Ingeniaria

Iban Lacoste: «Energiaren zirkuitu labur bat egitea da Senpereko eguzki zentralaren xedea»

I-Ener sozietatean lan egiten du Lacostek. 2027rako eguzki zentral bat martxan izanen dute Senperen, lehengo hondakindegiaren lurretan. Gisa bereko beste proiektu batzuk garatu nahi dituzte ondoko urteetan.

Iban Lacoste
Iban Lacoste, Donibane Garazin, abenduan. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia berriztagarrietan aditua da Iban Lacoste ingeniaria (Ilharre, 1994), eta I-Ener sozietateko langilea da 2019tik. Senpereko Zaluagan eginen duten proiektu handiaren nondik norakoak zeintzuk izan diren esplikatu du, eguzki zentral bat egitea baita xedea: Ipar Euskal Herriko mila etxeren urteko kontsumorako bezainbat energia ekoitziko dute bertan 2027tik goiti. Guztira, 2,5 milioi euroko inbestizamendua da, eta herritarrei deitu diete sosa biltzeko kanpainan parte hartzeko.

Hamar urte pasatxo ditu I-Ener sozietateak. Zertan zarete?

2014an sortu zenean, talde bat motibatu zen energia berriztagarrien arloan zerbait sortzeko Euskal Herrian. Gauza anitz egiten ziren laborantza ganberarekin, elikaduraren arloan, baina energia mailan ez zen gauza handirik. Urrunekoa izaten ahal den gai hori nahi zuten hemengo herritarrek berenganatzea. SAS gisa muntatu zuten I-Ener baina kooperatiba baten izpirituan, bazkide bat, bozka bat printzipioarekin. Heldu den urtean, kooperatiba izan nahi genuke ofizialki, SCIC-SAS moduan; hala bozkatu zen iragan ekaineko biltzar nagusian. Garatu ditugun lehen proiektuak fotovoltaikoak dira, hori baita errazena bai inbertsio mailan baita teknikoki ere. 2016an hasi ziren lehen proiektuak ateratzen, eta horiekin batean lehen langilea. Herriko etxeekin egin genituen partaidetza batzuk, eta zentro munizipaletako, eskoletako eta pilotalekuetako teilatuetan ezarri genituen panelak. Urtero hainbat proiektu eraman ditugu, eta orain, 33 ditugu Ipar Euskal Herri osoan. Potentzia globala 1,6 megawattekoa da.

Xede gotor bat duzue Senperen; zer izanen da?

Zentral fotovoltaiko bat egitea. Teilatuetan egiten dugunaren ber sistema izanen da, baina lurrean pausatua, estruktura batzuen gainean, eta horien gainean eguzki panelak ezarriko ditugu. Senperen, toki horretan, hondakindegi bat bazen, eta lurrean badira hondakinak, kutsatua da. Gainetik animaleko estalki bat ezarria dute, eta horren gainetik lurra. Orain belarra pusatzen da, eta tximinia batzuk badira lurretik ateratzen den gasa tratatzeko eta errekuperatzeko. Toki horretan, Bil ta Garbik ezin du deus egin; kudeatu behar du eta mantenua egin behar du. Guk lur horren gainetik ezarriko ditugu panelak; aldiz, ezin ditugu zuzenean lurrean sartu, gasa eskapatuko litzatekeelako. Estruktura batzuk pausatuko ditugu lurrean, biziki pisuak, eta panelak gainetik. Gutxi gorabehera hiru hektarea dira, eta 2,6 megawatt pikoko instalazio fotovoltaikoa izanen da.

Abantzu doblatzen duzue orain arteko ekoizpena.

Bai, eta, gainera, baditugu beste proiektu batzuk plaka fotovoltaikoei lotuta teilatuetan; 2 megawatt egitekoak ditugu, beraz 4 megawatt ukanen ditugu teilatuetan orotara, eta 2,6 megawatt Senpereko Zaluagan. Bil ta Garbik holako beste leku batzuk ere baditu, eta ari gara gisa bereko proiektuak lantzen: Hazparnen, Maule-Sohütan, Behaskanen, Baionan eta Urruñan. Diru altxatze handi bat egiten dugu tokiko herritarrek eta enpresek inbertitu dezaten Zaluagako proiektuan, baita gure hurrengo proiektuetan ere. Informazio guzia zaluaga.eus webgunean eskuragarri da. Eta proiektu horiek guziak Bil ta Garbirekin eta elkargoarekin eramaten ditugu. 

«Bil ta Garbik holako beste leku batzuk ere baditu, eta ari gara gisa bereko proiektuak lantzen: Hazparnen, Maule-Sohütan, Behaskanen, Baionan eta Urruñan»

Noizko espero duzue Senperekoa martxan izatea?

Gauza da primaderan eta udan ezin dugula obrarik egin: halako proiektu bat egiten delarik, ingurumenean ukanen duen eragina neurtzeko ikerketa bat egin behar da. Hor, ekologo batek urteko sasoi bakoitzean aztertzen du bertako fauna eta landaretza zein diren eta zer eragin izanen duen horiengan. Senpereko lurretan, atzeman dituzte txori batzuk habiak egiten dituztenak primaderan eta udan, beraz haiei askorik ez eragiteko ez ditugu obrak eginen sasoi horietan, eta konpentsazio lan batzuk egin beharko ditugu ez kaltetzeko haien ingurumena. Horren ondorioz, obrak irailetik goiti hasiko dira, bospasei hilabetez iraunen dute, eta espero dugu 2027ko urte hasierarako hastea ekoizten.

Panelak jartzetik hasi eta energia ekoitzi arte, nolakoa da prozesua?

Eguzkiari esker, panelek ekoizten dute korronte bat; korronte zuzena deitzen zaio. Gero, ondulatzaileak badira, eta transformatzen dute korronte hori, korronte alternatibo bilaka dadin. Gure etxeetako eta gure sareetako korrontea alternatiboa da, horregatik. Gero, dena konektatzen diogu sareari, eta Enedisek kudeatzen duen sarera bidaltzen dugu.

Energia mailan hiru atal badira: ekoizpena, sarea —Enedisek kudeatzen duena— eta hornitzailea. Ekoizpena I-Enerek egiten du, eta Enargia da hornitzailea; kontsumitzaileei saltzen diete energia berriztagarrien ekoizleei erositako energia. Guk, Senpereko proiektuarekin, zuzenean lan eginen dugu Enargiarekin, eta ideia da energiaren zirkuitu labur bati buruz joatea. Hori gauzatuko dugu lehen aldikotz Senperen; Enargiari salduko diogu zuzenean ekoizten dugun elektrizitatea, eta Enargiak salduko die tokiko herritarrei. I-Ener eta Enargia biak dira herritarren tresnak, eta herritarrek badute haien hitza bi kooperatiba horietan.

Zenbat herritarren kontsumorako proiektua da?

Urtean 3.000 megawatt oren ekoiztuko ditugu; horrek Ipar Euskal Herriko 1.000 etxeren urteko kontsumoa irudikatzen du.

Klima aldaketaren testuinguruan, zer leku dute halako proiektuek?

Trantsizio ekologikoaren parte bat da trantsizio energetikoa, eta ahal bezain bat deskarbonatu behar da energia ekoizpena, energia berriztagarriak erabiliz. Horrek erran nahi du proiektu berriak garatu behar direla energia berriztagarrietan, eta askotariko energia iturriak behar direla: eolikoa, hidraulikoa... Behar da beti ekoizpen mota diferente bat segurtatu, bakoitzak bere aldiak dituelako, eta kontsumoa segurtatzeko denak direlako beharrezkoak.

Bestalde, gure proiekturako logikoa iruditzen zitzaigun beste deusetarako balio ez duten lurrak erabiltzea. Gaur egun ikusten ditugu desbideratze batzuk: proiektu fotovoltaiko batzuk garatzeko laborantza lurrak baliatzea, adibidez. Eta horrek ez du neholako zentzurik. Euskal Herrian arazo handi bat bada lurraren balioarekin eta espekulazioarekin, eta helburua ez da presio gehiago ekartzea energia berriztagarrien proiektu batekin. Ikusten ditugu halakoak Landesetan, adibidez, eta kasu egin behar dugu halakorik ez uztea Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.