitekeela garapen horren arrazoietako bat. Izan ere, emazteen futbol profesionala garatzen ari delakoan dira, eta De Paredesek horren adibide gisa aipatu du Urrezko Baloiaren zeremonian emazteek ere presentzia izatea. Telebistan gehiago agertzeak, neskak futbolean aritzera bultzatzeaz gain, gizonei begira ere «onerako» eragiten duela uste du De Paredesek. Haren iritziz, gizonei gero eta zilegiago iruditzen zaie emazteak futbolean aritzea, besteak beste telebistan ikusten dituztelako jokatzen.
Nolanahi ere, salatu du futbol profesionalean oraindik agerikoa dela gizonezkoen eta emakumezkoen arteko parekidetasun eskasa. Nahiz eta emazteek «geroz eta leku handiagoa hartzen duten», lansarietan eta telebistako presentzian ezberdintasun handiak badirela nabarmendu du. «Emazteak oraino ez dira Canal Plus katean gaueko bederatzietan agertzen», erran du adibide gisa.